Albisteak

[ELKARRIZKETA] Eñaut Gaztañaga: “96an eskolan kontzertu bat eman eta ordutik mila talde eta saltsatan aritu naiz, gelditu gabe”

Eñaut Gaztañaga musikari zestoarra “Ezpalak” proiektu berrian murgildu da. Taldearen izen bera daraman diskoa grabatu berri dute eta aurkezpen kontzertua eskainiko dute datorren larunbatean, Zestoako Gaztetxean. Rodeo eta Polybius talde zestoarrekin batera igoko dira oholtza gainera, Gaztetxearen 30. urtemugaren baitan. Talde berriaz, Grisesen etenaldiaz eta musikaz hizketan aritu gara Gaztañagarekin.

Betidanik izan duzu musikarekin harremana, ezta?

Bai, txikitatik. Zestoako haur asko bezala, musika eskolan ibili nintzen. Aitak gitarra jotzen zuen eta 10 nituela pare bat akorde irakatsi zizkidan. Berehala ikaskide batzuk “Amets gaizto” taldea sortu genuen. 96an eskolan kontzertu bat eman eta ordutik mila talde eta saltsatan aritu naiz, gelditu gabe.

Zure afizioa ofizio bihurtu zenuen…

Ez zen erabakitako zerbait izan, horrela etorri zen. Arte ederretan lizentziatu nintzen eta unibertsitatean nengoela gauza batzuk grabatzen hasi nintzen. Pixkanaka, lagun batzuei lantxoak egiten hasi eta azkenean, nire lanbide bilakatu zen.

Orain nire txokoa daukat baina edozein lekutan egin dezaket lan. Hasieran, Donostiako estudio batean ibiltzen nintzen. Lan dezente nuela konturatu nintzenean, Zestoan zertxobait muntatzea erabaki nuen. 2010ean zabaldu nuen estudioa.

Ze lan egiten dituzu?

Batez ere diskoen grabaketak egiten ditut. Talde bat etortzen da, grabaketa egiten dugu, hori guztia nahastu eta hor bukatzen da nire lana. Beste batzuk, disko baten produkzio lanak egiteko kontratatzen naute. Antzerkietarako musika sortu izan dut, lokuzioak ere egin ditut…

Zein da lan honen zatirik zailena?

Grabazio lanak gogorrak dira, ordu asko ematen ditugu eta  jende askoren iritzia kudeatu behar duzu. Edizioko lanak egitea ere ez dut oso gustuko. Gehien gustatzen zaidana nahasketa lanak egitea da, nire lanaren arlo sortzaileena da.

Ze talde pasa dira zure estudiotik?

Euskal Herri mailan abeslaririk ezagunena Izaro izan da. Berarekin batera etorri zen behin Mikel Urdangarin, Errefuxiatuena abestia grabatzera. Olatz Salvador bakarlaria ere gurean izan da. Baita Grises, Rural Zombis, Rodeo, Eraso, Yo Ciervo, Madeleine, Las Shakespeare eta beste hainbat ere.

Behin, Frantziako La Voz telebista programako finalera iritsi zen mutil bat etorri zen abesti bat grabatzera, oso kuriosoa izan zen, ez zekien erdaraz eta nik ere ez frantsesez, ahal genuen moduan komunikatu ginen.

Duela aste batzuk jakitera eman duzue Grisesek 2019an etenalditxoa egingo duela…

Bai, 2020an itzultzeko asmoa dugu. 10 urte gelditu gabe geundenez, deskantsatu eta ideia berriak hartzeko tartea hartzea erabaki genuen.

Bestalde, Raul Olaizolak taldea uztea erabaki zuen. Aspalditik itxita genuen 2019ko Sonorama jaialdiko kontzertua eta horren aitzakian, Raulekin beste hiru kontzertuko bira txiki bat egitea erabaki genuen. Uztailaren 5ean Dababadan izango gara, abuztuan Sonoraman eta azkenik, kontzertu sorpresa bat eskainiko dugu baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu.

Erabaki gogorra izan al da?

Uste dut naturalki hartutako erabaki bat izan dela baina publiko egin genuenean bertigo moduko bat sartu zitzaigun. Etenaldiaren berri emateko bideo bat publikatu genuen taldearen irudi eta letrekin eta hori ikustean hunkitu egin nintzen. Azkenean finean talde guztiek hartzen dute atsedenalditxoa. Gure agentzia ere utzi genuen eta hurrengo pausua nola eta nora eman pentsatzeko denbora hartu nahi genuen.

Etenaldi hau aprobetxatu duzu “Ezpalak” proiektu berrian sartzeko…

Grisesekin estilo bat lantzen dugu baina niri denetariko musika gustatzen zait. Rocka asko gustatzen zait eta abesti mordoxka idatzita nituen. Xabi Arrietak animatu ninduen taldea osatzera eta momentua orduan zela erabaki genuen.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Xabi Arrieta (Paspatu), Unai Eizagirre (Voltaia), Joanjo Beristainek (Los Moths) eta laurok osatzen dugu taldea. Hasiera batean Xabi, Unai eta hirurok hasi ginen eta nik abesteko ideia genuen. Jotzen hasi ginenean, ordea, bigarren plano batean egotea nahiago nuela ohartu nintzen. Grisesen ere “frontman” lanetan aritzen naiz eta bigarren talde honetan atzerago egon nahi nuen eta gitarran zentratu. Gauzak horrela, abeslari baten bila hasi ginen.

Kasualitatez joan den udan Tuterako “Los Moths” taldea izan zen estudioan diskoa bat grabatzen eta Joanjo Beristain abeslariaren ahotsa asko gustatu zitzaidan. Gure taldearen berri emateko deitu nion. Lehenengo euskaraz ba al zekien galdetu nion eta berak ezetz. Bere familia euskalduna dela esan zidan eta euskal musika entzuten zuela. Euskarazko abesti bat grabatu eta bidali zidan eta asko gustatu zitzaigun. Idatzita geneuzkan abesti guztiak bidali genizkion eta egun batean Zestoara etorri eta bere ahotsarekin kanta guztiak grabatu genituen.

Ze musika mota egiten duzue?

90. hamarkadako rock alternatiboa gustatzen zaigu lauroi. Garbi nuen Grisesen antzeko zerbait ez nuela egin nahi. Gitarraren soinua asko gustatzen zait eta hortik abiatuta zerbait egin nahi nuen. “The Smashing Pumpkins”, “Nirvana”, “Alice in Change” edota “Dinosaur Jr” dira gure influentzi taldeak. Kanta rockeroak dira, hots melodikoa dute eta euskaraz abesten dugu.

Nolakoak dira abestien letrak?

Nik idatzi ohi ditut eta normalean oso barrutik idazten ditut. Nahiko pertsonalak izaten dira baina norberak bere interpretazio propioa egin dezake. Ez dira oso konkretuak, gaiak badituzte baina metaforikoak dira.

Hemen duzue disko osoa entzungai:







Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide