Albisteak

[ELKARRIZKETA] M28: alkategaiak hauteskundeei begira

Maiatzaren 28ko Zestoako udal hauteskundeetako bi indar politiko nagusietako alkategaiekin bildu da Danbolin: Mikel Arregi (EH Bildu) eta Garikoitz Mendizabal (EAJ). Ezin izan dugu elkarrizketa bi hautagaiak elkartuta egin, eta bakoitzak bere aldetik azaldu dizkigu datozen lau urteetarako dituzten asmo eta proposamenak.

Nola laburtuko zenuke amaitzear den legegintzaldia?

Mikel Arregi: Aldaketa batzuk egin ditugu: gobernua irekitzea, elkarlana… Egunerokotasunetik harago, herriko eragileekin hainbat proiektu jarri dira martxan era irekian. Pandemia aipatu gabe, dena baldintzatu digu-eta. Datorren legegintzaldian hasitako lana bukatzeko irrikaz nago.
Pena daukat badakidalako Danbolinek mahai gainean jarri duela alkategaien eztabaida herritarrekin batera egiteko aukera, baina EAJko hautagaiak ez du nahi izan. Aukera ona zen elkarrekin era natural batean hitz egiteko. Kritika zilegi da, baina arrazoiak azaldu egin behar dira, bestela irainean gelditzen dira eta sinesgarritasuna galtzen dute.

Garikoitz Mendizabal: Legegintzaldi batean ezin izaten da dena egin, baina alkateak horrela justifikatzea ez zait serioa iruditzen. Legealdi erdian esan zuen Covid-aren eragina zela-eta hau trantsizio legealdia izango zela, eta orain beste bi urte pasa direnean, esan du trantsizio legealdia izan dela belaunaldi berriak prestatzeko. Lau urtek ematen dute. Egin behar dena da prestatutako programa landu, garatu eta herriari erakutsi.

Etxebizitzarekin arazo larria dugu herrian. Zenbait auzotan ez dira etxe berriak egiten. Arroabean bai, baina badakigu kostaldeak nola eragiten duen. Herrigunean, berriz, etxe huts asko daude baina alokatzeko aukerarik ia ez. Prezio oso altuak. Urratsik emango al duzue egoera aldatzeko?

M: Promozio publikoaren aldeko apustua egingo dugu. Jabetza pribatuaren kultura daukagu, baina horrek etxebizitza eskubidea ez du bermatzen; alderantziz, negozio gisa planteatzea dakar ondorio. Guk planteatzen duguna da Correoseko eremuan, 10 etxebizitza egitea, eta Kaleokerrean 12. Guztira 60 metro karratuko 22 etxebizitza publiko txiki egingo genituzke, alokairu sistema leun batekin bertako gazteek euren bizi-proiektua bertan egiteko aukera izan dezaten. Badakigu Kaleokerra zein egoeratan dagoen. Udalak jabeekin bilerak egin ditu eta aurreakordio batera iristear gaude. Legegintzaldi honetan eremua eskuratu nahiko genuke.
[Eusko Jaurlaritzako] Etxebizitza Sailarekin aztertu dugu, baina oraindik ez daukagu hitzarmenik. Dena den, akordio batera iritsiko ez bagina ere, azterketa bat egin dugu eta Udalak bere kabuz egin beharrekoa dela uste dugu.
Etxebizitza hutsak ere asko daude. Hor dagoen arazoa da lege bat badagoela, baina eragina izan dezan gauza asko bete behar direla, eta Udalak duen ahalmena oso murritza da. Astiaraneko etxeengatik [lehen Guztiok Bat] eskatzen diren diru kopuruak gure iritziz ikaragarriak dira eta ez dugu diru publikoarekin espekulatuko.

G: Arazoa larria da, ez hemen bakarrik. Zestoan bere orografiagatik ez da erraza leku askotan etxe gehiago egitea. Badaude estaziotik gora etxe zuri batzuk bukatu gabe. Horiei irtenbidea eman behar zaie. Dirua inbertitu beharko da, baina hor badago aukera bat, alokairu sozialerako edo beste modu bateko etxeak egiteko. Correoseko eraikina ere beste eremu bat da.
Etxe hutsei dagokionean, eskua sartzearen aldekoa naiz. Gazteek eduki behar dute aukera lasaitasun pixka batekin etxebizitza bat alokatu edo erosteko.
Arroabean badakigu kostaldetik jendea datorrela eta horrekin ezin gara lasai egon. Auzoetan gelditu nahi dutenentzat, terrenoak baldintzatzen du. Baserri handiak bereizteko nahiko borondatetsu dago legea eta marjinak badaude etxebizitza bat baino gehiago egiteko.

Kultur azpiegitura egoki baten beharraren inguruan aritu zarete behin eta berriz. Zein da zuen proposamen zehatza? Eta bide horretan azterketarik egin al duzue?

M: 1994an egindako kultur etxea daukagu. Gauza batzuk eguneratu egin behar dira. Antzoki moduan egia da mugatua dela, baina hori eraitsi eta berria egitearen kostua gure gain hartzea baino askozaz ere bidezkoagoa da birmoldatzea. Azterlana 2023ko aurrekontuetan sartuta daukagu, eta gure helburua da egungo antzokiaren edukiera era duin batean handitzea. Gaur egun 80 lagunentzako lekua dago eta eszenatoki atzeko komunak eta abarrak kendu, sarrerako hall-ari espazioa hartu eta jasotzen diren harmailak jarrita, 120-140 lagunentzako edukiera lortuko genuke. Horrek Zestoak dituen hainbat arazo konpon ditzake. Interbentzioa aprobetxatu beharko litzateke eragile guztiekin hitz eginda beste egokitzapen batzuk ere egiteko. Ondoan taberna dago eta eragileekin hausnartu nahiko genuke baita ere etorkizunera begira Udaletik haragoko balizko kultur musika jarduera izango lukeen egitura batez. Zestoa ez dago kultur antzokien sarean eta ondorioz dirulaguntzak lortzea ez da erraza izango.
Arroabea ere ez dugu ahaztu nahi. Egiten ari diren etxebizitzekin 600 biztanleko auzoa izango da laster. Jendeak bertan bizitza egitea nahi badugu erabilera anitza izango duen espazio bat beharko da. Eskola berria egin zenean Joxe Migelen plazan hutsik gelditu ziren eraikinak eraitsita, uste dugu hor gune bat balegokeela horretarako.

G: Gai honek haserretu egiten nau. Urte asko pasa dira ezer egin gabe. Ez zait iruditzen ez justua, ez sinesgarria 2018an orain alkate denak, orduan oposizioan zegoela, kiroldegia egiteko eztabaida batean, udal batzarrean esan izana hirigintzako batzordeburuari Zestoak beste lehentasun batzuk bazituela, esate baterako, kultur azpiegitura egokiak izatea. EH Bildu kritiko izan zen. Orain alkate da. Berriro ere egin da galdeketa eragileen artean, aurreko legegintzaldian ere egin zen. Erantzuna eztabaidaezina da, zenbat talde daude lanean modu desegokian…
Gure apustua lehengo berdina da. Kultur Etxea zaharkitua eta txikia gelditu da eta ez die herriko beharrei erantzuten. Gure asmoa da eraikina bota eta Axun Arrazola plaza ere hartuta, eraikin berri bat osatzea. Horretarako udaletxeak zorpetu egin behar du, eta Jaurlaritza eta Aldunditik dirulaguntzak lortu.
Aparkaleku publikoa ere egingo genuke, oso kostu gutxikoa arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara egoten den arazoari erantzuna emango liokeena. Bi pisu atera beharko lirateke, noski. Hor dauden garajeak 100 urterako daude esleituta, beraien kontratuak dituzte. Obrek irauten duten bitartean beste aukera bat eman beharko zaie herriko beste puntu batean.

Arkitekto bat baino gehiagorekin kontsultak egin ditugu dagoen espazioarekin zer egin daitekeen jakiteko, eta buruan duguna %100 egingarria da. Hori egin egingo dugu gobernatzea tokatzen bazaigu, kultur taldeek behar dutelako. Zenbat eserlekuko antzokia? Ez dugu behar 700 eserlekukoa, ze hori beteko da txistulari alardean eta Benito Lertxundi etortzen denean, eta horretarako ondo eginda gauzak kiroldegian egin genitzake. Ez dena posible da edozein kontzertu udaletxe azpian egitea, batzuk eserita, besteak tente, hotza… Nik nahi dut herri bat konformatzen ez dena, eta horretan konformatzen ari gara.

Izan liteke 200 edo 250 eserlekukoa. Herrian egiten diren ekitaldien %80ari erantzungo diona; dantza ikuskizunak, musika emanaldiak, hitzaldiak, ikus-entzunezko proiekzioak…. Eta gero antzerki mundua dago. Ez da bakarrik emanaldiaren momentua, herri honetan gidaritza oso inplikatuak eta profesionalak dauzkagu. Talde hauen funtzionamendua inplikatuta dauden eragileekin adostuko da.

Gazte Asanbladako kideek zentroa hartu zuten duela bi hilabete. Momentuz hor jarraitzen dute. Zein jarrera izango duzue gai honekiko?

M: Gure programan leku hori planteatu genuen jarduera sozio-kulturaletarako eta gaztetxea hor egiteko aukeraz ere hitz egin izan da. Garbi dagoena da gaztetxe bateko jarduera asko egin daitezkeela eraikin horretan. Ordu txikitako kontzertuek arazoak sortzen dituzte, eta gaur egungo zaraten legea hor dago. Jarduera horiek Elizondon egin ahal izateko sekulako inbertsioa egin behar da eta guri teknikarien aldetik esan zaigu ez litzatekeela bideragarria izango. Egia da orain gaztetxea kokatuta dagoen leku horretan ere inguruko herritarrei arazo horiek sortzen zaizkiela.

Beste aukera batzuk badaude, baina gure ustez jarduera guzti horiek osotasunean egin ahal izateko logikoena da Gaztetxea pixka bat herrigunetik ateratzea, beste hainbat herritan egin den moduan; geltokian gune bat dago, Zestoa eta Bainuetxe artean badaude hutsik dauden eraikin batzuk, nahiz pribatuak izan…

G: Gai honek hasiera batean ez gintuen gu harrapatu. Gazte Asanblada eta EH Bilduren arteko liskar gisa ezagutu genuen. Baina gero Gazte Asanbladarekin bildu ginen batzokian. Entzun genien eta gure iritzia eman genien: adierazi genien guk ez genuela hor ikusten gaztetxea inondik inora, beste irtenbide batzuk baloratu izan ditugula historikoki eta gaur egun ere bai. Galdetu genien ea prest zeuden beste eragile kultural batzuekin batera eraikina partekatzeko eta erantzungo zitzaigula esan ziguten. Beste herri askotan ere zentro neuralgikotik aparte daude gaztetxeak. Beraien espazio propioa eduki nahi badute eta beraien dinamikak egin, nik txalotzen ditut, baina niretzat leku hori ez da aproposa. Proposamen egokia estazioko eraikina iruditzen zaigu. ETSrekin [Eusko Trenbide Sarea] hitz egiteko prest gaude. Fundizio elkarteak erabiltzen duen eraikina ere dagoen bezala dago, eta gabezia berdinarekin ikusten ditut.

Kontuak kontu, Kultur Etxearen gaia agendan jartzea lortu dute gazteek. Lau aldiz galdetu dugu udal batzarretan nola doan gaia, “bola handitzen” ari zela… Elizarekin elkartzea lortu zen eta tasazioak eta alokairu kontuez hitz egitea. Baina gazteek hanka sartu zuten okupazioarekin eta dena eten dute. Gero bilera batera deitu ninduten, eskatzeko ea bikarioarekin bilduko nintzen eta egin nuen, baina Elizak garbi esan du ez duela pausurik emango gauzak egin diren bezala egin direlako.
Gazteei eskaini behar zaie erabilera publikoa duen leku bat, duintasun guztiarekin, gazteak behar duten guztiarekin, baina ez espazio propioa beraiek nahi duten tokian.

Datorren legegintzaldiko gai garrantzitsua izango da trantsizio energetikoa. Alde batetik eguzki plakak jartzearen proiektuak ditugu, eta bestetik, Piaspe. Zertan datza energia berriztagarrien proiektuak? Ze iritzi du zuen taldeak Piaspe proiektuaren inguruan?

M: Legealdi honetan Goienerrekin gauza batzuk egin dira eta emaitza hor daukagu: komunitate energetikoa. Oso ariketa positiboa izan da. Berriztagarrien inguruan eraikin publikoen azterketak eginda daude, Kiroldegiko aterpeko obra ere hastear dago. Harago jotzeko eraikin pribatu komunitario guztietako azterketa egin eta herri guztiko teilatuek zer ahalmen fotovoltaiko duten aztertu nahi dugu. Zestoako etxeko kontsumoa 4,2 kW/h ordukoa da. Gure helburua da teilatuetan jarritako eguzki plakekin horren erdira iristea.
Piaspe proiektua ere hor dago. Hasieran hartutako jarreran gaude. Datorkigunarekin, eskala txikiko azpiegiturez gain, handikoak ere beharko ditugula uste dugu gure ongizateari eutsi nahi baldin badiogu, eta hor ere hausnarketa handia dugu egiteko. Baina inolako planifikaziorik eta azterketa orokorrik gabe, gure mendietan 200 metroko aerosorgailuak jartzen hastea ez zaigu zuzena iruditzen. Inpaktua sekulakoa delako. Eskala txikia lehenetsi behar dugu intentsitate handiko azpiegituretara jo aurretik. Aurrena azterketa orokor bat egin behar dugu eta gero ezinbestekoa zer den ikusi eta erabaki. Oraindik ez gaude fase horretan.

G: Sortu den energia komunitatearekin bat egiten dugu gure zalantzak ditugun arren. Guk Osinbeltzen eguzki-plaken instalazioa egitea proposatzen dugu arazo horri erantzuna emateko eta azterketa bat egiten ari gara. Laster jasoko dugu erantzuna eta emaitzak ez badira egokiak onartuko dugu. Osinbeltzek mailakatutako altueratan eguzki-plakak jartzeko aukera ona eskaintzen du. Jarri gara harremanetan EVE [Energiaren Euskal Erakundea] eta Jaurlaritzarekin. Osinbeltz barrenean aisialdi gunea, erdian auditorio handia, antzerkiak, makro-jaialdiak eta rock kontzertuak egiteko, eta inguruan egun-pasarako guneak. Goian eguzki-plakak. Azalera handia duenez, proiektu bakar batean bi gauza lortuko dira; batetik, eraikin publikoak berriztagarriz osatzea, eta bestetik, herriko komunitateari aukera eskaintzea.
Ez gaude Piaspe proiektuaren aurka, baina ez gaude edozer gauza egiteko prest. Estrategikotzat jotzen dugu, baina proiektua iristen denean jakingo dugu zer, nondik eta nola doan. Ingurumena zaindu egin behar da, egiten diren kalteak konpondu beharko dira, agian hobekuntzaren bat lortu liteke bideren batean.
Kontzeptu aldetik ezin gara kontra egon, ez da politikoki jende ekologistak espero duen erantzuna, baina energia asko behar dugu. Ezin gara ibili EH Bildu dabilen bezala, azpeitiarrengandik desmarkatu, gero komunikabideetan bat egin berriz, Sañu Bizirik taldekoak harrituta, makillatu eta bidea garbitu… Legebiltzarrean EH Bildu alde dago. Gu ere alde gaude, baina esandakoa, edozein preziotan ez.

Gero eta gizarte zaharragoa daukagu, baina herri mailan hori lantzen ari diren erakunde eta talde aktiboak ditugu. Zein izango dira hurrengo pausuak?

M: Legealdi hasieran etorkizunera begira azterketa eta plan estrategikoa egin genituen hainbat herritar eta eragilerekin. Zestoan 1970ean bataz besteko adina 28 urtekoa zen eta gaur egun 49koa da. 70 urtetik gorako 167 herritar bakarrik bizi dira. Horietako batzuk baliabide gutxi dituzte, eta hurbileko senideen laguntza jaso ezin dutenen zaintza sistema komunitarioa martxan jarri nahi du Udalak. Adinekoen Mahaia ere sortuta, eta lankidetza ona dago. Anbulatorioko mediku eta erizainak ere inplikatu dira. Aldundiak Gipuzkoako sei proiektu hoberenen artean kokatu du. Gainera, herri txikiena gu gara. Legealdi honetan egin den gauza on bat izan da, gure adinekoen bizi baldintzak hobetzera doana. Hori bultza egin behar da.
Kanpo aholkularitza ere badugu esku artean. 2024ko otsailean proiektu honen diseinua amaitua geldituko da eta zaintza sistema propioa edukiko dugu. Argi dugu gure herriko adinekoak ondoena bertatik zainduko ditugula.

G: Zorionekoak gara pertsona batzuk daudelako boluntario moduan eta beste batzuk bere lanbidea dutelako egoitzetan… elkartu direlako bakoitzak detektatu dituzten edo lanean eroso aurkitzen diren gune horiek betetzeko. Batuta eta oso ondo ari dira. Gure jarrera zein izango den? Ba guztiz despolitizatu eta gidaritza, indarra eta balio guztia San Juan egoitzaren bitartez sortu den ekosistemari ematea. Ondoan egon, adi, behar dutenerako. Garbi daukat gai batzuk politikatik aparte utzi behar ditugula.

Haur eta gaztetxoen artean euskararen erabileran beherakada nabaria da, eta horrek kezka sortu du. Gai honi nola heltzeko asmoa duzue?

M: Kezka handia zegoen, teknologia berriak tarteko… Eremu euskaldunenetako batean bizi gara, baina hala ere belaunaldi berrietan denbora gutxian sekulako aldaketa nabaritu dugu. Horrek diagnostiko bat eskatzen du eta hori egiteaz aparte badaude eremu klabe batzuk, hezkuntza sistema dela, kaleko bizitza dela, etxeetako bizitza dela, gure hizkuntza ohiturak… Herri honek ere baditu hainbat kulturatatik hartu ditugun familiak. Kultura guztien arteko azterketa egin behar da. Askotan joera da kanpotik datozenei errua botatzea, eta hori ez da batere justua eta ez da erreala. Horrek eragina dauka, baina hemen faktore asko daude. Kanpotik datozenei euskara gure herrian integratzeko balio inportante eta aberatsa dela erakutsi behar diegu. Eztabaida politikoa ere sortzen da. Konplexu gehiegi ditugu. Gure hizkuntza lehenetsi behar dugu. Herri euskalduna gara, arnasgunea gara eta izaten jarraitu behar dugu. Zestoan gure hizkuntzak atzera egiten badu esango didazue gurea baino erdaldunagoak diren herrietan zer egingo duen. Ez dut imajinatu nahi hemendik 50 urtera; ezagutza bermatuko da, baina erabilera bermatzen ez bada hizkuntzarenak egin du. Arazo larria daukagu zeren hizkuntzaren atzean kultura dago, pentsatzeko era dago.

G: Pedagogia eginez baina aitortuta eskuetatik joateko oso erraza den eremua dela. Zestoan zorionez, hala ere, oso giro euskalduna dugu, baina –seme gazteagatik batik bat igartzen dut– gailuak eskuan dituztenean zein hizkuntza kontsumitzen duten badakigu, eta hor euskarak ez dauka zer eginik. Tik Tok eta horrelakoetan erreferente euskaldunak behar ditugu. Gailuak euskaraz konfiguratu, hitzaldiak, eskolan lagundu eta batez ere etxean adi egon eta euskara zaindu etxetik. Udaletxetik hartu ditzakegun neurriak hartuko dira.
Errealitate bat da, sektorizatuta dago. Etortzen diren etorkinei ere arreta soziala ematen zaie, dirulaguntzetan eta… baina gure kulturara ekartzeko erronka ez da erraza eta hori ez bada egiten euskarak ez dauka lekurik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide