Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jone Exposito: “Betaurreko moreei gehitu koloreak, nahi adina; begira diezaiogun herriari aniztasun horretatik”

Gehitu elkarteak egindako Bizikidetza aniztasunean. LGTBI+ errealitateen diagnostikoa Gipuzkoan 2018’ azterketa-lana aurkeztu berri da Zestoan. Jone Exposito herritarra da egileetako bat, eta berak eman ditu, Zaira Garcia bigarren egilearekin batera, egindako diagnostikoaren azalpenak. LGTBI+ kolektiboak Gipuzkoan bizi duen egoera xehatu dute txostenean, eta aurkezpenaren biharamunean elkartu gara Expositorekin, datu horiez, LGTBI+ kolektiboaz eta Zestoaz jarduteko.

Koka gaitzazu azterlan honen hastapenetan.

Soziologia ikasketak egiten ari nintzela suertatu zitzaidan Gehitu elkartean praktikaldia egiteko aukera. Suertatu diot, zorte handia izan delako niretzat, bai maila pertsonalean, baita laboralean ere, horrelako leku batean lan egin ahal izatea; are gehiago, horrelako lan bat, diagnostiko bat egiteko aukera edukitzea.

Gehitu elkartea Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea da. Kolektiboaren siglen atzean daudenen eta plus horrek biltzen dituen guztien eskubideen alde lan egiten du, eta eskoletan eta unibertsitateetan, ikasle zein irakasleekin, gurasoekin, kirol taldeekin… aniztasun afektibo sexualen inguruko tailerrak eskaintzen ditu, beste proiektu askoren artean.

Bertan nengoela Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu zion elkarteari lurraldeko LGTBI+ kolektiboaren egoera aztertzeko.

Nola heldu zenioten gaiari?

Harrigarria badirudi ere, ez dago kolektibo honen kasuan, antzeko lan gehiegirik eginda. Horrek lagundu zigun guk egin behar genuena pixka bat bideratzen. Dena den, garbi genuen kolektiboko pertsonekin zuzenean egon beharra genuela; beraiekin hitz egitea eta beren esperientziak jasotzea. Nik kanpotik emandako ikuspegia bakarrik eskaini dezaket, beraiekin egoten ez bainaiz.

Euskaldunon eta euskararen egoeraz erdaldun batek, bi liburu irakurri eta dokumental bat ikusi ondoren, euskaldunokin zuzenean egon gabe gutaz egin dezakeen diagnosi baten antzera?

Horrelako zerbait, bai. Bazterkeria edo zapalkuntza jasaten duen beste edozein kolektiboren antzera. Eta aurreko galderara bueltatuz, bi zatitan banatu dugu lana: alderdi kuantitatiboa eta alderdi kualitatiboa. Batetik, inkesta bat jarri genuen martxan kolektiboko pertsonek online bidez betetzeko. Handik jasotako 275 erabiltzaileren erantzunetatik ateratako datuetan oinarritzen dira grafiko eta estatistikak. Bestetik, guk beharrezko jotzen genituen profil jakin batzuetako dozena bat pertsonen eta talde edo elkarteren iritziak bildu genituen, eta, horrez gain, talde elkarrizketa batzuk ere egin genituen.

Zergatik jo duzue, inkesten ondoren, pertsona jakin horiengana?

Inkestatik zifrak, estatistikak eta datu zehatzak atera ditugu. Oso garrantzitsuak direnak horrelako azterketa baterako. Baina horrekin ez genuen LGTBI+ kolektiboaren espektro osoa jasotzea lortzen, eta beharrezkoa genuen beste jende batekin ere elkartzea, errealitatea zein den erakutsi nahi bagenuen. Gainera, zenbakien zehaztasun horrek errealitatearen parte handi bat erakusten du, bai, baina bizipenek ere hain erraz zehaztu ezin diren beste datu asko ere ematen dituzte; errealitatea hobeto ulertzen laguntzen dutenak, sarri.

Datu asko biltzen dira diagnostikoan. Zer da azpimarratuko zenukeena?

Inkestaren lehen partean, nahiz eta erantzunak anonimoak izan, eskatu genuen zenbait datu sozio-demografiko biltzeko baliagarri izango zitzaizkigun galdera batzuk betetzea. Horrek ere gure lurraldeko mapa ezagutzeko beste pista batzuk emango zizkigulako. Eta halaxe izan da. Niretzat oso esanguratsua da, adibidez, espazio publikoan jasaten duten diskriminazio-mailak nola egiten duen gora, herria edo eremua geroz eta txikiagoa denean. Bestetik, familia eta lagunartean adierazten duten segurtasun faltaren datua dago. Beldurgarria. Diskriminazio-maila oso altua jasotzen da inkestetan. Zer gertatzen da hemen? Ez al luke edonoren gunerik seguruena izan behar ingurune gertukoenak? Lotuta doaz, gainera, geroz eta leku seguruagoa izan ikusgarritasuna ere altuagoa izango da, eta alderantziz. Gogorrak dira datuak. Administrazio publikoan eta osasungintzan diskriminazio pasiboa azpimarratzen da gehien, eta hori ere esanguratsua da. Diskriminazio pasiboak esan nahi du ikusgarritasunik ez dutela espazio horietan.

Gehiegi harritu ez nauten baina azpimarratu beharrekoak iruditzen zaizkidan beste datu batzuk dira, adibidez, gazteena dela identitate ez normatibo ezberdin gehien agertzen diren adin-tartea eta, horrekin lotuta doana, bai adinagatik eta baita identitate ez normatibo horregatik ere, diru-sarrera baxuagoak dituztela, urteko 30.000 eurotik beherakoak. Eta diru-sarrerak aipatuta, noski, hemen ere azaleratu dira LGTBI+ kolektiboaren barruan genero arrakalak sortzen dituen diru-sarrera desberdintasunak.

Inkestetan bildutako emaitzen kasua da hori, ezta? Eta aspektu kualitatibotik zer jaso duzue?

Mundu bat dago bizipen horien guztien artean ere, noski. Akaso zaurgarriena den T siglaren atzean dagoena izan da niretzat gogorrena. Transexualen testigantzak entzutea. Oso baztertuta daude oraindik ere jendartean pertsona horiek, lan-munduan sartzeko ez daukate aukerarik… Gogorra da pertsona horien bizipenak lehen pertsonan entzutea. Baina gogorra izan da niretzat, igual kulpa sentimenduagatik ere bai, nolabait, normaren barruan bizi garenon begietatik begiratuta, gizarte bezala zer egiten diegun jabetzea. Beraientzat ere gogorra da, noski, baina kolpe bakoitzarekin egin duten azala eta ateratzen duten indarra izugarria da.

Edo beste testigantza batean jaso genuen bezala, zer gertatzen da homosexuala eta, gainera, etorkina bazara? Zapalkuntza izan daiteke bikoitza, hirukoitza…

Edo jada adin bat duen lesbiana batek bota zigun moduan, “ez dakizue nire bizitzan zehar zenbat aldiz atera behar izan dudan armairutik; lan berri bakoitzeko, lagun berri bakoitzeko, leku berri bakoitzeko”. Eta pentsarazten dizu, normaren barruan eroso bizi garenok ez dugula sekula gure orientazio sexualagatik armairutik atera beharrik izan, ez diogula inori adierazi beharrik izan heteroak garela.

Herri txikietan espazio publikoan diskriminazio-maila altua dela esan duzu.

Bai. Intimitate falta edo anonimotasun falta horretatik dator. Asko izan ohi dira, esango nuke, diskriminazio pasiboak eta gutxiespenekoak. Denok ezagutzen gara, begiradek sarri min gehiago egiten dute hitzek baino, tratu desegokiak, laguntza falta…

Eta horrek dakarrena da, kasu askotan, ondorioetan aipatzen duguna: sexilioa.

Sexilioa?

Herritik hirira alde egitea sexu askatasunaren bila. Intimitate edo anonimotasun horren bila.

Herrietan denok dugu etiketa bat eta, batzuetan, etiketak ez dira gustukoak. Horiek kentzeko alde egiten dute askok. Eta ez dut esaten herri txikiak infernua direnik, ezta gutxiagorik ere. Alde onak eta txarrak dituzte, herri handiek eta hiriek bezalaxe. Eta alde onak oso onak dira. Baina txarrek ere indarra dute.

Nola ikusten duzu Zestoa?

Erreferenteak falta direla iruditzen zait. Ez dut esan nahi datorren urteko harrotasunaren egunean desfile bat egin behar denik Zestoan, eta herriko LGTBI+ guztiak atera behar dutenik bertan, ezta gutxiagorik ere. Baina ikusgarritasuna falta da. Modu natural batean bizitzeko beharra daukagu, LGTBI+ pertsonak lasai bizitzeko leku bat izan behar du Zestoak, toki segurua.

Gazteak, alde honetatik, indartsu datozela uste dut. Hezitzaile bezala nabil Gipuzkoako eskoletan lanean eta aniztasun afektibo sexualen gaia asko kontrolatzen dute. Teknologia berrien garapenak onura eta kalteak ditu, baita aniztasun afektibo sexualen kasuan ere, baina ikusten ari gara gazteenek jarraitzen dituzten sare sozialetan influencer-ak eta horrelakoak LGTBI+ kolektiboaren inguruan ari direla aniztasun diskurtso bat hedatzen.

Uste dut hori dela behar dena. Erreferenteak. Estatistikoki Zestoan egon behar dute LGTBI+ pertsonak. Non daude? Ez inori etiketa jartzeko, gizarte anitzagoa eta errealagoa edukitzeko eta ondorengoei bidea pixka bat errazteko, baizik.

Nola lortu erreferente horiek?

Denon esku dago datozen belaunaldiekin lana egitea, Gazte-lekutik, Gaztetxea ere izan daiteke lan egiteko esparrua, Bargaztak… Ez nuke euren gain jarriko ardura guztia, noski, baina erreferente izateko kolektiboak iruditzen zaizkit.

Kolektiboak azpimarratzen dituen egunak ere egutegian borobiltzea inportantea da eta aldarrikapena kalera ateratzea. Kontzientzia sortzea. Martxoaren 8arekin edo azaroaren 25arekin lortu den bezala. Horrekin ikusgarritasuna lortuko da.

Bota proposamen bat zestoarrei.

Norbanako bakoitzak du ardura gizarte honetan eta ardura hori da ondokoa: dena izateagatik, ez epaitzekoa. Bakoitzak egin behar du bere bidea eta denontzat ez dago bide berbera. Bide bakoitzak ditu bihurguneak, aldapak… Kendu ditzagun kartolak eta jantzi ditzagun harrotasunaren banderak dituen adina kolore dituzten betaurrekoak, herriari aniztasunetik begiratzeko.

Ez diezaiogun batak besteari arduraren karga bota, eta heldu diezaiogun gaiari, bakoitzak bere arlotik, eta jar dezagun gure aletxoa.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide