Albisteak

[ELKARRIZKETA] Catalina Tamayo Valencia: “Trenez etorri ginen Zestoara, bidaia oso luzea izan zen”

Catalina Tamayo Valencia (Zalamea de la Serena, Badajoz, 1932) 16 urterekin iritsi zen Arroa Gora ama, amona eta hiru ahizpekin. Aita eta ahizpa gazteena herrian geratu ziren, zuten ganadua eta bestelako ondasunak saldu, eta Euskal Herrira etorri ahal izateko lehenbailehen. Anaia zaharrena bertan ezkondua zen eta han geratu zen andregaiarekin, nahiz eta denborarekin hura ere Euskal Herrira etorri zen. Catalina sei seme-alabetan laugarrena da, eta Extremaduran jaio zen arren, 72 urte daramatza Euskal Herrian, Zestoan hain zuzen. Berak dioen bezala “bizi osoa” darama Zestoan.

Hiru seme-alaba izan zituen Fidel Alberdi senarrarekin (Manoli, Juanjo eta Lourdes) eta amona izateaz gain, duela 12 urtetik birramonaren titulua ere badu. Lau biloba eta hiru birbiloba ditu Catalinak.

Zergatik etorri zineten Zestoara?

Garai gogorrak bizitzea tokatu zitzaigun, Gerra Zibila amaitu berri zen eta gerraren ondorioz lurrak eta… galdu genituen. Ezer gutxi genuen Extremaduran, eta gure amaren ahizpa, izeba Carmen, Arroa Goian bizi zen, denbora zeraman Extremaduratik bertara etorrita bizimodu hobeago baten bila. Hori horrela izanik, gurasoek genuen apurra saldu (lurrak eta ganadua), eta gu ere Euskal Herrira etortzea erabaki zuten. Izebaren etxera etorri ginen, Arroara.

Gainera gerra garaian gure ama kartzelan egon zen, eta handik atera zenean Extremaduratik alde egitea nahi zuen. Izeba hemen egoteak erabakia hartzen lagundu zien.

Trenez etorri ginen Euskal Herrira, tartean geldialdiak edo tren aldaketak edo egin genituela gogoratzen dut, bidaia oso luzea izan zen. Ama, amona eta lau alaba etorri ginen Arroara. Ahizpa gazteena aitarekin geratu zen herrian, genuen ganadua eta lurrak saldu nahi zituzten Euskal Herrira etorri aurretik. Haiek gu etorri eta denboralditxo batera iritsi ziren Arroara.

Gure aitak hona etorri eta berehala ez zuen lana topatu, ondorioz, egurra biltzen eta aritzen zen, egun horietako batean argindar kable bat zapaldu eta hil egin zen. Kableak denbora zeraman lurrean, eta Iberdrolari ere abisua pasata zegoela gogoratzen dut, baina gure aitak zorte txarra izan zuen eta bertan gelditu zen. Aitak ez zuen urte bat ere pasa hemen, etorri eta berehala hil zen. Kolpe oso gogorra izan zen guztiontzat. Egoera gogor horretan herriko jendeak asko lagundu zigun.

Gerra aipatu duzu, ze oroitzapen dituzu gerra garaiaz?

Extremaduran geundela, gure ama kartzelan egon zen, lau urte luzez, ahizpa txikienarekin. Aitaren anai bat gerran zauritu zen, eta gure etxera etorri zen babes bila, aitak ez zuen hura ezkutatzerik nahi, ondo baitzekien ondorioak izango zituela gure familian; baina ama egoskorra zen eta hark lagunduko ziola esan zion, eta hala egin zuen. Amak ukuiluan ezkutatu zuen gure osaba, zaurituta zegoen eta zauria sendatzen ere lagundu zion amak. Baina norbaitek txibatazoa eman zuen eta gure ama eraman egin zuten.

Ahizpa txikia, Loli, berarekin eraman zuten kartzelara, oso txikia baitzen, bi urte zituen eta titia hartzen zuen. Badajozeko espetxean pasa zituen lau urte, baina Loli ahizpa lehenago atera zuten, izan ere handitzen joan zenean, bertan ikusten zituen gauzak kontatzen hasi zen eta hori ez zuten gustuko. Loli emakumeren bat eraman eta bueltan ez zutela ekartzen bezalako kontuak kontatzen hasi zen, horren aurrean, familiarekin kanpora eraman zuten.

Gogoan dut nola joaten ginen ama eta ahizpa bisitatzera Badajozeko espetxera, pabelloi handi batean ikusten genituen. Garai horretan nire ahizpa zaharrenak, Petrak, hartu zuen gure ardura. Bera ere umea zen, hamaika edo hamabi urte izango zituen baina… Gogoratzen naiz herriko emakumeak ere saiatzen zirela gure familiari laguntzen.

Zestoara etorri zinenean lanean hasi zinen?

Bai berehala ume zain hasi nintzen, garai hartan “interna” egiten genuen lan, aste osoa etxe horretan pasatzen genuen, eta asteburuan edo deskantsu egunen bat izaten genuen. Egun hori aprobetxatzen genuen etxera joateko. Iraetaraino trenez joaten nintzen, eta handik oinez Arroara amaren etxera. Zestoan egin nuen lehenengo lan hartan lau haur zaintzen nituen, bi eskolara joaten ziren eta beste bi nirekin egoten ziren. Laranjadira joaten ginen edo Estazioko parkera. Han haurrak zaintzen aritzen ziren beste neska batzuekin egoten nintzen, eta lagun handiak egin nituen.

Nire ahizpa Satur ere Zestoan hasi zen ume zain, ni bezala, eta haurrekin kalera ateratzen ginenean elkarrekin egoteko aukera izaten genuen. Gogoan dut, zaintzen nuen haur horietako batek zorriak zituela eta neuk ere harrapatu nituela, etxekoandreak esaten zidan azkurak gaixotasunen batenak zirela, baina ez zen horrela, ondo nekien nik zorriak zirela! kar kar kar! Nire ahizpa Satur aritzen zitzaidan zorriak kentzen libre genuen denboran, banku batean esertzen ginen eta hor aritzen zen… kar kar kar!

Ume zain aritu ostean, Zunzunegiko etxearen goiko solairuan zegoen albaitariarekin hasi nintzen lanean, eta urte mordo bat egin nituen bertan. Uniformea erabiltzen nuen: etxekoandreak egin zizkidan, goizean urdina janzten nuen eta arratsaldean beltza. Oso politak eta dotoreak ziren. Amantal dotoreak egin zizkidan uniformearekin jartzeko.

Denetarik egiten nuen bertan: etxeko lanak, jatorduak prestatu, albaitariaren bezeroen enkarguak jasotzen nituen… Idazten ez nekienez buruz hartzen nituen etortzen ziren baserritarren enkarguak! Albaitaria ordea, uholdean hil zen, Donostiatik Gipuzkoana autobusean zetorrela. Jatorriz Zaragozakoak ziren eta haurrik ez zuten, beraz heriotzaren ostean, emazteak Zaragozara alde egin zuen, eta ni lanik gabe geratu nintzen.

Haurrak jaio ostean ere lanean jarraitu nuen: Herrero tabernako sukaldean egiten nuen lan udan, Zestoan udan lan asko egoten zen, turista asko etortzen baitziren. Arozena Hoteleko garbiketak egiten ere ibili nintzen, eta, baita, antxoa lantegian garaia zenean ere.

Zure senarra zestoarra zen, konta ezaguzu apur bat nola izan zen zuen bizia?

Zestoara iritsi nintzenean lehenengoa ikusi nuena izan zen Fidel Alberdi, lagun batekin, gerora nire senarra izango zena. Denborarekin lagunak egin ginen, eta, azkenean, bikote. Fidel seme bakarra zen, Elizkalean zegoen hiltegi gainean bizi zen bere amarekin. Aita hilda zuen. Horregatik Fidel soldaduskara joateaz libratu zen. Bere ama hil zenean ezkontzea erabaki genuen, eta bere jaiotetxera joan ginen bizitzera. Ezkondu eta urtebetera alaba zaharrena jaio zen, Manoli, nik 22 urte nituen orduan. Beste bi haur ere izan genituen, Juanjo eta Lourdes.

Manoli jaiota zegoela, nire senarrak soldaduskara joan behar izan zuen, aurretik libratu bazen ere, gerora joan beharra izan zuen. Haurrak izatera Arroa Goira joan nintzen hiru kasuetan, nire ama han bizi zen eta bere etxean jaio ziren hirurak. Garai hartan ez ginen ospitalera joaten haurrak izatera.

Zure sorterrira askotan joan al zara? Jendeak ohitura izan du udan urtero herrira joatekoa, zuek ere hori egiten zenuten?

Ez, ez. Ni hona etorri ginenetik bi aldiz bakarrik joan naiz Zalameara. Lehenengo aldiz Fidelekin, ezkondu ginenean. Eta gero, handik urte pilo batera, ahizpa gazteenarekin Lolirekin eta bion semeekin. Abuztuan joan ginen, opor txiki batzuk egitera; baina guk han ez genuen ezer, familia dena ere hemen genuen… Han jaio ginen, baina bertan ezer gutxi genuen… Familiako etxea anaiak jaso zuen oinordetzan, beraz, guk etxerik ere ez genuen bertan.

Garai hartan Extremaduratik euskal Herrira etorri zinetenak asko izan ziren ezta?

Bai, familia askok alde egin genuen handik; ni oso gaztea nintzen, eta gurasoek hartu zuten erabakia. Han baino etorkizun hobea hemen izango genuelakoan edo…

Garai hartan Extremaduratik etorri ziren familia asko eta askok, lehenengo geldialdia Arroa Goian egiten zuten. Ez dakit zergatik egia esan, guk izeba genuen bertan eta horregatik joan ginen bertara, baina gainontzekoek ez dakit zergatik… gero inguruko herrietara joaten ziren bizitzera, pentsatzen dut lana eta bizilekua topatzen zutenean edo izango zela.

Nire amak-eta denboraldia egin zuten Arroan, baina gero amak lana topatu zuen Zarautzeko lantegi batean eta bertara joan zen bizitzera. Nire ahizpa zaharrena ere Zarautzen bizi izan zen. Ahizpa gazteena, berriz, Zumaiara ezkondu zen eta beste ahizpa Satur eta biok Zestoara ezkondu ginen, eta hementxe eman dugu gure bizi osoa.

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide