Albisteak

[ELKARRIZKETA] Inguruetako sugarrak itzaltzen

Suhiltzaileak dira Ander Telleria eta Mikel Nogales zestoarrak. Egunero zerbait berriarekin topo egiten dute lanean eta horrek asko erakartzen duela diote. Oso gustura dabiltza biak eta beren esperientziaz hitz egin dugu kafe baten bueltan:

Zergatik aukeratu zenuten suhiltzaile izatea?

Mikel: Nire inguruan eskalatzaile batzuk suhiltzaileak ziren. Orduan enpresa batenan ibiltzen nintzena lanean, mantentze lanetan eta aspertu egiten nintzen. Suhiltzaile lanean ikusi nuen jarduera ezberdinak egiten zirela. Ordutegia ere ezberdina zen asteburuetan lana egin behar zen eta niri astelehenetik ostiralera bitarteko errutina hori ez zitzaidan gustatzen, kontra joatea gustatzen zait. Horrek erakarri ninduen. Kuriositatea nuen eta banekien lan honek egonkortasuna emango zidala.

Ander: Egia esan ez dakit nondik datorren. Nire inguruan ez dago inor mundu horretan. Gaztetatik izan dut buruan eta hori mantentzen joan naiz. Alde batetik lan ezberdina da, azkenean zerbait ona egiten dugu. Oso lan eskertua da. Norbaitek egin behar du eta egoera bat konpontzen duzunean oso ondo sentitzen zara.

Noiz hasi zineten lan honetan?

Ander: 2020ko abuztua hasi nintzen. Legazpin eta Ordizian izan nintzen hasieran eta orain Zarautzeko parkean nago eta ematen duenez, pixkaterako geldituko naiz.

Mikel: Hamar urte eta erdi daramatzat lanean, Iurretako parkean.

Zein izaten da zuen egunerokoa?

Mikel: 24 orduko txandak egiten ditugu: goizeko zortzietatik zortzietara. Parkera iristean, kaboak lanak banatzen ditu. Bakoitzak egun horretan izango duen postua zein den azaltzen du eta kamioiak banatzen ditu. Kamioiak ondo daudela konprobatzen dugu. Irteera bakoitzean lan ezberdinak daude eta horiek zein izango diren ere zehazten du kaboak.

Goizean kamioiak errebisatzen ditugu eta praktikak egiten ditugu. Etengabe formatzen ari gara. Eguerdian bazkaldu eta deskantsatzeko tarte bat hartzen dugu. Arratsaldean, kirola eta maniobra batzuk egiten ditugu.

Ander: Gure funtzionamendua ere antzekoa da. Guk ere 24 orduko txandak egiten ditugu baina eguerdiko ordubietan sartzen gara, hurrengo eguneko ordubiak arte. Praktikak arratsaldean eta goizean egiten ditugu eta guk afaldu egiten dugu, eguerdian sartzen gara eta.

Nolakoa da suhiltzaile parke bat barrutik?

Mikel: Sarreran kontrolerako bulegoa dago, eta hor emisoreak eta horrelakoak daude. Gero takilak, aldagelak, dutxak, gimnasioa… Lehenengo solairuan kamioiak daude eta traje ezberdinak. Hori da elkargunea. Barratik zuzenean leku horretara joaten gara. Tailertxo bat ere badugu, sukaldea, gelak komunak, kurtsoak egiteko gela bat…

Ander: Gure parkea ere oso antzekoa da.

Zein da zuen parkeen arteko desberdintasuna?

Mikel: Gure parkea handietakoa da, Bizkaian lau handi eta lau txiki daude eta Iurretakoa horietako bat da. Zortzi pertsonako erreleboak izaten ditugu.

Ander: Gipuzkoako parke denak, berriz, berdinak dira, Irunekoa izan ezik. Hori handiagoa da, biztanle kopuruagatik. Hemen ere zortzi parke ditugu. Gure parkean, bost pertsonako erreleboak egiten ditugu.

Covid-19ak nola aldatu du zuen egunerokoa?

Mikel: Dezente aldatu da. Musukoarekin ibiltzen gara, jaterako orduan banatu egiten gara eta lo egiteko ere bai. Erreleboak aldatzean distantziak mantendu behar ditugu…

Ander: Gurean ere berdin. Interbentzio bat egiterakoan pertsona positiboak izan ditugu. Kasu horietan dena asko aldatzen da. Bigarren graduko jantziak jantzi behar ditugu, traje bakteriologikokoak. Dena konplikatu eta luzatu egiten da kasu horietan.

Ze motatako irteerak egiten dituzue gehien?

Mikel: Bolarak egoten dira. Denetik izaten dugu: suteak, istripuak, erreskateak, gas fugak….

Ander: Askotan parketik irten eta lekura iritsi aurretik ere buelta ematen dugu.

Nolakoa izaten da parkean sirenak jotzen duen momentu hori?

Ander: Elkargunera joaten gara zuzenean. Bakoitzak txanda bakoitzean badaki zer egin behar duen. Pantaila bat dago leku horretan eta hor jartzen du kokapena. Dena protokolizatuta dago.

Denbora zehatzik izaten al duzue parketik irteteko?

Mikel: Ez dago denbora bat, ahal den azkarren irten behar dugu.

Ander: Esan behar dut hasieran uste nuena baino lasaiago hartzen dugula momentu hori. Buruan daukagu dena azkar egiten dela. Azkar gertatzen da baina denbora ematen du. Minutu bat gora edo behera gauza ez da asko aldatzen.

Zein dira irteerarik gogorrenak?

Mikel: Gehien hunkitu nautenak lan istripuak izan dira. Kasu bakoitzak du bere gogortasuna fisikoki edo psikologikoki.

Ander: Oraindik hasi berria naiz. Mikelek esan moduan, lan istripuek ere asko hunkitzen naute, horrelako egoerak ikustea oso gogorra da.

Momentu horiek nola kudeatzen dira?

Mikel: Bizitza horrela dela ikusi eta gauza horiek gertatu egiten direla pentsatu behar da eta guk ahal duguna egiten dugu, norbaitek egin behar du. Nik mentalki ondo eramaten dut. Hasieran beldur gehiagorekin joaten nintzen lehen auto istripuetara adibidez ez nekielako egoera hori konpontzeko gai izango nintzen. Orain, urteek aurrera egin ahala, hobeto kudeatzen dut baina gauza askok tristura ematen dute, hasieran bezalaxe.

Ander: Orain hasi naiz lasaiago irteten parketik. Hasieran, inoiz ez zara horrelako egoera batean egon eta ez dakizu nola erreakzionatuko duzun. Ez zara pentsatzen ari zer ikusiko duzun baizik eta ikusiko duzun hori kudeatzeko eta konpontzeko gai izango zaren pentsatzen duzu. Orain ikusten dut joaten garela eta gauzak atera egiten direla.

Horrelako lan batean oso garrantzitsua izango da talde lana, ezta?

Mikel: Bai, gure lana ekipoa da, ez da lan indibiduala. Egoerak oso ezberdinak dira eta taldeak konpontzen ditu, segurtasuna taldeak ematen dizu. Egoera askotan batzuk gauzak garbiago ikusten dituzte eta bestetan beste batzuk. Batek egin ezin duena besteak egiten du. Interbentzioetan elkar ulertu, errespetatu eta entzutea oso garrantzitsua da.

Ander: Gainera, 24 orduko elkarbizitza da eta oso garrantzitsua da taldean giro ona izatea.

Azpeitiko Irurena enpresan gertatutakoa bezalako suteetan nola jokatzen duzue?

Mikel: Horrelakoetan lehen kaldak jaitsi arte egoten gara, sute horiek kaloria asko izaten dituzte. Arriskuak zein diren ikusi behar da, ez gara hasieratik sartzen. Pertsona bat erreskatatzeko badago bai, sartzen gara. Irurena bezalako sute batean hasieran urak ezer gutxi egiten du, segituan baporatzen da. Sute batean pertsonak ez badaude ez dugu gure burua arriskuan jartzen baina pertsonak badaude arrisku gehiago hartzen dugu.

Ander: Azkenean gure baliabideekin jokatu behar dugu, gure helburua behar ez den arriskurik ez hartzea eta kalteak murriztea da. Horretarako, garrantzizkoena pertsonak artatzea da. Ondoren, ondasun materialak, animaliak edota basoak babesteko lanak egiten ditugu.

Bidasoa inguruko mendiak erre ziren otsailean. Kasu horietan zer egiten duzue?

Ander: Bidasoako sutera joatea tokatu zitzaidan. Potoloa izan zen, 2.000 hektarea erre ziren guztira eta hori hemen ez da ohikoa. Horrelako su handi bat dagoenean baserriak, enpresak, transformazio guneak… babestea izaten da gure lana. Suari aurre hartzen diogu eta gune horiek urez bustitzen ditugu batetik, eta sua gerturatzen denean itzaltze lanei ekiten diogu.

Ez da ohikoa Euskal Herrian horrelako suteak gertatzea.

Mikel: Bidasoakoa handia izan zen baina sute txikiagoak tokatzen zaizkigu. Arrisku asko hartzen dira horrelakoetan kamioiarekin. Nik pare bat eskapada egin ditut sute horietan, horrelakoetan ez dakizu egoera noiz aldatuko den.

Zein dira tentsio handieneko momentuak?

Ander: Kamioia gidatzen zoazela tentsio uneak bizitzen ditugu, ez dakigu lekura iristean zer aurkituko dugun.

Mikel: Ez dakigu noiz aldatuko den egoera batzuetan uste duzu dena kontrolatuta duzula baina dena segundo batean alda daiteke.

Zer da gehien erakartzen duena?

Ander: Niretzat lanera joatea abentura bat bezala da, gustura joaten naiz. Askotan asteburuan edo harrapatzen bazaitu nahiago duzu hemen egon lagunekin edo baina oso gustura joaten naiz. Han zaudenean beti duzu tentsio puntu hori eta bizia ematen dizu adrenalina puntu horrek. Gero, irteeran soltatzen duzu dena. Batzuetan ez da ezer gertatzen eta beste batzuetan, 24 ordu, edozer gerta daiteke.

Mikel: Denak erakartzen du: talde lanak, elkarbizitzak, kamioiak…. Lan ezberdina izateak ez dakizu egun batean zer tokatuko zaizun, lanera joatea ez da errutina.

Eta amaitzeko, zer da lan honek duen onena eta txarrena?

Mikel: Txarrena, ikusten dituzun egoerak eta batzuetan zure burua arriskuan jartzen duzula, nahi baino gehiago, kontziente izan gabe. Eta onena, hamar urte azkar pasa zaizkidala, disfrutatu egiten dudala. Beti zaude ikasten.

Ander: Onena da asko ari naizela ikasten. Pertsonalki ere zure buruarekin segurtasuna izaten laguntzen du, bizitza baloratzen. Egunerokoan pertsona batek ikusten ez dituen gauzak ikusten dituzu eta hori zure bizitzan gauzak kudeatzen ikasteko tresnak ematen dizkizu. Eta txarrena, oraindik ez dakit zer den, beti daude gauza txarrak lan guztietan bezala baina oso gustura nago.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide