Albisteak

Euskararen Egunean hasiko du Xabier Euzkitzek «Euskaraz ganoraz» ikastaroa Zestoan

Euskara hobeto erabiltzeko baliabideak lantzeko aukera izango da abenduan Liburutegian, Xabier Euzkitzeren eskutik. Larrazken Kulturalaren barruan antolatu dute Euskaraz ganoraz ikastaroa, eta abenduaren 1a izango da izena emateko azken eguna.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, abiatuko da hiru saioko ikastaroa. Hurrengo bi saioak abenduaren 10ean eta 17an izango dira; guztiak ostegunetan, 18:30etik 20:00etara, Liburutegian.

Euzkitze kazetaria, euskaltzalea eta bertsolari profesional ohia da. Ikastaroan parte hartzeko gonbita egin du bideo baten bidez. Bertan azaldu duenez, Zestoan euskaraz asko eta ondo egiten den arren, eta herria euskararen arnasgunea izanik ere, euskal hiztunok beti dugu zer hobetu. Horretarako, adibide zehatzen, kantuen eta jolasen bidez euskara modu arin eta jostagarrian lantzea proposatuko du.

Ikastaroa doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da, kultura@zestoa.eus helbidera idatzita.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide