Albisteak

[ELKARRIZKETA] Ione Miren Garciarena: “Herriarekin harremana galdu dugu fisikoki, baina ez beraien indarra eta babesa”

Gisasola egoitzako zuzendaria da Ione Miren Garciarena. Une zailak pasatzen ari dira koronabirusaren krisiak eraginda. Azken asteak nolakoak izan diren azaldu digu elkarrizketa honetan:

Zein da zuen egoera?

Egoitza une honetan lasai dago, ongi dago. Egoiliarrak osasun aldetik egonkor daude, eta lasai. Lan taldea ere indar handiz ari da lanean, energiak dosifikatzen, badakigu denboran luzatuko den egoera baten aurrean gaudela, eta orain gauden bezala mantentzea lortzea da gure helburu nagusia. Prebentzio plana lehen egunean bezela gogor mantendu nahian gaude, honelako triskantza sortzen ari den SARS-COV-2 birusa gure egoitza barrura sar ez dadin.

Nola ari zarete antolatzen?

Martxoko lehen astean, lan taldearen egutegia eraldatu genuen, eguneko irteerak eta sarrerak murriztuz, beste antolaketa mota batzuk aztertzen genituen bitartean. Aholkua eskatu genuen, departamentu ezberdinetan: erizaintza sindikatuan, arrisku prebentzio departamentuan eta baita gaixotasun kutsakorreko departamentuko mediku eta erizain arduradunei. Antolaketa mota ezberdinen gauza onak eta txarrak aztertu nahi genituen eta horren arabera gure erabaki definitiboa hartu. Aukera guztiak ongi aztertu ondoren, lan taldearen eta egoiliarren onura babesteko gai zen antolaketarekin jarraitzea erabaki genuen, eta honela jarraitzen dugu. Lan orduak luzatu ditugu, lan talde finkoa dago lanean, erreserba taldea ere prest dugu edozein unetan lanean hasteko eta arreta zuzeneko lankide batzuk etxetik jarri ditugu lanean, guri aholkua eta babesa emateko.

Nola zaudete animikoki?

Ezin ukatu egoera nekagarria dela, goibela, eta gugan tristura sortzen duela luzaroan egoitzari suposatuko dion gainkarga afektibo eta psikologikoa ikusita. Batez ere, gure inguruan lagunak eta ezagunak ditugun egoitzetan bizitzen ari diren egoera hain gogorrak ikusita. Beren esku izan dituzten neurri guztiak hartu ondoren, birusak etxera sartu eta izugarrizko krudeltasunez gogor jotzen duela ikusterakoan.

Babes handia sentitzen ari gara Zestoako herritarren aldetik, jende askok idatzi eta deitu digu laguntza eskaintzen, edozer behar izanez gero hor daudela adierazteko. Herriarekin harremana galdu dugu fisikoki, baina ez beraien indarra eta babesa, eta konpromiso handiko herria dela garbi azaltzen ari da, eta horrek asko hunkitzen gaitu, eta indarra ematen digu.

Senideen partetik ere izugarria da bultzada. Ahal dugun modu guztietan ari gara komunikazioa errazten, beraien senideekin harremana ahalik eta onena izan dadin, eta babes handia jaso dugu bueltan.

Guzti honek lan taldea indartzen laguntzen du, eta gure indarrak neurtzen ere bai, guk diogun bezala, egoitzak “maratoi” baten aurrean gaudela argi daukagu. Gizarteak neurriak arintzea lortzen badu ere, egoitzak luzaroan izango ditugu neurri zorrotz asko mantendu beharra beraz, pixkanaka eta pausoz pauso goaz.

Lan taldeari COVID-19aren probak egin berri dizkiete, ezta?

Dakizuen bezala, Diputazioak, eta Osakidetzak, departamentu denak jarraipena egiten digute egoitza guztiei, eta azaldu ziguten testak egingo zizkigutela denei.

Halaxe izan ziren gureak, joan den astelehenean egin zizkiguten probak eta emaitzak asteazkenean jakin genituen. Arrisku prebentzioaren departamentuaren bidez, lan taldeak birusarekin harremanik ez zuela izan azaldu ziguten, eta momentuz, ez dago birusaren eramaile asintomatikorik. Horrek ez du esan nahi babestuta gaudeneik, azaltzen digun gauza bakarra lanean jarraitu behar dugula, neurri zorrotzak mantenduz lanean, eta lanetik kanpo, etxean eta etxetik ateratzean. Ongi babesten gaituzten materialak erabili beti, eta edozein ezbehar, kezkaren aurrean elkar komunikatzen jarraitu egunero, uneoro. Baina ezin ukatu hunkitu egin ginela, hilabete gogor honen ostean, bultzada eman digute emaitzek, aurrera jarraitzeko.

Suhiltzaileak ere izan dira desinfekzio lanak egiten…

Alde batetik suhiltzaileak lau egunetik behin etortzen dira gauez gure egoitzara,  lau kideko talde berdina. Bestalde, udaletxeko brigadak kanpoko guneak pasatzen ditu oso sarri, gure sarrera guneko inguruak. Nahiz eta gure garbitze protokoloa asko aldatu eta gehitu den, dena da ongi etorria une hauetan. Prebentzio lanak areagotzen laguntzen duten neurriak dira, eta Diputazioak bere Txoke Planean sartua duen ekintzetako bat.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide