Albisteak

Mugimendu Feministak eta Itaiak Plazara deitu dituzte herritarrak bihar indarkeria matxista salatzeko

Bihar, azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, bi mobilizazio izango dira Plazan. 18:30ean, Zestoako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea egingo dute. Ordu erdi geroago, 19:00etan, Itaiak deitu ditu herritarrak plazara.

Joan den astean ere bi solasaldi izan ziren herrian, azaroaren 25aren harira. Azaroaren 17an, belaunaldi desberdinetako 25 lagun inguru bildu ziren Alonderon, Zestoako Mugimendu Feministak antolatutako Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak solasaldian. Sortzen aholkularitza zerbitzuko Sheila Melcon psikologoak gidatu zuen saioa, eta bertaratuek beren bizipenak eta iritziak partekatu zituzten.

Azaroaren 19an, berriz, Emakumeon gorputzak eta sare sozialak kafe-tertulia antolatu zuen Itaiak Gaztetxean. Edertasun industriak emakumeengan eragiten duen presioa izan zuten hizpide, besteak beste, ebakuntza estetikoen eta argaltzeko produktuen erabilera abiapuntu hartuta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide