Albisteak

[ELKARRIZKETA] Hasi dira Karmenak Arroabean eta festa batzordeko kideekin izan gara

Goizeko 11:00etako “bonbazoarekin” eman zaie hasiera Arroabeko Karmen jaiei. Duela hilabete batzuetatik lanenan ibili da Festa Batzordea, jaietako egitaraua antolatzen. Maia Ossa eta Irati Mantsizidor festa batzordeko kideekin izan gara:

Noiztik ari zarete festak antolatzen?

Festak antolatzeko lehen bilera otsailean egin genuen. Baina gehiago edo gutxiago urte guztian zehar ideiak biltzen joaten gara festetan gauzatzeko. Adibidez, kontzerturen batera joan eta gustatuz gero apuntatuta gelditzen da, festak zein egunetan izango diren ere aurreikusten dugu,… baina bilerak egiten otsailean edo martxoan hasten gara normalean.

Behin bilerekin hasita gauzak lotzen joaten gara, eta maiatza/ekaina inguruan festak guztiz antolatuta izaten saiatzen gara.

Zenbat jende aritzen zarete festa batzordean?

Bileretan 10 lagun inguru elkartzen gara, baina festa batzordea azken finean “talde motorea” da. Batzordean antolatzen dugu egitaraua, baina ekimen guztiak ez ditugu guk antolatzen. Adibidez, haurren eguneko jolasak gurasoek antolatzen dituzte, jubilatuek ere antolatzen dituzte ekimenak,…

Zer nabarmenduko zenukete aurtengo egitarautik?

Aurtengo berritasun nagusia bertsolari gazteen saioa izango da, ostegun gauean izango da (gaur). Horretaz gain, urtero larunbat gauean kontzertu potenteak ekartzen saiatzen gara, kontzertuetara jendea erakarriz batzordearentzat ere diru sarrera on bat bermatzen dugu txosnetako kontsumizioen bidez. Ostiralean eta larunbatean parranda egiteko aukera izango da.

Hurrengo urteari begira hasi al zarete?

Festa batzordea oso positiboa da herritarrontzat, bertan 16-30 urte bitarteko jendea biltzen gara. Festak azken finean aitzakia moduko bat dira, benetan garrantzitsua herria dinamizatzea da eta herriko jendearen artean harremanak sendotzea.

Arroabeko Karmenetako egitaraua

Festa Batzordearen facebook orrialdea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide