Albisteak

[ELKARRIZKETA] Janardana Iglesias Errasti: “Nire estiloa sinplea, funtzionala eta arrazionala da”

Arkitektura ikasten ari zen bitartean, altzariak egiteari ekin zion  Janardana Iglesias Errastik (Zestoa 1994). Lau urte pasa dira ordutik eta inoiz baino gogo gehiagorekin dihardu JIE izena jarri dion proiektuan zurezko altzariak lantzen. Orain arte egindako lanez osatutako txostentxoa kaleratu berri du eta horren aitzakian berriketalditxoa egin dugu berarekin:

Zer dela eta hasi zinen altzariak egiten?

Arrebak egongelarako lanpara bat nahi zuen. Argazkia erakutsi zidan eta oso polita zen baina garestia eta zerbaitek ez zuen konbentzitzen. Nik egingo niola esan nion eta materiala erosi eta lanean hasi nintzen. Lanaren emaitza gustatu zitzaion eta hori izan zen hasiera. Niretzat denbora pasa bat da eta lehen enkargu hartatik lanean jarraitzen dut, pixkanaka eboluzionatzen.

Ikastarorik edo egin duzu?

Ez, dakidan guztia nire kabuz ikasi dut. Internet erabili ohi dut gauza berriak ikasteko. Hasi nintzenean Ishitani Furniture Youtubeko kanalarekin egin nuen topo eta inspirazio iturria izan zen niretzat. Japoniar honek altzariak egiten ditu, eskuz eta mimo handiarekin.

Ze altzari mota egiten dituzu?

Denetik egiten dut: lanparak, aulkiak, mahaitxoak… Dena tamaina txikikoa. Oraingoz ez dut altzari handirik egiten.

Altzari bat diseinatu eta etxean jartzerainoko prozesu guztia zeuk egiten duzu.
Bai. Lehenengo bezeroarekin hitz egiten dut eta zer eta non nahi duen zehazten dugu. Behin hori jakinda, ideia bat egin eta lehen bozetoa egiten dut. Gero horrekin planoak ateratzen ditut eta planoen arabera materiala erosten dut. Behin materiala erosita, lanean hasten naiz horretarako egokitu dudan tailerrean.

Ze material erabiltzen duzu?
Egiten ditudan altzari guztiak zurezkoak dira. Oso material noblea da, lantzeko erraza eta goxotasun asko transmititzen du. Gainera, gure kulturan betidanik errotuta egon den material bat da eta horri ere garrantzia ematea gustatzen zait.  Industrializazioarekin dena oso mekanizatua eta oso zorrotza bihurtu da baina artisau lanari duen garrantzia ematea ezinbestekoa iruditzen zait. Zerbait artisau batek egina bada, goxotasuna ematen dio eta objektu bakoitzari garrantzia gehiago ematen zaio. Egurrari gaurkotasuna ematen saiatzen naiz, nire estilora emanez.

Zein da zure estiloa?

Nire estiloa sinplea, funtzionala eta arrazionala da. Behar diren gauzak soilik jartzen ditut. Altzariak bisualki arinak izatea gustatzen zait. Altzari baten aspekturik garrantzitsuena funtzionala izatea da, hori ezinbestekoa da niretzat. Bi kontzeptu hauek dira gehien erabiltzen ditudanak nire diseinuetan: grabitate eza eta funtzioak forma ematea. Arkitektura ikasteak izateak eragin nabarmena duela esango nuke nire altzariengan, batez ere kontzeptuen erabileran eta prozesu osoa antolatzeko orduan.

Altzari bakoitzari izen propioa jartzen diozu ume” bat izango balitz bezala edo.

Bai (barrez). Norbaitek altzariren bat egiteko eskatzen didanean non jarriko duen ikustera joatea gustatzen zait. Hor, estimua hartzen hasten naiz egingo dudan piezari. Dena eskuz lantzen dudanez, lotura berezia sortzen da, ordu asko ematen ditut lan bakoitza egiten eta horregatik jartzen diet izena, lan bakoitza bakarra delako.

Egin klik hemen JIE altzarien katalogoa ikusteko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide