Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.


Instituzioetako ordezkariak, gaur egindako agerraldian.
Urola bailarako bide berdearen obrak amaierara iristen ari dira, eta gaur inauguratu dute Narrondo eta Arroagoia arteko bidegorriaren zatia. Iraeta eta Arroagoia lotuko dituen 1,57 kilometroko zatia falta da bidegorria amaitu eta Zumarraga eta Zumaia arteko distantzia bizikletan edo oinez egin ahal izateko.
Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean Arroabeko tren geltoki zaharrean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak lehen eta bigarren tarteen irekiera ofiziala egin du, eta aldi berean hirugarren eta azken zatiko obren hasiera ere aurkeztu dute.
Ekitaldian parte hartu dute José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Antonio López ETSko zuzendari nagusia, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Argi Yeregi Zumaiako alkateordeak. Hiru alkateak pozik agertu dira bidegorriak mugikortasunean ekarriko dituen onurengatik.
Narrondotik Arroagorako tartea, zabalik
47 kilometroko Zumarraga eta Zumaia arteko distantzia bizikletaz edo oinez lotzeko urrats garrantzitsua eman dute gaur. Horretarako, Narrondo eta Iraeta zatia osatzea falta zen. Lanak hiru fasetan banatu dituzte, eta lehenengo biak amaituta, Narrondotik Arroagora arteko bidea erabilgarri dago jada. Gaur inauguratutako tarteek 2,73 kilometroko luzera dute eta lau metroko zabalera kasik bide guztian. Asfaltatutako eta argiztatutako bidegorria da.
Arroabeko bidegurutzean, Bombas Azcue enpresa dagoen puntutik Arroagora arteko zatia Urola treneko plataforma zenaren gainetik doa, eta AP-8 autobideko eta GI-631 errepide azpitik igarotzen da bi puntutan, trenaren Arroako tuneleko iparraldeko ahoarekin bat egin arte.
Bestalde, Urola treneko Arroabeko geltoki zaharra eta Narrondo arteko zatia N-634 errepidearen albotik doa. Narrondon, egun Zumaiaraino doan bidegorriarekin lotu dute.
Obrak 2025eko uztailaren 21ean hasi zituzten eta 2026ko ekainaren 5ean amaitu, hamar hilabete eta erdiko epean. Guztira, 3.287.235,16 euroko inbertsioa egin dute, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak bideratutako NextGenerationEU funtsen kofinantzaketarekin.

Azken zatia, urte amaierarako
Behin Narrondo eta Arroagoia arteko zatia eginda, bidegorria Iraetaraino eramatea geratzen da bailarako bide berde sarea osatzeko. Dena ondo bidean, lanak urte amaierarako bukatuko dituztela aurreikusten dute.
Hirugarren eta azken zatiko obrak datozen asteetan hasiko dira, eta Jaizubia Obras y Servicios SL enpresak egingo ditu, 1.045.938,07 euroko inbertsioarekin.
Azken tartea amaitutakoan, hiru faseak batuta, Narrondotik Iraeta arteko bidegorriak 4,31 kilometroko luzera izango du.
Hona hemen inauguratu berri duten zatiaren hainbat argazki:

