Aizarnako Amabirjinak 2026
Danbolin— 2026-08-28Urteroko ohiturari jarraituz, aurtengo Amabirjina jaiei ere gainbegiratu bat egitea dut helburu lerro hauetan. Beti bezala argazki eta bideo xume batekin lagunduta joango da artikulu hau. Beste urte bat gehiagoz jaiak ospatzeko aukera izan dugu, eta esan beharra dago aurtengoak ere goi mailakoak izan direla.
Eguraldiak lagundu zuen horretan, nahiz eta inguruko lur eta zelaiak beste urteetan baino kolore gorriagoarekin ikusi ditugun. Bestalde, beste urte batzuetan plaza gainean enarak hegan ibiltzen ziren, baina aurtengoan denak alde eginda zeuden. Beroaren eraginak goiz emigratzera bultzatu ditu nonbait.
Urtero bezala, bezperatik hasi ziren jaiak. “Etxafuegoa” Kontzejuko balkoitik jaurti bezain laster girotu zen herriko plaza, jendea mozorrotuta zelarik. Aurtengoan haur jaio berrien gurasoak arduratu dira lan horretaz. Izan ere, herri txiki hauetako biztanleriari eutsi nahi badiogu, ezinbestekoa da haurrak mundura ekartzea. Herri afariaren ondoren, doinu alaiak goizaldera arte luzatu ziren, nahiz eta lo egin behar zuenarenentzat “dezibelio” gehiegirekin agian.
Amabirjina eguna iritsi zen, eta garai bateko jendetzarik gabe ospatu ziren elizkizunak. Garai batean, gainera, Zestoako txistulariek dianarekin esnatzen gintuzten, baina garaiak aldatu egiten dira eta gaurkora egokitu behar.
Urtero bezala, jubilatuek egin zuten hamaiketakoa plazan. Somatu nuen betiko mahaikideren bat edo beste falta zela, baina bizitzaren legea da: batzuk joan, eta berriak sartzen dira.
Pilota partidek ere eman zuten berea. Jende multzo polita hurbildu zen, eta harmailak beteta ikusi nituen. Izan ere, pilotari gehienek Aizarnarekin lotura zuzena zuten, eta, nola ez, herritar asko hurbildu zen beraiek ikustera. Ezin ukatu ikuskizun polita eskaini zutela.
Arratsaldean, herri kirolen txanda izan zen: bi herriren arteko lehia, Aizarnakoak Aizarnazabalkoen aurka. Biak ere ondo entrenatuta etorriko ziren proba honetarako, bestela ez baita erraza herritar arruntek kirolean maila hori ematea. Bi herri hauek beti izan dira adiskide, eta berauen arteko lehiak xarma berezia sortu zuen. Herriko plazari begiratu, eta ez da askotan ikusten hainbeste jende kirolariak animatzen.
Gutxirengatik, baina Aizarnazabal nagusitu zen. Eskarmentu handiagoa zuten nonbait. Dena den, beste urte batean ere errepikatzeko moduko ekitaldia dela esango nuke. Jarraian, Bost Axola taldearekin iraganeko kantu zahar eta atseginak entzuteko aukera izan genuen.
Igandean, oso goiz elkartu ziren oilasko biltzaileak herriko plazan. Proba bat edo beste egin, eta txistu bizian irten ziren baserriz baserri dantzatzera. Ondoren, isiltasuna nagusitu zen herrian; txirrindulariek bakarrik hausten zuten, adokinak zapaltzean.
Eguerdi aldera hasi ziren kazuela hotsak entzuten, paella prestatzeko lanetan. Bitartean, haurrek kirol probak egin zituzten Ambuko zelaian, eta ondoren alai ikusi nituen, dominak lepotik zintzilik zituztela.
Isiltasuna laster amaitu zen oilasko biltzaileak herrian berriro sartzean. Hauek bai umoretsu iritsi zirela, goiz osoan mendian eta baserriz baserri ibili ondoren! Hala ere, betebeharrak txukun bete zituzten: plazan aurreskua eta dantza saioa eskaini zituzten.
Isiltasuna hautsi zuten kazuela haiek ez ziren alferrikakoak izan, paellak bertan prestatu baitzituzten. Oilasko biltzaileak eta gainerako herritarrak batera bazkaldu zuten kalean, eta Asuncion kalea goitik behera bete zuten bazkaltzerakoan.
Arratsaldean, kalez kale ibili ziren etxe bakoitzean zagi-dantza eginez, eta plaza erdian egindakoarekin amaitu zituzten lanak.
Astelehenean haurren eguna izan zen, eta beraiek “etxafuegoa” bota ondoren, jaun eta jabe bihurtu ziren herrian. Goizean jolas ugari egin zituzten, eta indarrak berritzeko bazkaria kalean izan zuten. Indarrak berreskuratu eta berriz ere ginkanan proba gogorrei ekin zieten. Baina haien aurpegi alaiak ikusteagatik bakarrik ere merezi zuen begira egotea. DJ Osoren musikarekin dantzan amaitu zuten eguna.
Amaitzeko, iritzi pertsonal bat emango dut. Nire ustez, hiru ekintza izan dira nabarmendu beharrekoak festetan, izan duten oinarri bereziki sendoa dela eta.
Lehenengoa, pilotariek emandako ikuskizuna. Herriarekin lotura zuzena duten gazteek frontoia bete zuten, eta ikuskizun polita eskaini ere bai.
Bigarrena, oilasko biltzaileen artean ikusi dudan belaunaldi aldaketa. Gehienak oso gazteak ziren, eta horrela jarraitzen badute, beste urte pila baterako bermatuta ikusten dut ekintza hau.
Eta hirugarrena, kirolean herriko gazteek emandako maila. Ikuskizuna ikustera zale ugari hurbildu zen plazara, eta herriko balkoiak ere beteta ikusi nituen, denak kirolariak animatzen.
Horrek ez du esan nahi, noski, gainerako ekintzak bazterrean utzi behar direnik. Denak dira garrantzitsuak jaiak osatzeko eta herria bizirik mantentzeko. Horregatik, zorionak eta eskerrak antolatzaile guztiei.
Argazki zalea naizelako izango da agian, baina Aizarnako plaza jendez beteta eta balkoiak ere berdin ikusteak benetan irudi ederra eskeintzen du. San Ferminetan entzierroa ikustera ateratzen direnekin konparatu gabe, jakina.
Ea hurrengo urtean ere maila bera eskaintzeko gai garen. Aizarnak merezi du eta.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide
