Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Lerro hauek idazterako orduan egiten duen giro ederrak sinesten erraz jartzen ez badu ere, bukatu da horrenbeste desiratzen genuen opor garaia, pasa dira gure festak eta sartu gara betiko martxan, errutinan, automaten erritmoko monotonian, egunerokotasun berekoian…
Bizitzak hala eskatuko baligu bezala, robotak bagina bezala, gizarte osoak jasotzen duen zerutik datorren mezua balitz bezala… jaso dugu mezu grisa. Prest gaude jada.
Baina ez al dago gure esku horri entzungor egitea? Gauzek beti bide bera jarrai ez dezaten pausuak ematen hastea, egunerokotasuna aldatzeko prestasuna izatea, aurreiritzietan ez oinarritzeko ahalegina egitea, gure eta gure ingurukoen egunerokotasuna pixka bat hobetzeko keinu bat egitea, gizarte zabalago eta elkartasun gehiagokoa egiteko esperantza izango den aurrerapausoa ematea…
Ibaietako presak kentzen hasi omen direla kontatuko digu Itsaso Zubiriak esku artean duzun iraileko zenbaki honetan. Orain artean izan duten zentzua galdu omen dute, eta balantzan jarri mantentzeak eta kentzeak izan ditzaketen abantaila eta kalteak. Urek jarrai dezatela oztoporik gabe bere bidean erabaki dute nonbait. Kentzeak irabazten duela ikusi da balantzan eta horretara doaz.
Zergatik guk ere gure bizitzetako presak ez kendu, beraz? Hartzen ote dugu tartea geure bizitzan oztopoak sortzen dizkiguten horma horiek mantendu ala kentzeak, balantza pertsonalean zerk irabazten duen aztertzeko?
Presa potoloa aurrean izan dutenak, berriz, Uhara izeneko Arroabeko neskatila eta haren familia. Ohiana Calparsoro egon da berauekin, iraila haur minbiziaren aurkako elkartasun hilabetea izaten dela gogoan hartuta, pasa berri duten kalbarioa dakarkizu eskura.
Hauei ere argi berdea jarri diete sendagileek aurrean eta presak irekitakoan bezala, hasi dira arnasa hartzen, nola egiten zen ia gogoratu ere egiten ez zutenean.
Batzuetan bizitzak jartzen dizkigu presak muturraren aurrean, ez da ederra horiek irekitzeko giltza zure esku ez dagoenean hormaren kontra aritzea, baina poltsikoan dugu beste batzuetan horretarako bidea eta, hala ere, kosta egiten zaigu eskua bertara eraman eta giltza ateratzea. Kartolak jantzita daramatzan astoa bezala, azenarioari jarraika.
Iraila izaten da, urtarrila bezala, halako eta bestelakoei ekiteko garaia, geure buruari erronka botatzeko momentua. Izango ahal gara gure baitan gauzak hobetzera bidean ekiteko indar apurra aurkitzeko gai. Izan aske, desberdin eta egin beti nahi izan duzun hori. Trantze txar batetik pasa berritan bizitzaz gozatzeko izaten dugun premia bera senti dezagun trantzea pasa gabe ere!
Jone Bergara Alberdi