Albisteak

[ELKARRIZKETA] Eliezer Chavarria, boxeoa pasio

Duela lau urte iritsi zen Eliezer Chavarria Martinez (Nikaragua, 2006) bere familiarekin batera Zestoara. Kirol mundua betidanik gustatu izan zaio, baina boxeoa da bere pasioa. Zumaiako Cuban Boxing klubean hasi zen entrenatzen 2020. urtean. Hiru urtetan sekulako emaitzak lortu ditu; Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna da bi kategoriatan.

Boxeoa kirol ezezaguna da askorentzat, baina Chavarriaren esanetan, azken urteotan “modan” dagoen zerbait da. Horrez gain, Euskal Herrian behintzat, “behar duen lekua eta garrantzia” ez zaiola ematen iritzi dio gazteak. Danbolineko ringean adostu dugu hitzordua, eta bere ibilbidearen inguruan aritu gara, kontu kontari.

Hiru urte daramatzazu boxeoan murgilduta.

Zestoara bizitzera etorri ginenean hasi nintzen boxeoan. Nikaraguako kirolik garrantzitsuena da, baina han bizi ginenean gazteegia nintzen eta ez nuen inoiz praktikatu. Hona etorritakoan, Zumaiako Cuban Boxing klubera joan nintzen, eta bertan hasi nintzen boxeatzen, Ruben entrenatzailearekin. Zuzenean joan nintzen berarengana. Boxeoa gustuko nuela esan nion eta helmuga bat izan nahi nuela. Berehala hasi nintzen.

Zein zen helmuga?

Urrunera iristea.

Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea?

Hiru urte hauetan Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi ditut bi kategoriatan. Guztira sei borroka izan ditut: hiru Donostian, bat Gasteizen eta bestea Bilbon. Bakarra galdu dut.

Zein izan da orain arteko konbaterik zailena?

Soraluzekoa izan zen zailena. Aurkaria ni baino zaharragoa zen, eta esperientzia gehiago zuen. Asko ikasi nuen borroka hartan. Galdu egin nuen, baina ikasten jarraitzeko grina areagotu zitzaidan.

Zein kategoriatan zaude orain?

75 kilokoen gazteen kategorian nago. Kategoriak pisuaren arabera bereizten dira. Hiru kategoria daude: junior, joven eta elite.

Nola funtzionatzen dute txapelketek?

Klub batek emanaldi bat antolatzen du eta boxeolari bakoitzak borrokarako aurkaria bilatu behar du. Zumaian emanaldi bat antolatzen badute, adibidez, eta boxeatu nahi baduzu, aurkaria bilatu behar duzu. Boxeoa anbiziotsua da, eta norbaitek bere aurka borrokatzeko esaten badizu ezin diozu ezetzik esan. Zu baino hobea den norbaitekin borrokatzeko aukera suertatzen bazaizu ere berdin, borroka horretan ahal duzun guztia erakusteko aukera izango duzu eta normalean baietz esaten da beti.

Astean zenbat aldiz entrenatzen duzu?

Astean hiru aldiz, Zumaian. Horrez gain, nire kabuz egunero entrenatzen dut. Entrenatzaileak teknika erakusten dit eta neuk kardioa eta muskulazioa lantzen ditut; mendian korrika, pisua intentsitatearekin…

Zenbateko garrantzia du entrenatzaileak boxeoaren munduan?

Berak ikusten ditu akats guztiak eta hobetzeko bidea erakusten dizu.

Nolako boxeolaria zara?

Normalean oldarkorra naizela esaten didate. Kolpeak jasotzeko itxarotea ez zait gustatzen.

Nola funtzionatzen du konbate batek?

Hiru round izaten dira, eta bakoitzak hiru minutu irauten du. Lau pertsona egoten dira ringaren inguruan boxeolariaren lana puntuatzen: borrokatzeko modua, kolpeen maila… Puntu gehien lortzen dituenak irabazten du. Epaimahaia neutrala izaten da, eta konbate guztietan aldatzen da.

Lesiorik izan al duzu?

Orain arte ez dut lesio handirik izan, kolpe txiki bat hartu nuen baina boxeoan gertatzen diren gauzak dira. Hori bai, kontuz ibili behar da.

Zein egoeratan dago boxeoa Euskal Herrian?

Orain modan dagoela esango nuke. Hala ere, Euskal Herrian boxeoa ez da sustatzen. Beste kirol batzuei garrantzia handiagoa ematen zaie eta boxeoa itzalean geratzen da. Niretzat oso kirol polita da, gauza on asko ikasten da.

Jende askok kirol agresibo gisa hartzen du boxeoa. Zer esango zenieke horiei?

Boxeoa ez da agresiboa, bi kirolariren artean hitzartutako zerbait da. Nire aurkariak badaki kolpe bat emango diodala eta nik ere badakit berak niri kolpe bat emango didala. Agresiboa bada biolentzia dago, eta boxeoan ez dago biolentziarik. Batzuetan biolentoa izan daiteke, izan ere, beste pertsona batekin kolpeka aritzea da, baina hori guztiaren gainetik aurkariarenganako errespetua dago. Errespetua da gauzarik garrantzitsuena. Zure aurkaria ezagutzen duzu, borrokaren aurretik berarekin egoten zara. Askotan, aurkariari aurpegira begiratuta badakizu nolakoa den eta nola borrokatuko duen.

Boxeoa kirol gisa definitzen ez dutenak ere badaude.

Boxeoa kirola dela esango nieke horiei guztiei. Zerbait fisikoa da, futbola edo saskibaloia bezala. Futbola eta saskibaloia, askotan, agresiboak izan daitezke, zelaian borrokak gertatzen direlako, eta borroka horiek ez daudelako hitzartuta, boxeoan bezala.

Zer ematen dizu boxeoak?

Asko gustatzen zaidan zerbait da. Errespetua, umiltasuna eta indar fisiko zein mentala ematen ditu kirol honek. Boxeoan beti objektibo bat daukazu; helmugarik ez baduzu, zaila izango da zuretzat.

Ringera igotzen zarenean kirol indibiduala da, zu aurkariaren aurka, baina entrenamenduetan eta gimnasioan taldekideekin zaude, entrenatzailearekin… Talde baten parte zara eta babestu egiten zaituzte.

Nola sentitzen zara ringaren gainean?

Adrenalina topera izaten dut. Urduritasuna sentitzen dut, ezkutatu dezakezu baina nerbioak beti hor daude.

Nor da zure jarraitzailerik handiena?

Aita dela esango nuke, asko babesten nau. Amari ez zaio asko gustatzen, baina gero borroka guztietan bera da gehien oihukatzen duena. Anaia gazteari ere boxeatzea gustatzen zaio eta nirekin hasi da entrenatzen. Aitak eramaten gaitu Zumaiara, oso inplikatuta dago.

Zein da zure hurrengo helburua?

Espainiako txapelketa. Bide horretan konbate bat daukat hitzartuta. Konbate ezberdinak egongo dira eta irabazten joaten dena finalera iritsiko da. Horretarako gogor entrenatzen ari naiz.

Nortzuk dira zure erreferenteak?

Asko daude: Saul Alvarez, Terence Crawford, Errol Spence… Teknika desberdina duten boxeolariak dira, bakoitzak borrokatzeko estilo propioa du.

Bi txapelketa irabazi dituzu, aurrera begira zein da zure asmoa?

Bide honetatik jarraitzea da nire asmoa, ahalik eta gehien erakustea.

Itsaso Waliño Errasti




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide