Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Earra txoixua haizena, Joxemai! Susto ederra hartu nuen saninazioetan Danbolin irakurtzean…
Zure galderari erantzunez: bai, txikitan animaliekiko nuen miresmen/erakarpena aldatu egin da, oraindik animaliak gustuko ditudan arren.
Zuk ondo dakizun moduan, txikitan orduak pasa nitzakeen animaliei begira, eta zubi azpian orduak eta orduak pasatakoa naiz (alboan duzu hori frogatzen duen irudia). Ibaian animaliak harrapatzen ibiltzen nintzen askotan, eta etxera ere iritsi izan dira zenbaitetan: behin 3 katakume izan genituen pare bat hilabetez, eta, pentsa, etxeko gehienok (neuk ere bai) katuei alergia diegu, jajaja. Etxeko armairu eta kaxoietara ere iristen ziren zomorro ugari, gurasoek susto galantak hartu izan dituzte… Sorry, Kevin. Love you lots.
Hala ere, esango nuke animaliekiko sentitzen nuen miresmena ez zela ausazko zerbait izan; kontrara, txikitatik Vanessarengana joan izan naiz animaliak zaintzera. Ordu asko pasatakoa naiz zaldiekin eta bestelako abereekin, eta uste dut txiki-txikitatik animalien artean egoteak ekarri zuela ondorengo guztia. Azken finean, horretara ohitu nintzen: animalien inguruan egotera eta beraiek zaintzera. Kalean topatzen nituen animaliak etxean zaintzea izaten zen nire helburua, eta asmo txarrik gabe egiten banuen ere, gaur egun apur bat ere damutzen naiz aske zeuden animaliak etxera ekartzeaz.
Horri lotuta, eta hasieran esan bezala, animaliekiko izan dudan harremana aldatuz joan da urteetan: orain, kaleko animaliak etxera ekarri beharrean, etxekoak zaintzera mugatzen naiz. Izan ere, txakurra daukat duela 4 urtetatik, Max, baita katu bat eta ahuntzak ere. Beste modu batera, baina nik ere jarduten dut animaliekin lanean, Joxemai!
Eta zaletasunez-edo aritu naizenez, hurrengo enbidoa orain zaletasunetaz gozatzeko denbora hartu duen bati bidaliko diot: Mari Karmen Eizagirre, ari al zara jubilazioa aprobetxatzen? Berreskuratu duzu aspaldiko zaletasunik? Edo berriren bat topatu duzu?
Shannon Penman