Albisteak

[ELKARRIZKETA] Ezpalak: “Zuzeneko indartsuak egin nahi ditugu”

Ezpalak laukoteak Kolpatu topatu izeneko bigarren diskoa kaleratu berri du. Asteburu honetan Zestoako Gaztetxean aurkeztuko dute lana. Janardana Iglesias eta Eñaut Gaztañaga taldeko bateria-jotzaile eta gitarristarekin izan gara, disko berriaren inguruan hizketan.

Duela aste gutxi aurkeztu duzue zuen bigarren lana, Kolpatu topatu izenburupean. Zer aurkituko dugu disko horretan?

Eñaut: Lehengo diskoa 2019an atera genuen. Grisesen etenaldia iragarri genuen orduan eta nik abesti batzuk eginda nituen. Juanjo Beristain, Unai Eizagirre, Xabi Arrieta eta laurok elkartu eta taldea osatu genuen. Lau bat entsegu egin eta abesti horiek grabatu genituen. Bi urte pasa dira ordutik eta taldea ezagutzen joan gara denbora horretan. Orain, disko berri bat egiteko unea iritsi da. Disko berri honetan, elkar hobeto ezagututa, bakoitzak zer lortu nahi zuen argi genuen. Disko zuzenago bat egitea pentsatu genuen. Disko hau zuzenagoa da eta izenburua ere hortik doa, Kolpatu topatu. Juanjo taldeko abeslariak esaten duen moduan “kolpe bat izan behar zuen mahai gainean”. Letrak zuzenagoak dira, indartsuagoak.

Ze ezberdintasun daude lehenengo eta bigarren diskoen artean?

Eñaut: Esan bezala, bigarren lan honetan gehiago ezagutzen dugu elkar. Lanari ze ekoizpen eman nahi genion gehiago pentsatu dugu. Disko hau landuagoa da, soinu eta letra aldetik.

Zein dira zuen erreferentziak?

Eñaut: Gure oinarria 90. hamarkadako grungean dago. Gure eraginak post-punk Britanikoan daude: Igles edota Fountaines D.C. taldeen eraginak ditugu.

Laukoteak buelta bat eman du, Xabik taldea utzi eta Janardana sartu da. Nolakoa izan da aldaketa?

Janardana: Niretzat opari bat izan da. Ezpalak hasieratik asko gustatu zaidan talde bat da eta hain gustuko duzun talde batek bertako kidei izateko proposamena luzatzea sekulakoa da. Ia amets bat bezala da. Hasieran pixka bat kostatu zitzaidan, oraindik asko dago ikasteko baina pixkanaka ari naiz, eta oso gustura nago.

Eñaut: Xabi bi taldetan zegoen eta azkenean aukera egin behar izan zuen. Janardanari proposatu genion. Xabiren bateriak ikasi behar izan ditu eta beti beste baten instrumentuak ikastea arrotza izaten da. Baina, oso ondo ari da, “forman” jarri da.

Bi urteko ibilbidearen ondoren, ze norabide hartuko duzuen finkatu duzue edo oraindik bila zabiltzate?

Eñaut: Taldeak forma eta izaera propioa hartu ditu, batez ere disko honetan. Badakigu zer nahi dugun eta nora joan nahi dugun. Zuzeneko indartsuak egin nahi ditugu, gure musika ahalik eta jende gehiengana iristea gustatuko litzaiguke. Lehen, hasieran, sortzen ari zen talde bat ginen. Orain, norabidea finkatu dugu eta ibilbide bat egin behar dugu.

Biran murgilduta zaudete, zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Eñaut: Sekulako gogoa nuen zuzenekoekin hasteko. Disko berri hau aspalditik grabatuta genuen eta luze egin da. Esperientzia oso ona izaten ari da.

Janardana: Neuk ere gogo handia nuen eta asko ari naiz disfrutatzen. Jendeak oso gustura hartzen gaitu. Kontzertu hauek bereziak dira. Nahiz eta jendea eserita egon feedback ona jasotzen ari gara. Pixkanaka ohitzen ari gara honetara.

Ze harrera izan du disko berriak?

Janardana: Harrera ona izaten ari da, disko berezia da eta jendeari gustatu zaio hori. Kontzertuetako sarrerak ere ondo ari dira saltzen.

Gaztain estudioetan grabatu duzue bigarren lan hau ere. Etxean jokatzeak abantailak izango ditu, ezta?

Eñaut: Bai, egia esan, disko berri hau konfinamenduan lantzen hasi ginen. Konfinamendua amaitu eta berehala sartu ginen estudioan. Azkenean, zure estudioan grabatzean, zuk nahi duzun bezala egiten duzu eta nahi duzun denbora hartzen duzu hori egiteko.

Asteburu honetan bi kontzertu eskainiko dituzue Gaztetxean. Herrian jotzeak xarma berezia al du?

Eñaut: Bai, etxean jotzea beti da berezia.

Janardana: Diskoaren estreinako kontzertua Gaztetxean eskaini behar genuen baina azkenean atzeratu egin behar izan genuen. Gogo handia dut Zestoan jotzeko, lagunartean eta gertuko jendearekin.

Ze plangintza duzue udarako?

Eñaut: Orain ahalik eta kontzertu gehien eskaintzen ari gara. Urtebete edo pasako dugu disko hau aurkezten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide