Albisteak

[ELKARRIZKETA] “Karroa bete kontakizun Senegaldik Euskal Herrira”

Igandetako lagun atsegina, irribarrea ahoan, karroari tiraka, lanean fin. Denok ezagutzen dugu Modu, topatu dugu kalean ez bada tabernaren batean eta erosi ere, oker ez banago, gutako askok erosi diogu zerbait inoiz. Zestoan bertan sekula bizi izan ez bada ere, harreman handia du herriarekin. Baina zer dakigu berari buruz?

 

Denok ezagutzen dugu Modu, igandetako bisitaria. Baina nor zara?

Modu deitzen dit jende guztiak, Senegalen ere bai, baina nire izena Ngagne Niang da, nire nortasun agirian hala jartzen du (barre egiten du). 1986an jaiotakoa naiz, senegaldarra, Niomre herrikoa. Louga eskualdean kokatzen da, herrialdearen ipar mendebaldean; itsasotik gertu, kostarik ez badu ere.

Wolof etniakoa naiz ni, baina ez da Senegalgo etnia bakarra, asko dira. Gure herrian gehiengoa wolofa da, badira, ordea, pularrak, selerrak eta diolak ere, esate baterako. Horiek Louga inguruan bakarrik, Senegal osoan askoz gehiago dira eta bakoitzak bere hizkuntza du. Wolofa ia denok dakigu, baina beste etnia horiek beren hizkuntza propioak dituzte.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?

Wolofa, frantsesa, gaztelania eta euskara pixka bat.

Kontatuko zeniguke Europara iristeko egin zenuen bidaia?

Nik zorte handia izan nuen. Osaba bat nuen Huescan (gaur egun erretiroa hartuta Senegalen bizi da) eta enpresa handi batean egiten zuen lan. Harreman ona zuen nagusiarekin eta hari aipatu zion bazuela iloba bat Europara etorri nahiko lukeena. Hark lagundu zion ni lan-kontratu batekin eta bisarekin etor nendin.

Niomretik Dakarrera joan nintzen eta handik hegazkinez Bartzelonara, handik Huescara joateko, osabarengana. Enpresa hartan egin nuen lan denbora batez baina gero Bilbora etorri nintzen.

Noizko kontuez ari gara?

2001eko urrian iritsi nintzen Huescara. 20 urte baino gehiago daramatzat hemen. Niri ere arraroa egiten zait askotan, baina senegaldarra banaiz ere, bizitza erdia baino gehiago daramat Euskal Herrian.

Bilbora esan duzu.

Lehengusu bat neukan hemen eta berak esan zidan hemen bazegoela lana. Hala jakin nuen bazela Euskal Herri bat. Aipatu zidan hemengo jendea desberdina dela, orokorrean atsegina, bazegoela bizi maila on xamar bat eta dirua (beraz, salmenta ere bai). Orduantxe hasi berria zen disko eta bideoen salmenta eta hor bazegoela lekua. “Nahi baduzu nire etxera etorri eta nik lagunduko dizut hasieran”, esan zidan.

Baina gaur egun ez zara Bilbon bizi, ezta?

Ez. Lehen urteak Bilbon pasa nituen. Handik Sestaora joan nintzen. Gero Ordiziara eta gaur egun Lasarte-Orian bizi naiz. Ondo datorkit, Donostiatik gertu eta ondo komunikatuta baitago herri askorekin.

Logela bat dut alokatuta. Beraz, jende gehiagorekin bizi naiz. Bakoitzak bere logela du, bere kontratuarekin, eta sukaldea, egongela eta komuna partekatzen ditugu. Hainbat herrialdetako jendea bizi gara. Momentu honetan marokoarra, perutarra, argentinarra eta ni, senegaldarra.

Nola mugitzen zara leku batetik bestera?

Hasieran kotxez. Bagenuen aukera. Kanpoko gidabaimena edukitzeagatik nazioarteko ziurtagiri batekin ibili behar izaten genuen eta urtero berritu (Senegalera bidali eta handik onespena jaso), baina gero legea aldatu zen eta ziurtagiri horrek ez digu balio hemen gidatu ahal izateko. Jada izango dira zortzi bat urte kotxerik gidatzen ez dudala.

Beti daukat buruan hemen berriz ere gidabaimena ateratzea, baina diru asko da eta oraingoz ezin dut.

Beraz, garraio publikoan mugitzen naiz batetik bestera. Herri asko ezagutu ditut. Hasieran Bizkaian ibili nintzen, ondoren Araban eta azkenik Gipuzkoan. Garai hartan Bilbon bizi nintzen, Gipuzkoara etorri nintzen arte.

Ze herritara joaten zara lanera gaur egun?

Orain lasaiago nabil eta herri gutxiagotara joaten naiz. Usurbila eta Zestoara bakarrik. Lehen ahal nuen leku guztietara joaten nintzen, baina orain alfertuta nago (dio barrez); jada beteranoa naiz eta nire bezeroak ditut.

Nola antolatzen duzu zure lana?

Ni naiz nire nagusia. Bilboko saltoki batera joaten naiz handizkako salmenta egiten duten gune batera eta behar eta nahi dudana erosten dut. Nik buruan dudanarekin zerrenda osatzen dut eta zerbait berria badago ere begiratzen dut, ea zerbait interesatzen ote zaidan. Garaikoa erosten dut, udan udakoa eta neguan negukoa. Eta inork ezer zehatzik eskatzen badit ere saiatzen naiz lortzen.

Negua izaten da niretzat salmenta garai onena. Neguko arropa eta osagarriak saltzen ditut gehiago udakoak baino: bufandak, txapelak, berokiak, galtzerdiak, etab.

Eta ez duzu aprobetxatzen udako festa giroa?

Ez dut maite festarik festa ibiltzea lanean. Asko mareatzen zaitu jendeak. Denetik topatzen da eh, jende jator askoa ere bai; baina neketsuagoa da festa giroko salmenta. Nahiago dut betiko lekuetan ibili, ezagunen artean.

Kontaiguzu pixka bat nolakoa zen Senegalgo bizitza.

Ikasi egin nuen aukera izan nuen arte eta gero lanera. Gambiara joan nintzen lanera. Han ere kale-saltzaile lanetan aritu nintzen, hamalau bat urterekin. Arropa saltzen aritu nintzen han urtebetez eta gero berriz itzuli nintzen Niombrera, hona etorri arte.

Ikasketak utzi zenituen. Nahi zenuelako ala “tokatzen” zelako?

Sei anai-arreba gara eta ni anaia nagusia naiz eta familia mantentzeko betebeharra nuen. Aitak jada ezin zuen lan gehiago egin eta badakizu, tokatzen denean tokatu egiten da zezenari adarretatik heltzea.

Asko ginen etxean. Senegalgo kultura desberdina da. Gure aitak bi emazte zituen eta denok bizi ginen etxe berean. Denera hamalau senide gara, gure amaren aldetik sei eta beste emaztearen aldetik zortzi.

Niomren ikasi nuen. Baina azken urteak Lougan egin nituen, eskualdeko hiriburuan, ikasketa guztiak woloferaz egin ahal izateko.

Frantsesa eta wolofera jakinda iritsi zinen Huescara.

Bai, ikasketa guztiak woloferaz egin banituen ere eta nire ama hizkuntza wolofa bada ere, frantsesa ere hizkuntza ofiziala da Senegalen eta ikasi egiten da. Baina gaztelaniarik ez, noski, eta ez nuen tutik ulertzen gaztelaniaz, baina beharrak eramaten zaitu ikastera eta segituan ikasi nuen moldatzerainokoa.

Eta zer moduz euskararekin?

Pixkanaka. Pena da, baina hemen jende askok etorkinoi zuzenean gaztelaniaz hitz egiten digu eta horrek gaztelera ikasten laguntzen digu, euskara ikasi beharrean. Nahiko nuke jendeak nirekin euskaraz egitea, hala ikasi egingo dut, nahiz eta hasieran kosta. Aurretik esan bezala, ez dago beharra baino gauza hoberik ikasteko. Denek euskaraz egiten badidate ez dut euskaraz ikasi beste erremediorik izango.

Eta nahi duenari wolofaera irakasteko prest nago!

Zerk bultzatu zintuen etortzera?

Han gazte guztiek etorri nahi dute Europara. Gurea ez da Afrikako herrialderik pobreena, baina lanean zapaldu egiten gaituzte eta Europan bizitza berri bat hasteko ametsa dugu. Hemengo irudi asko ikusten ditugu: eraikinak, kotxeak, erritmoa… Behin iritsita jabetzen zara errealitatetik urrun dagoela, baina engainatu egiten du. Handik begiratuta badirudi Europara etorri direnek dirua egiten dutela, ederki bizi direla… Gezur bat sinesten dugu.

Lehen ere esan dizut, nik zorte handia izan nuen hegazkinez eta paper guztiekin etortzen. Lagun asko ditut oso bidaia gogorrak egindakoak eta itsasoak irentsi duenik ere bai.

Ez da kapritxoz egiten dugun bidaia bat. Guk gure herrian duin bizitzeko aukera izango bagenu ez ginateke etorriko. Migrazioarena drama bat da. Nik aukera izango banu nire herrian negozio txiki bat martxan jarri eta horrekin bizitzeko, bihar bertan nintzateke bueltan. Senegalen, Niomren bizi ahal izatea gustatuko litzaidake. Etxera itzultzearen ideia ez da sekula burutik joaten, baina gaur gaurkoz ezinezkoa da.

Bitartean hemengo egoera hobetzea da helburua, beti hobetu baitaiteke.

Baduzu zerbait buruan?

Gizarte- eta osasun-arloko ikasketa txiki batzuk egin ditut Donostian eta orain astean zehar Usurbilen mutil bat zaintzen dut. Gustatzen zait lana eta pixkanaka mundu horretan sartu nahi dut muturra, lana egonkortu eta kale-salmenta utzi.

Familia duzu Senegalen.

Bai, emaztea eta hiru seme-alaba ditut. Seme zaharrenak hamazazpi urte ditu eta unibertsitatera joateko prestatzen ari da. Saint Louis-en dago unibertsitatea. Aipatu izan dit hona etortzeko ideia eta nik esaten diot berak erabaki behar duela bere etorkizuna, baina aurrena ikasteko. Txikienak berriz, alabak, hiru urte eta erdi ditu. Hilabete gutxi batzuk zituela ikusi nuen eta gero iritsi zen COVID-aren krisi guztia. Bi urte egon naiz beraiek ikusi gabe eta txikia ez zen nitaz oroitzen, noski. Orain bai, orain badaki nor den bere aita. Hemen nagoenean bideo-dei bidez komunikatzen gara.

Hemen badaukazu familiarik?

Euskal Herrian lagun handiak ditut, asko laguntzen didan jendea. Urtero joan ahal izaten naiz Senegalera bisitan, adibidez, horietako batek hegazkin-txartela ordaintzen didalako. Aukera ematen dit urtean behin etxekoekin egoteko eta izugarri eskertzen diot. Hilabete eta erdirako joaten naiz, uda partean, normalean.

Beste batzuk pandemia garaian bota zidaten eskua. Egun batetik bestera etxean, lanik egin ezinda eta diru-iturririk gabe aurkitu nintzen (eta ni bezala beste asko) eta gertuko lagunei esker egin ahal izan nuen aurrera.

Oso eskertuta nago daukadan inguruarekin eta zestoarrok jakitea nahi dut herriko bat gehiago sentiarazten nauzuela.

Ukrainako gerratik ihesi zetozenei paperak di-da batean prestatu zizkien Europak.

Bai, eta hala behar zuen. Gerratik ihesi zetozenei babesa ematea tokatzen zitzaion Europari. Baina beste sentimendu batzuk ere pizten dizkizu horrek. Ez da munduko gatazka bakarra eta beste gerra batzuetatik eta miseriatik ihesi datozenei zergatik ez zaie aukera berdina ematen? Azal koloreak oraindik ere pisu handia du tamalez.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide