Gurea kultura da
Gurea Kultura— 2026-08-28Idatzi hau egiteko beharrean sentitu gara, urte asko pasa baitira Zestoan zezenketen gaiaren inguruan erreferenduma egin zenetik. Erreferendumaren emaitzaren ondoren, zezenketen auzia betirako alboratu zenaren sentsazio tristearekin jarraitzen dugu.
Memoria pixka bat egitearren… Gurea Kultura ekimena 2012ko galdeketaren ondoren sortu zen. Zezenketen orduan alternatiba erakargarri baten falta sumatzen genuen eta horri irtenbide bat emate aldera festa gure erara antolatzen hasi ginen estazio zahar inguruan (erdigunetik kanpo, zezenketen festatik at).
Urtero moduan, aurten ere festa batzordea egin zen eta bertan izan ginen gu ere. Idatzi honetan festa batzordeko bileren ostean egin dugun hausnarketa herritar guztiekin partekatu nahi dugu. Hasieran esan bezala, zezenketei buruzko eztabaida guztiz alboratuta dagoela uste baitugu.
Hasteko, festak antolatzeko garaian zezenketak noiz izango diren erabakitzen da aurrena (edo erabakita dator jada), eta beste guztia horren arabera antolatzen da. Zezenketen inguruko ekintzak (pasakalleak, zezenketak, enbolatuak, erdikaleko pasodobleak) hasi arratsaldetik eta afal ordura arte luzatzen dira, askotan ordu finkorik gabe, beste hainbat jarduera oztopatuz.
Hala ere, aurrekontuaren banaketaren gaia da guretzat esanguratsuena. Herritar gehienok dakigun bezala, azken bi urtetan festak antolatzeko aurrekontua murriztu egin da. Gure kasuan zehazki, 2025ean komunikazio arazo baten ondorioz aurreikusita zegoena baino diru gutxiago jaso genuen. Hori horrela, aurreko edizioetan izandako diru-sarrerekin ordaindu behar izan genuen aurrekontuaren zati bat. Aurten ere egoera berdinean geunden eta gure ekimena gauzatu ahal izateko errifak, kamisetak… atera behar izan ditugu gastuei aurre egiteko.
Festetako aurrekontua aurrez mugatuta dagoen arren, 2025eko festetako aurrekontu osoa 11.000 eurotan gainditu zen. Hori ikusita, udalak 2026ko festa batzordera gerturatu ginen elkarteoi nola aurreztu genezakeen hausnartzeko eskatu zigun. Bilera hartan 2025eko festen aurrekontua eta gastuak ikusi genituen eta zekorketen balantze ekonomikoa ikustean piztu zen gure harridura. Betidanik entzun izan dugu zezenketen sarreren salmentan jasotako diruarekin gastu guztiak ordaintzen direla. Sarrerekin bildutako diru kopurua ikusi eta gastuekin alderatu ostean etorri zen sorpresa. Izan ere, 2025ean egindako gastuetan (plazako muntaia, hondarra, barrerak… kontuan izan gabe) 9.895,32 €-ko gainkostua zegoela ohartu ginen. Zuriketan agertzen ziren gastu harrigarri eta esanguratsuenak antolatzaileei Toledora ordaindutako bidaia (300 €), antolakuntzako afaria (550 €), kartelak (641,94 €)… dira. Betidanik ordaindu diren gauzak.
| Zekorketen gastuak | 28.825,32 € | DEFIZITA |
| Zekorketen sarrerak | 18.930 € | 9.895,32 € |
Ez zaigu bidezkoa iruditzen festa batzordean udal ordezkariek gainerako elkarte edo norbanakoei nondik murriztu eskatzen ibiltzea, (aurretik murrizketak jasan ditugunean) eta joan den urtetik hona zezenketen antolakuntzan euro bat ere murriztu ez izana. Hori horrela, azken festa batzordean gure kexa azaleratu genuen eta udal ordezkariek ez dute aldaketarik egin.
Eztabaida hau mahai gainean jartzea eta herritarrak honen jakitun izatea beharrezkoa dela uste dugu. Izan ere, zekorketen antolaketa “blindatuta” egotea onartezina iruditzen zaigu. Festetako aurrekontutik zezenzaleen afari, bidaia eta abarrak ordaintzea eta beraien pribilegioekin jarraitzea bidegabea dela deritzogu.
Zergatik bi zekorketa? Zergatik lau zezen? Guretzat ulertezina da gure herriko festetan herriaren erdigunea bereganatu eta animaliak torturatu eta hiltzen diren ekitaldi pribatu bat (sarrera ordaindu behar delako) egitea, eta are ulertezinagoa jarduera hori diru publikoarekin finantzatzea, gastuak kontrolatu gabe.
Salaketa honekin beste talde guztiei egin zaien bezala kontu hauetan esku-hartzeko eskatzen diogu udalari. Zezenketak defizitarioak diren unetik tradiziozko pribilegio horiek mugatzea beharrezkoa dela ikusten dugu.
Amaitzeko, Gurea Kulturatik herritarrei dei egiten diegu gure batzarretara etor daitezen. Proposamenak jaso, ahalik eta indar eta jende gehiena bildu eta gure herrian tortura eta sufrimendurik gabeko festak ospatu ditzagun.
Zezenketarik ez!
GUREA KULTURA
Egin zaitez bazkide
