Organoa eta txistua, doinu ederrak Aizarnako elizan

Beste urte bat gehitu behar diogu Aizarnako parrokian dugun organo zaharrarekin antolatu duten kontzertuaren historiari.

Larrazken Kulturalaren barruan antolatzen dira kontzertu hauek, eta XXXVII.garrena izan da aurtengoa. Aizarnan antolatzen dela ez dira hainbeste urte izango, baina  hemen ere badira urte batzuk antolatzen dela.

Nik lehen aldia nuen kontzertu hau txistuarekin lagunduta entzuten, eta esan behar dut bi instrumentu hauekin doinu politak entzuteko aukera izan genuela bertara hurbildu ginenok. Korua bete-beteta zegoen, eta beheko eserlekuetan ere entzuleak ikusten ziren. Beraz, jende multzo polita hurbildu zela esan behar.

Kontzertu hauetara musikarekiko interesa duen jendea hurbiltzen da gehienbat. Nik, musika kontuetan, ez dut jakinduria handirik, baina doinu alaiak entzuten gozatu egiten dut, eta horrelako doinuak gure jaioterrian entzuteko aukera ezin dugu baztertu.

Organoarekin Mikel Ansola, Markina-Xemeingoa, eta txistuarekin Garikoitz Mendizabal, Zestoarra, aritu ziren. Biak ere beren instrumentuetan adituak direla garbi gelditu zen, merezitako txalo zaparrada jaso baitzuten. Esan behar da entzuleak gustura irten zirela Aizarnako eliza polit honetako korutik, kontzertua alaia eta atsegina izan baitzen.

Eliza ilun samar egoten da kontzertu garaian. Argia garesti egongo da nonbait, edo hala komeniko da elizan musika entzuterakoan, meditatzen ariko bagina bezala, isil-isilik eta argi gutxirekin entzuteko.

Niretzat arazo txiki bat izaten da argazkiak ateratzeko garaian, baina, hala ere, nahiko egoki irudikatzen dute kontzertu honek eman duena.

Bertara hurbiltzeko aukerarik izan ez duenarentzat, behean bideo txiki bat eta argazki batzuk argitaratzen ditut, kontzertu osoa luze egiten baita. Aldi berean, etorkizunerako jasota geldituko dira Aizarnara begira dagoen orri digitalean.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide