Albisteak

[ELKARRIZKETA] Ione Zuloaga: “Testigantzak emandakoan jendeak lasaitasuna sentitzen du”

“Zestoa 1936-1959, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan” argitalpena aurkeztuko dute datorren igandean, hilak 24, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko areto nagusian. Ione Zuloaga Muxika Aranzadi Zientzia Elkarteako ikerlariak osatu du lana, Juantxo Agirre, Javier Buces, Karlos Almorza, Iraitz Arizabaleta, Iñaki Egaña, Francisco Etxeberria, Miren Garcia, Lourdes Herrasti, Marijose Hernández, Rebeca Martínez, Leire Padilla eta Maider Urretabizkaiaren kolaborazioarekin.

Gerra Zibila eta Lehen Frankismoan Zestoako herrian gertatutakoren inguruan ikerketa sakon bat egiteko lehen urratsak 2020an eman ziren. Udalak eta Aranzadik herriko memoria historikoa berreskuratzeko hitzarmena sinatu zuten urte hartan. Hiru urteko lanaren ondorioa da, beraz igandean aurkeztuko den liburua. Udalaren esanetan, proiektuaren helburua Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan udalerrian eta bizilagunekin gertatukoaren egia ezagutzea da, modu zientifiko baten bitartez eta horren emaitza biktimen familiarren, bizilagunen eta euskal hiritar guztien eskuetan eskuragai uztea.

Ione Zuloaga proiektuaren egilearekin bildu gara, eta egindako lanaren inguruko hainbat datu eman dizkigu.

Nola osatu duzue proiektua?

Lan egiterako orduan metodo zientifikoan oinarritzen gara. Lehen eta bigarren mailako iturriak izaten ditugu, baina guk normalean, lehenengo mailakoak erabiltzen ditugu: herriko artxiboa, artxibo militarrak, artxibo estatalak, memoria historikoko zentro dokumentala… Dokumentu horiek interpretatu eta testuinguruan jartzen ditugu. Aztertzen ditugun dokumentuen portzentaia handi bat frankistak dira eta hori ere kontuan izan behar da, interpretazio hori ahalik eta objektibotasun handienarekin egin behar da. Dokumentu askotan ez dauden gauzak testigantza bidez jasotzen ditugu, lanari osaera emateko, eta gero jasotakoa kontrastatzen dugu.

Herrira iritsitakoan bertako artxiboa miatzen hasten gara, eta Oroimen bulegoa zabaltzen dugu. Zestoan 2020ko martxoan zabaldu genuen, bertan, herritarren testigantzak, argazkiak… jasotzeko aukera izan genuen.

Jendeak garai hartan gertatutakoa kontatzeko prestutasunik ba al du?

Egoera ezberdin asko daude baina orokorrean, testigantzak emandakoan jendeak lasaitasuna sentitzen du. Hainbeste urtez zerbait barruan izan ondoren kontatzeak lasaitu egiten du jendea. Kontatzea erreparaziorako bide bat da, eta igandean egingo dugun omenaldiak errekonozimendua dakar. Bizipen horiek publiko egitea, eta instituzioetatik gainera, oso garrantzitsua da.

Ze erantzun eman dute zestoarrek?

Zestoan oso jende ona eta eskuzabala aurkitu dugu, beti laguntzeko prest dagoena. Guztira 24 pertsonekin egon gara kontaktuan, eta liburuan 14 elkarrizketa argitaratu ditugu. Bestalde, Danbolinek egindako argitalpen batzuk ere baliagarriak izan dira garai hartako Zestoa nolakoa zen jakiteko. Hainbat herritarren lana ere ezinbestekoak izan da, besteak beste, Fernando Arzallusena, edo Ibon Ibargurenena. Herri batera sartzen zarenean bertako jendeari esker lortzen duzu gertatutakoa gertuagotik sentitzea. Tokiko mapa egiterako orduan bertako jendeak esandakoa jasotzea oso inportantea da.

Nola antolatu duzue liburua?

Bi liburukitan argitaratu ditugu, hiru kapitulotan banatuta. Lehenengoa, 1923ean, Miguel Primo de Riverak estatu kolpea ematen  duenean hasten da, eta 1936ko uztailaren 17-18an estatu kolpea ematen denean amaitzen da. Bertan, testuinguru orokorra ematen da, baina herrian aplikatuta: udalbatzak, herriko giroa, garai hartako emakumeen egoera…

Bigarren zatian, estatu kolpea ematen denetik, Zestoara tropa frankistak sartu (1936ko irailaren 21a) arteko aldia kontatzen da. Hirugarren zatian, berriz, 1936ko irailaren 21etik 1959ra arteko urteak sartzen dira. Frankisten errepresioak herrian izan zuen eragina kontatzen da, errepresio ekonomikoa, politikoa… Amaitzeko, liburuaren bukaeran herritarren testigantzak daude.

*Zuloagaren oharra: Norbaitek dokumenturen bat aurkitu nahi badu, edo argitalpenean zerbait faltan botatzen badu eta desadostasunen bat badu, gurekin lasai jar daiteke kontaktuan, memoria@aranzadi.eus helbidean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide