Albisteak

[ELKARRIZKETA] Gipuzkoako zahar egoitzen grebaren berri eman digu Janire Diaz ELAko eskualdeko koordinatzaileak

Janire Diaz (Zestoa, 30 urte) ­‐ Bere garaian Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Janirek, baina betidanik langile klasearekiko enpatia berezia sentitu izan duela esan du. Duela lau urte ELAko hautaketa frogeta aurkezteko aukera izan zuen, eta ordutik bertan komunikazioa eta euskal sindikalgintza uztartuz dabil. Urola kostan zerbitzuen sektoreko arduraduna izan da, sektore pribatizatuak lantzen, hala nola, garbitasuna, ostalaritza etab. eta azkenaldian Deba eskualdeaz arduratu izan da.

Orain zer duzu esku artean?

Orain Gipuzkoako egoitzetako gatazka ari naiz kudeatzen bi eskualdeetan, Urolan eta Deban . Duela bi urte hasi nintzen gatazka honekin lanean.

Egoitzetako langileek 85 egunetik gora daramatzate greban, aurreko urteko irailetik orain arte, etenaldiekin. Greban dauden egoitzetako langileak, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dituen enpresa azpikontratatuetako langileak dira. Hauek 2016tik daramate lan-hitzarmena berritu gabe eta 2017 hasieran hasi ginen hau berritzeko negoziaketetan. Ordutik ez da aurrerapausurik egin. Abenduan, ELA gehiengo sindikala izanda, akordio batera iritsi ziren patronatuaren gehiengoarekin. Beraz, akordioa itxita dago, baina orain oztopo larriena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dugu, honek akordioa ez sinatzeko erabakia hartu baitu, diru gehiegi dela argudiatuz. Aldundiak eskaintzen duen zerbitzua da egoitzena, baina zerbitzu hau azpikontratatua izatean erantzukizuna enpresa pribatuari eskatzeko esaten digute.

Duela hilabete Eusko Jaurlaritzak eragile guztiak biltzeko deialdia egin zuen. Sindikatu guztiak, patronatuak, Aldundia… guztiok geunden deituak bilerara eta Aldundia ez zen bertaratu.

Zein da hitzarmen honen irismena?

Egoitzetako langileak, eguneko zentroetakoak eta tutoretzapeko etxebizitzetakoak sartzen dira hitzarmen honetan. Gipuzkoa mailako hitzarmena ari gara negoziatzen eta hitzarmen berria aurrera aterako balitz egoitza guztietan izango litzateke aplikagarria. Baina gero, egoitza bakoitzak bere hitzarmena izateko eskubidea du eta, Zestoako egoitzaren kasuan adibidez, langileek euren hitzarmen propioa dute.

Zein aldaketa eskatzen dituzue hitzarmenean?

Hitzarmenean eskatzen dena da, besteak beste, soldata igoera, lanaldi partzialekin amaitzea, lanaldi osoak izatea eta aldi baterako langile kopurua jaistea; baina batez ere, ratioak hobetzea eta langile kopurua igotzea eskatzen dugu.

Azterketa bat egin dugu jakiteko zenbat minutu eskaintzen zaion egoiliar baten zaintzari egunean eta bataz bestekoa 92 minutukoa da. Egunak dituen 24 ordutatik 92 minutu soilik eskaintzen zaizkio pertsona horri. Gainontzeko denbora, siestan edo telebista aurrean igarotzen dute. Euren oinarrizko beharrak asetzeko denbora justua eskaintzen diete.

Iruditzen zaigu arazoa ez dela soilik langileena, guztiona baizik. Kalitatezko ongizate sistema bat edukitzeko neurriak ari gara eskatzen. Gainera, gizartean gaur egun, sektore honengan, gero eta behar gehiago ari gara izaten.

Zein izan dira orain arte egin dituzuen ekintzetako batzuk?

Ekainaren 17tik uztailaren 22ra izan den azken greban elkarretaratzeak egin ditugu Aldundiaren aurrean, manifestazioak Donostian, mahai-inguruak, eskualde mailan, berriz, auto karabanak eta martxak herriz herri… Helburua gatazka hau ikusaraztea da. Azken ekintza, Donostiako bulebarrean egin genuen 3 eguneko kanpaldia izan da. Eragile pila gerturatu zitzaizkigun babesa ematera.

Zer moduzko erantzuna izan du orain arte grebak?

Jarraipen oso ona ari da izaten. Kontuan hartu behar da zerbitzu minimoen ratioa oso altua dela, %80-koa, eta horrek greba egiterako orduan ez duela tarte askorik uzten. Hala ere, erantzuna oso positiboa izan da. Jendea fuerte dago, eta gogoarekin. Ez dakigu noiz bukatuko den hau, seguruenik luze joko du, inguruan administrazio publikoarekin zerikusia izan duten grebak ikusita. Baina badakigu irabaziko dugula, ez delako soilik langileen kontua, egoiliarrena ere badelako, euren familiena eta guztiona.

Ikuspuntu feminista ere badu grebak, ezta?

Bai, ikuspuntu feminista du borroka honek ere. Zaintza sektorea gehienbat emakumeena da oraindik, %95a emakumeak dira, gizartean oraindik baztertua dagoen sektorea da eta ez da behar bezala baloratzen. Konparaketa bat egin genuen eta Gipuzkoako egoitzetako langile batek (gehienbat emakumezkoak) eta kale garbitzaile batek (gehienbat gizonezkoak) %30eko soldata arrakala dute, urtean 6.000 eurotakoa. Beraz, sektore feminizatuetan oraindik asko dago egiteko.

Zein dira zure lanari ikusten dizkiozun alderdi onenak eta zailenak?

Lan honen alderdi zailena, pertsonekin lan egitean asko enpatizatzen dela eta askotan nahiko nukeen erantzuna ezin dudala eman, ez dagoelako norberaren esku. Gauzak ongi ateratzen ez direnean zaila da alderdi profesionala eta pertsonala ez nahastea. Eta alderdi ona, berriz, jendeari laguntzea dela, asko eskertzen dutela, jende pila bat ezagutzen dela eta pertsonalki asko ikasten dela. Euskal langileen onerako eta ongizate baterako ari gara lanean, eta horrek asko asebetetzen nau.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide