Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jon Agirre: “Arraroa eta polita da hain izen handiko txirrindulariekin lehiatzea”

Jon Agirre txirrindulari arroarrak profesional mailara egin du salto aurtengo denboraldian Kern Pharma taldearekin. 2019an, Baque-Ideus taldearekin, denboraldi zoragarria sinatu zuen Agirrek. Besteak beste, Frantziako Etorkizuneko Turreko mendiko saria eskuratu zuen eta aurtengoan izen handiko txirrindularien artean dabil arroarra. Koronabirusak, baina, hankaz gora jarri du guztia. Baita profesional moduan Agirrek lehiatuko duen lehen denboraldia ere.

 

Profesional mailara salto egin eta ilusioz beteriko denboraldia izan beharko lukeena parez pare moztu du koronabirusak…

Lehendabiziko hiru lehiaketak amaitu ostean harrapatu ninduen koronabirusak. Lasterketa horiek bukatu, atseden txiki bat hartu eta Benidormen ari ginen entrenatzen hurrengo multzoa hasteko. Etxera itzuli eta hurrengo astean hasten genituen lasterketak, baina birusaren ondorioz dena moztu ziguten pasa den astera arte.

 

Mallorca Challenge, Valentziako Erkidegoko Itzulia eta Andaluziako Itzuliak jokatzeko aukera izan zenuen. Sentsazio onak izan al zenituen hasiera hartan?

Oso gustura sentitu nintzen, uste baino hobeto hasi ginen. Taldearekin oso itxura ona eman genuen eta koronabirusak denboraldia pare-parean moztu arren, hasiera ona izan genuela uste dut.

 

Errepidea alde batera utzi eta zuzen-zuzenean arrabola gainera igo behar izango zenuen…

Bai, halaxe da. Konfinamenduan arrabola egiten aritu naiz. Ez genekien noiz amaituko zen birusaren kontu guzti hau, noiz hasiko ginen errepidean entrenatzen… Tarteka atseden batzuk egiten genituen arren, eguna joan, eguna etorri konfinamendua arrabola gainean pasa nuen. Ia egunero egin behar nuen arrabola pixka bat. 

 

Nolakoa izan da etxetik entrenatzea?

Normalean, esnatutakoan, 45 minutu/ordu bateko saio bat egiten nuen baraurik eta ondoren, aukeran izaten nuen beste ordubeteko saioa bazkalaurretik edo ondoren egin.

 

Fisikoki oso ezberdina izango da errepidean edo arrabola gainean entrenatzea. Psikologikoki ere gogorra egin al zaizu etxetik aritzea?

Arrabola gainean, ordubeteko saioa egin eta lau orduz pedalei eragiten aritu zarela dirudi. Batez ere psikologikoki oso gogorra da. Beti horma berari begira zaude, ez dakizu noiz amaituko den, noiz irten ahal izango zaren errepidera…zaila izan da. Bizikletan ibiltzean askatasuna sentitzen duzu, batera eta bestera joaten zara, ia egun guztia bizikleta gainean igarotzen duzu. Etxean, gehienez bi ordu egin eta… 

 

Arrabola gainetik ‘online’ lasterketa batzuk ere antolatu dira. Hartu al duzu parte horietako batean?

Lasterketa baino gehiago, taldeko guztiok elkartu eta lagunarteko ibilbide moduko bat egin genuen. Etxetik bada ere, taldekideekin batera aritzea atsegingarriagoa da. Askoz azkarrago pasatzen da entrenamendu saioa beraiekin hitz egiten zoazela. Bestela oso monotonoa da. 

 

Zer sentitu zenuen berriz ere bizikleta hartu eta lehenengoz errepidea zapaldu zenuenean?

Oso polita izan zen, baina oso gogorra. Azkenean forma fisikoa dezente galdu nuen konfinamenduan zehar eta hasieran azkarrago nekatzen zara. Baina, aldi berean, asko gozatzen da haizea aurpegian sentitzean.

 

Jauzi handia nabaritu al duzu profesional mailan lehiatzeko orduan?

Askoz ordu gehiago pasa behar dira bizikleta gainean, kilometro gehiago egin. Gehienbat abiaduran nabaritu dut, ziztu bizian zabiltza egun guztian. Ez dago bromarik. Pasa den urtean errazago joanda disfrutatzen nuen, aurtengoan, sufritzen.

 

Zer sentitzen da izen handiko txirrindularien artean lehiatzean?

Arraro sentitzen zara beraien alboan. Azken finean, txikitatik telebistaz ikusi izan ditudan pertsonak dira eta bitxia egiten da, baina aldi berean, oso polita da beraiekin hor egotea.

 

Uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitartean Burgosko Itzulian hartu duzu parte. Denboraldi berezi honetan jokatu den lehen lasterketa izan da. Nolakoa izan da itzulera?

Haizearekin nahiko larri, baina nahiko ondo hasi nuen itzulia. Bigarren egunetik, ordea, gastroenteritis birusarekin hasi nintzen eta laugarren egunean lasterketa utzi egin behar izan nuen. Ostegun honetan, abuztuak 6, beste lasterketa bat daukat. Horregatik erabaki genuen bizikletatik jaistea. Bestela, ez nintzateke osatuko ostegunerako. Hala ere, lehenengo egunetan disfrutatu nuen eta horrekin gelditzen naiz. Talde bezala lan txukuna burutu dugu. 22 talde irten eta seigarren postuan amaitu dugu. Oso maila ona eman dugu. 

 

Pandemia garaian, zein dira entrenamendu zein lasterketetan hartu behar dituzuen segurtasun-neurriak?

Lasterketetan, irteera eman arte beti maskara jarrita izan behar dugu. Tenperatura ere neurtu eta irten aurretik basura poltsa batera botatzen ditugu maskarak. Helmuga pasa ondoren taldeko fisioterapeuta zain egoten da motxila batekin. Indar berritzaileak ematen dizkigu eta berehala maskara jantzi behar dugu kotxera iritsi arte. Aldatu eta hotelera joaten gara. Bazkaldu eta afaldu aurretik eskuak garbitu behar ditugu beti eta jaten hasi arte maskara eraman behar dugu. Entrenatzerako orduan, libre. Hori bai, maskara beti bizkarrean eramaten dugu saioa amaitu ostean janzteko. 

 

Zein da zure helburua 2020ko denboraldi berezi honetan?

Etaparen bat irabaztea zaila izango da. Niretzako aproposak diren etapetan ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz eta taldekideei ahalik eta gehien laguntzea espero dut.

 

Zein izango da zure egutegia aurrerantzean?

Ez dakigu ziur. Oraingoz, bihar Frantziara goaz. Ostegunean Mont Ventoux Dénivelé Challenge izeneko lasterketan izango naiz eta ondoren, Espainiako Txapelketak izango ditut. Egutegia badugu, baina ez dakigu lasterketa guztiak jokatu ahal izango diren. Egunez egun jakinaraziko digute.  

 

Zein lasterketatan parte hartzea litzateke zure ametsa?

Hiru handiak (Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia) izaten dira beti, baina Euskal Herriko Itzulian izatea litzateke bereziena. Etxetik gertu, etxeko zaleekin… Hori izango zen politena. Dena ondo joaten bada datorren urtean Kern Pharma taldea Continental Profesional mailan lehiatzen izango da eta eskubidea izango dugu Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko.

 

 

 

Argazkia: Jon Agirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide