Albisteak

[ELKARRIZKETA] Itziar Larrañaga: “Nire ikuspegitik sendabidea geure barrutik datorkigu, eta egoera hau ez da salbuespena”

Itziar Larrañaga (Zestoa, 1953) 33 urtez aritu da lanean familiako mediku gisa. Erretiratuta egon arren, osasunaren inguruko bere ikuspegia plazaratu eta biztanleak koronabirusaren aurrean egiten ari diren ahaleginaren inguruan mintzatu da.

 

Maskaren eraginkortasunaren inguruan bertsio ezberdinak entzun ditugu denbora guzti honetan. Eraginkorra al da birusaren transmisioa ekiditeko?

Kuantitaiboki ez dakit, ez dudalako denborarik hartu argitaratutakoa irakurtzeko. Halere, nik beti ikasi dudanaren arabera, arnas aparatua hartzen duten infekzioaetan ahoa eta sudurra (eztula…) birusak edo bakterioak elkarri pasatzeko bide garrantzitsuak dira. Beraz, horretarako eraginkortasuna baduela uste dut. 

Espainia da maskara momentu oro jantzita eramatea derrigortzen duen herrialde bakarra… 

Honen inguruan ez daukat iritzi eginik. Deserosoa iruditzen zait, eta bere kalte kolateralak ere badituela, nik zerrendatu ezin ditudanak, dagoen informazio guztia ere ez dudalako menperatzen. Baina, kontuan izanik dagoen izu egoera, jende gehienari segurtasuna ere ematen diola uste dut. Estatu bakoitzean hartutako erabakiak, arduradunen ikuspegiaren araberakoak izanik, emaitzak ikusi zain egotea besterik ez datorkit burura. Deserosotasuna bestalde, ez zait kezkagarria egiten, bere horretan, askotan, erosotasunaren izenean osasuntsuak ez diren ohiturak barne hartzen baititugu, eta beste askotan deserosoak egiten zaizkigun hainbat ekimen osasunaren aldekoak izaten baitira

Urteroko gripe epidemia baten berdina izaten ari al da koronabirusa?

Ez dirudi. Hasieran egon zen heriotza kopuru ikaragarriaren ondorioz jendea eta adituak izutu egin ziren eta egoera horren aurrean hartutako neurri erraldoi hauek erabat jaitsiarazi dute kurba. Uste dut espero izatekoa dela birus berri bat gure artera etorri denean sintoma gogorragoak azaltzea. Birus erabat ezberdinarekin topo egitean gorputzaren erreakzioak indartsuagoak izaten dira. 

Herritar guztiak konfinatzea eraginkorra izan al da birusari aurre egiteko?

Konfinamenduaren ondorioak orokorrean kaltegarriak direla uste dut, baina transmisioa moteltzeko balio izan duela ezin dut ukatu. Konfinamenduarekin, gorputzaren egoera okertzen duten ekintzetara jotzen du sarri jendeak. Aspermenez, edo egon ezina kontrolatzeko, jatera edo beste mota bateko sustantziak kontsumitzera bultzatu gaitu, ariketa fisikoa eta naturarekiko kontaktua gutxitzera… eta horrek eragin emozional eta fisikoak izan ditzake. Nahiz eta telebista bidez ariketa fisikoa bultzatzeko ahaleginak egin diren.

Geroz eta PCR proba gehiago egiten ari dira. Benetan birusa daukagun aztertu al dezake?

Neuk ez dakit PCR frogak zehazki nola funtzionatzen duen. Nire semeak esan didanagatik froga honen kontra zabaltzen ari diren informazioek ez dute oinarririk, eta sinesten diot. Diagnostiko frogek bere sentsibilitate eta espezifikotasuna izaten dute eta froga honek ere hala ditu. Birusaren presentzia diagnostikatzeko duten baliabiderik onena dela dirudi.

Pandemiaren bigarren olatua iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak. Nola hobetu daiteke bizi dugun egoera hau? Zer egin behar dugu biztanleok osasun ikuspegitik?

33 urte pasa ditut lanean mediku gisa eta osasunaren aurrean hartzen dugun jarrera funtsezkoa dela iruditzen zait. Nire ikuspegitik, sendabidea geure barrutik datorkigu, edozein egoeratan, eta egoera hau ez da salbuespena. Gure gizartean ikuspegi hedatuena kontrakoa da, sendabidea kanpotik datorkigula, alegia. Nire ikuspegi horretan, orokorrean “gaixotasunak” deitzen ditugun gorputzaren jarduerak, bere sendatzeko ahaleginak dira. Baina, hori esatea oso sinplea den arren, ez da hain sinplea ulertzea, eta are gutxiago geure buruarekin aplikatzea. Hori helarazi nahirik pasa ditudan urte hauetan ikusi dudana zera izan da, jendeari bere osasunaren alde zer egin dezaken esatea ez dela nahikoa, baizik eta bide hori jarraitzea erabakitzen duenaren ondoan egotea beharrezkoa dela, bere zalantzetan, gaixoaldietan beldurtzen denean…. Bere buruan garatuta zuen ikuspegitik, ikuspegi berri honetara bidea egiten ari den bitartean, malgutasunez jokatuz, bere autodeterminazioa euskarrituz… Hori, gure osasun sistemak ez du eskaintzen eta nik ez dut pertsonalki jende askoren ondoan beharko litzatekeen moduan egoteko aukerarik. Pertsonaz pertsona egin beharreko lana da. 

Hori esanda, oraingo egoeran zera esango nuke, onurez ohartu eta kalteen aurrean antola gaitezkela. Ohartu gaitezen neurri hauek guztietatik etorri diren onurez: auto eta hegazkin bidaia kutsagarrien murriztea, jaietan izaten den substantzia toxiko kontsumo erraldoiak gutxitzea, etxean elkarbizitza indartzea, bikoteena, haur eta gurasoena eta aldi berean barnean ditugun gatazkei eta egonezinei begiratzea… 

Baina, kalteak ere badira. Etxetik irtetzeko debekua erabat osasunaren aurkakoa iruditzen zait: naturarekin kontaktuaren galera, aspermena dela eta jatekoa edo beste ohitura kaltezkoen gehitzea…

Birusaren transmisioa ekiditea posible dela uste dut, antolatzen bagara eta elkarri birusaren transmisioa ekiditeko bete beharreko baldintzak betetzen laguntzen badiogu. Hori egiteko, gure bizitza sozialean ingurukoen portaerak zuzendu beharra izango dugu sarri (garbitasun neurriak, maskarilla, distantziak…) estuasun egoera honetatik ateratzen garen arte. 

Gure barneko osasun egoera hobetzeko, berriz, elkarri lagun diezaiokegu elikadura osasuntsuagora, ohitura osasuntsuagoetara… pausoak ematen.

Datozen hilabeteetan ohiko gripe sasoia iritsiko da. Udazkenean osasun-sistemak eztanda egingo al du?

Egia esan, ez dakit. Aurretik ikusi dena ikusita pentsatzen dut neurriak hartuko dituztela. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Txertoa iritsi arte egoera honetan jarraituko al dugu?

Txertoa etorri arte neurri gogorrago edo arinagoetan ibiliko garela aurreikusi dezaket. Txertoa azaltzearekin bakarrik jendea zein adituak lasaitu egingo direla uste dut. Halere, txertoak ere lehen aipatutako kanpotikako erremediotzat jotzen ditut, eta lortuko dituen emaitzak hobeak edo okerragoak izan daitezke birasi honen aurrean. Ez dut uste gure osasun orokorrean mesederik izango dugunik. Horri dagokionez, benetan kezkatzen nau txertoaren orokortzeak eta derrigorrezko bihurtzeko aukerak. Iritsi artean (eta gero ere bai, noski), epe interesgarria dela uste dut gure barruko senda-indarra handituko duten ekintzak burutzeko ahalegina egiteko.

Guzti hau manipulazio baten ondorioa dela eta goi-karguak herritarrak engainatzen ari direla diote sortzen ari diren mugimendu batzuek, baita gizaki transgeniko batzuk sortu nahi dituztela ere. Zer iruditzen zaizu?

Ez dakit. Boterea eskuetan daukagunean gure onurarako erabiltzeko tentazioa izaten dela uste dut. Boterean dauden hainbat pertsona, diru-goseak bultzatuta, norbaiten interesetan lanean aritu litezke. Hori ez dut ez baieztatuko ezta ukatuko ere. Oraingoaren moduko estuasun egoeratan sistemak eskaintzen dizkigun gezurrezko ongizate baliabideetara kateatuta geratzen gara. Hortik etekina ateratzen duen jendea eta industria badaude, eta, nahiz eta gizartearen gutxiengo bat izan, oso boteretsuak dira. Dena den, uste dut neurriak hartzen ari direnen artean, gehienak borondate onez ari direla. Gizaki transgenikoei dagokionez, ez dakit zertaz ari diren zehazki baieztapen hori egitean.

Gure gorputzak bizirauteko mekanismoak izaten ditu. Medikuntza naturalaren bitartez ba al daude gaixotasuna arintzeko erremedioak?

Gorputzaren sendatzeko ahaleginaren adierazpen gisa ulertzen dut nik batzuetan “gaixotasuna” deitzen dioguna. Medikuntza naturalak okzidentalak baino denbora gehiago hartzen du ohituretan arreta ipini eta arlo ezberdinetan bizi-baldintzak hobetzeko. Sendabelarrek, falta dugun nutrienteren baten ekarpena egiteagatik ez bada, substantzia toxikoen edota ez toxikoen bidez gorputza estimulatzen dutelako “sendatzen” dutela uste dut. Nire higieniesta ikuspegitik, toxikoaren edo nutrienteen gehiegizko ekarpenen aurrean gorputzak substantzia horiek kudeatzera jotzen du eta garbiketa eta deserosotasuna sortzen zizkiguten lan horiek (gaixotasun-sintoma edo deserosotasun-sintoma gisa sentitzen ditugunak) gelditzen ditu. Orduan, erremedioak funtzionatzen dutela ematen du. Litekeena da substantzia hauen ondoriozko kalteak txikiagoak izatea farmako kimikoen kasuan, baina substantzia aktiboak kontzentrazio txiagotan daudelako gehienetan. Gaixotasun sintomak arintzeko, botikak bezelaxe balio dezaketela uste dut.  

Berehala hasiko da ikasturtea. Zer iruditzen zaizu haurrak eskolan maskarak jantzita egotea?

Iruditzen zait deserosoa dela maskara eramatea. Komunikaziorako oztopoak sortzen ditu, estutasun sentsazioa sor dezake… Gauza hauek kontuan izanda, neurria betetzeari bere zailtasuna ikusten diot. Eskolara ez joatea ere aukera bat dela uste dut, baina ekonomian ahalik eta eragin gutxien izateko neurriak hartzen ari direla uste dut, gurasoak lanean jarraitu ahal izatea ahalbidetzeko.

Haur batek sukar dezima batzuk izanez gero, ikasgela guztia bidali beharko dute etxera. Ohikoa da, baina, umeek ikasturtean zehar sukarra izatea…

Haurren artean neguko birasi guztietan ematen dira kutsadurak haurtzaindegi eta eskoletan. Jakina da haurrak ikasturtea hasten dutenean infekzio mota asko eta gaixoaldi gehiago izaten hasten direla. Birasi berri bat dugu gure artean eta transmisioa murrizteko hartzen diren neurrietariko bat da. Bestelako infekzio egoeratan ere, kasuak asko ugaritu izan direnean, puntualki itxi izan dira gelak. Bestalde, norbaitek sukarra duen bakoitzean eskola itxiko bada ez dakit ikasturtea aurrera eramatea posible izango den.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide