Albisteak

[ELKARRIZKETA] Kepa Iribarren bigarren nobela beltza, gaur aurkezpena Arroabean

Gaur, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, literaturak hitzordua izango du Arroabean. Kepa Iribar, Arroabeko bizilagunak, bere nobela berria, Erleen azken ziztada, aurkeztuko du 18:30ean Elkargunean, Ezkaizto Auzo Elkarteak antolatuta. Kazetariaren bigarren nobela beltza da, eta gaur egungo gatazkak Bigarren Mundu Gerraren itzalarekin lotzen ditu, Getaria eta ingurua eszenatoki hartuta.

Nola sortu zen Erleen azken ziztada-ren ideia?
Aurreneko liburua guztiz bukatu nuenean, argitaratu, aurkeztu, dena eginda, konturatu nintzen asko gustatu zitzaidala prozesu guztia: hasieratik istorioa sortzen hasten denetik bukaerara arte. Denbora pixka bat pasa eta gero pentsatu nuen bigarren bat idatzi nahi nuela. Baina oraingoan diferentea izan zen, aurrenekoan istorioa berez etorri zitzaidalako. Orain, ordea, nik erabaki nuen idaztea, eta ideia bat behar nuen. Komunikabideetan begira hasi nintzen, irratian, telebistan, egunkarietan, eta hiru gai gelditu zitzaizkidan buruan: gerra, ultraeskuina eta migrazioa. Errusia eta Ukrainaren arteko gerra, Bidasoan itota hil ziren zazpi migranteen istorioa, eta hauteskundeak nonahi, ultraeskuina gora eta gora. Hiru horiekin hasi nintzen buruan bueltaka.

Zergatik egin duzu atzera Bigarren Mundu Gerrara?
Gerrak eta ultraeskuinak berehala egin zuten bat naziekin eta Bigarren Mundu Gerrarekin. Orduan bururatu zitzaidan polita izan zitekeela atzera eta aurrera dabilen istorio bat egitea, gaur egungo kasu bat azaltzeko iraganera eraman behar duena. Kasua gaur egun gertatzen da, baina kasu hori ulertzeko Bigarren Mundu Gerran gertatutako gauzak garrantzitsuak dira. Horrek aukera eman dit gerraren gordintasuna erakusteko ere, lehen pertsonan kontatuta, gerrara doan gazte baten sentimenduak azalduz, eta pertsona batek gerra batean zer senti dezakeen erakusteko.

Noiz eta non ematen dizkiozu bueltak istorioari?
Asteburuetan lan egiten dut, eta aste barruan etxean egoten naiz. Umeak eskolara joaten direnean, goizak libre izaten ditut. Batzuetan etxean geratzen naiz, besteetan mendira joaten naiz buelta bat egitera, eta mendian nabilela hasten naiz burua bueltaka, istorioari bueltak ematen. Nobela beltza denez, dena ondo josita egon behar da: denak lotura eduki behar du eta informazioa pixkanaka eman. Momentu horietan aritzen naiz buruari bueltak ematen.

Zer izan da zailena idazketa prozesuan?
Zailena izan da hamasei edo hamazazpi urteko gazte alemaniar baten larruan sartzea, gerrara doan gazte baten sentimenduak kontatzeko. Niretzat oso urruti dagoen mundua da.
Idazkeran ere zaila egin zitzaidan nola uztartu gaur egungoa eta iraganekoa. Hasieran gaur egungoa idazten nuen eta gero iraganekoa, baina oso pisutsua egiten zitzaidan. Orduan erabaki nuen soldadu horren eguneroko guztia aurrena idaztea, segidan, eta gero handik zatiak aukeratzea eta gaur egungo kapituluetan sartzea. Hasieran kostatu zitzaidan, baina gero teknika hartzen diozu.

Zein garrantzia dauka paisaiak zure nobelan?
Niretzat asko. Nik liburua nire buruan hiru geruzatan banatzen dut: trama beltza, zein gai aipatzen diren, eta eszenatokia, non gertatzen den dena. Niri asko gustatzen zait inguruak deskribatzea.
Getaria asko azaltzen da berriro, baina Zarautz, Donostia eta beste toki batzuk ere bai. Eta Bigarren Mundu Gerrako zatia Ipar Euskal Herrian eta Landetan gertatzen da, Atlantikoko Harresiaren inguruan. Oporretan Landetara, hondartzara joaten zara, eta hor daude nazien bunkerrak, gaur egun paisaiaren parte balira bezala. Horrek beti eman dit atentzioa.

Zer espero duzu irakurleengandik?
Nik beti pentsatu izan dut irakurle adina liburu dagoela. Bakoitzak bere modura hartzen du. Batzuek denbora pasatzeko irakurriko dute, beste batzuek hausnartzeko. Tramak irakurlea kateatuko duela uste dut, eta gero gai hauek zer pentsatua emango diotela bati baino gehiagori.

Nondik dator Erleen azken ziztada izenburua?
Aurreneko gauza izenburua izan zen. Hori, hasieratik argi neukan. Irakurlea tentatzeko balio dit, eta gero irakurtzen duenean ulertzen du zer esan nahi duen. Ez dakit… erleak dira iragan batetik, Bigarren Mundu Gerratik eta nazismotik datorren ideologia zahar baten oihartzun bat bezala, gaur eguneraino iristen dena. Horiek dira nik erleekin adierazi nahi izan dudana.

Musikak ere presentzia dauka liburuan
Idazten ari nintzela, pasarte batean laino ilunak idatzi nuen, eta berehala etorri zitzaidan burura Delirium Tremens-en kanta. Horrela utzi nuen idatzita, eta gero pentsatu nuen: “Ostra, ze polita litzatekeen narrazioan zehar, tarteka, kanta baten zatiren bat sartzea”. Ezagutzen duenak irribarre txiki bat egingo du, eta ezagutzen ez duenari ere ez dio trabarik egingo. Gero, nahita, beste pare bat ere sartu nituen liburuan zehar: Hondarribian gertatzen den momentu batean, adibidez, Sorotan Beleren zatitxo bat agertzen da.

Zer suposatzen du zuretzat gaurko aurkezpenak?
Ilusioa egiten dit. Zerbait sortzen duzunean jendeari erakutsi nahi diozu. Eta hemen, ezagutzen dudan jendearen aurrean aurkeztea, gainera Euskararen Egunean, berezia da. Nire asmoa ez da txapa handi bat botatzea, baizik eta solasaldi moduko bat egitea. Aurreko liburua hemen aurkeztu nuenean horrela izan zen, eta oso polita izan zen.

Eta aurrera begira, beste proiekturik ba duzu?
Bai, zerbait badabilkit buruan, bi gauza desberdin dira. Batetik, pixka bat honen bidetik joango litzatekeen beste nobela beltz bat daukat gogoan, kasu bati lotua. Bestetik, berriz, nobela beltzarekin zerikusirik ez daukan proiektu bat. Baina oraindik hasierako fase horretan nabil, ideiak buruan bueltaka, idazten hasi aurreko prozesuan. Aurrekoek izan duten martxa ikusita, idazten jarriko naiz, behintzat saiatuko naiz. Gero ez da jakiten hau nola bukatuko den; niretzat abentura bat da. Azkenean, ez dakizu zure buruari gustatuko ote zaion bukaeran idatzi duzuna. Orduan, jolas bat bezala hartzen dut, abentura bat bezala. Eta bai, hor dabil buruan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide