Albisteak

[ARGAZKIAK] Rock doinuekin girotu du Musika Bandak Santa Zezilia bezpera

Santa Zezilia eguna da gaur, musikarien zaindariaren eguna, eta urteroko ohiturari jarraituz, egun horri lotutako kontzertua eskaini zuen Musika Bandak atzo, larunbata. Beñat Etxabe zuzendariaren gidaritzapean, rock doinuek hartu zuten udaletxe azpia 20:00etatik aurrera.

Arkupea jendez beteta zela, ziurrenik bertaratutako gehienentzat ezagunak izango ziren zortzi abestiren moldaketak interpretatu zituzten, gehienak euskal talde eta musikarienak. Hain zuzen ere, Pirritx eta Porrotx, Itoiz, Ken Zazpi, Queen, Tequila, The Champs, Tapia eta Leturia, Berri Txarrak eta Olaia Inziarteren doinuak entzun ziren.

Musika Bandaren kontzertuaz gain, Santa Zeziliaren bueltako beste hainbat ekitaldi ere izan dira asteburuan. Ostiralean, Portalek antolatuta, Ustekabe txaranga kalez kale ibili zen, arratsaldean zein gauean, herria festa giroan murgilduz. Horrez gain, Gazte Asanbladak eta Fundizio musika elkarteak antolatuta, Gaüze eta Disnomia taldeen kontzertuak ere izan ziren ostiral iluntzean, udaletxe azpian.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide