Albisteak

[ELKARRIZKETA] Merina Gris: “Merina Gris edertasuna, bortizkeria eta bihotza da”

Merina Gris talde donostiarra Gure Bazterrak Fest jaialdian izango da Neomak, J Martina eta Grisesekin batera. Sarak, Paskalek eta Julenek osatzen dute taldea. Proiektuari buruz gehiago jakiteko haiekin elkartu gara, eta azaroaren 5a iristeko “gogotsu” daudela esan digute.

Zer da Merina Gris?
Merina Gris erdigune bat da, gune seguru bat, zurea topatu ezean sortzen duzuna. Zure bizitzan, gizartean, zure inguruan dituzun gauza polarizatu guztien artean dagoen zerbait. Guk guretzat eraikitako zerbait da, askatu behar genuen hura askatu ahal izateko. Edertasuna, bortizkeria eta bihotza.

Aurrez musika munduan ibilitakoak zarete hirurok. Onurarik ba al dakar horrek?
Beno, alde batetik bai. Aurretik ikasitako guztiak laguntzen du hurrengo urratsak ematerako garaian. Batez ere, identitatea edo auto kontzeptua argiago dugu, konplexu gutxiago ditugu eta hobeto identifikatzen dugu nahi dugun hori. Alde ez hain onuragarri bezala, agian, pazientzia gutxiago dugula kar, kar, kar.

Pop zakarra egiten duzue, eta guztiarekin hausteko asmoz zaudete.
Bai. Egia esan termino horrek oso ondo definitzen gaituela esango genuke. Badugu DNAn zakartasuna musika egiterako orduan, soinuak aukeratzerako orduan, baina horrek denak popean aurkitzen du ingurugiroa. Energia hori eta melodietako eta ahotsetako “goxotasun” hori behar izaten dugu abesti bat gurea dela sentitzeko. Kontraste horretan bizi gara eta gustura gaude.

Maskara baten atzean ezkutatzen duzue aurpegia emanaldietan. Zer dela eta?
Edukiari garrantzia eman nahi genion. “Nork” baino, “zer” hori azpimarratu nahi genuen. Ez genion entzuleari aurreiritziz kutsatzeko aukera hori eman nahi, zaila den arren. Testuingururik gabeko zerbait izan nahi genuen, azken hau, gerora elkarrekin eraikiko genuen zerbait izateko. Horrek ez du esan nahi artean igorleari garrantzirik ematen ez diogunik, jolas bezala hasi zen hau eta gure identitatea indartu besterik ez du egin, gure harridurarako.

Han eta hemen kontzertuak ematen zabiltzate azken hilabeteetan, eta harrera bikaina izaten ari zarete. Espero al zenuten?
Egia esan, ez. Gure buruetan konfiantza geneukan, zerbait ondo egiten ari ginenaren sentsazioa hor zegoen, baina ez genuen jendearen harrera hau espero. Gure kantak abesten dituzte, ikuslegoarekin konektatzen dugu eta gure showa nahi genuen bezala egiteko baliabideak izaten ari gara, kasu gehienetan. Nahi genuen hori bizitzen ibili gara.

Ze norabide du orain proiektuak?
Orain urte amaierara arte birak jarraituko du. Euskal Herrian jotzeaz gain Estatura salto egingo dugu (Madril, Bartzelona, Girona, Castelló) eta abenduan eta urtarrilean Herbeheretara joango gara. Taldea zuzenekoetan trinkotzea da asmoa eta, hori alde batera utzi gabe, sorkuntza prozesuan aurrera egitea. Jada badaude ideia batzuk, badago laster aterako dugun zerbait; hainbat gauza datoz. Norabidea beraz, lanean jarraitzea da.

Hitzordu berezia izango al da Zestoakoa?
Dudarik gabe. Lagun artean izango gara. J Martinakoak bide lagun izan ditugu hasieratik eta “brutala” da berriro haiekin jotzea. Gainera, Grises etxean ikusteko dugun gogoa ez da normala. Gehienbat horretara goaz, Grisesi bultzada handia ematera; beste guztia ongi etorria izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide