Albisteak

Otsailaren 14an izango da Kobaz Koba, eta asteazkenean zabalduko dute zestoarrentzako izen-ematea

Zestoan erroldatutako korrikalariek lehentasuna izango dute. Azaroaren 25etik abenduaren 2ra bitartean eman ahal izango dute izena Zestoako kiroldegian.

2027ko otsailaren 14an jokatuko da Kobaz Koba Trail mendi lasterketa. Antolatzaileek zestoarrei emango diete izena emateko lehen aukera, herritarrik dortsalik gabe gera ez dadin. Haientzako epea asteazkenean zabalduko dute, azaroaren 25ean.

Aurreko urtekoen oso antzeko bi ibilbide izango dituzte aukeran korrikalariek. Zaldei bideak 30 kilometro izango ditu, eta izen-emateak 36 euro balioko du. Artzei bideak, berriz, 15 kilometro izango ditu, eta izena emateak 25 euro balioko du.

Izena emateko, kiroldegira bertaratu, telefonoz deitu edo kiroldegia@zestoa.eus helbidera idatzi ahal izango da. Kiroldegia astelehenetik ostiralera 08:30etik 21:00etara dago zabalik, eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Korrikalariek izen-abizenak, mugikorreko zenbakia, helbide elektronikoa eta NAN zenbakia eman beharko dituzte, eta zein ibilbidetan parte hartu nahi duten adierazi.

Gainerako korrikalariek izena emateko epea laster iragarriko dute antolatzaileek. Geratzen diren dortsalak zozketa bidez esleituko dituzte, behar izanez gero.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide