Albisteak

[ELKARRIZKETA] Mikel Alberdi: “Benetan betetzen nauen zerbait egiten dut eta gustura nago”

Duela hogei urte Zestoa utzi eta snowaz gozatu eta bizitzeko asmoarekin joan zen Pirinio Katalanera Mikel Alberdi zestoarra. Tredos (Lleida) herrian bizi da egun eta Baqueira Bereteko Era Escòla eskolan dabil lanean. Astean bi arratsaldetan Correosen ere jarduten du. Berekin solasaldi txiki bat izateko aukera izan dugu.

Noiz hasi ohi da elur denboraldia?

Normalean abendu bukaera aldera hasten da. Aurten denboraldi luzea espero dugu, Aste Santu ondorenera arte edo lanean izango gara.

Lehenengo elurteak gogoz hartuko dituzu, ezta?

Bai, berezia izaten da. Elurra egiten hasten denean zerbait pizten zait barruan eta animatzen hasten naiz. Duela hogei urte hona iritsi nintzenean uste nuen urteen poderioz lasaitu egingo nintzela baina denborarekin ikusi dut ez dela hala izan. Orain pena daukat, uste dut laster bukatuko dela hau eta oraindik eta gogo gehiagorekin hartzen dut, gero eta gehiago nahi dut.

Adin guztietako ikasleak izaten al dituzu?

Halaxe da, edozein adinentzako ematen ditut eskolak. Gutxiena snowean duzun mailak inporta du, garrantzitsuena ondo pasatzea da, jendearekin eta paisaiarekin disfrutatzea. Ahalik eta gauza atseginena izan dadin saiatzen naiz. Gure lana askotan, jendea lasaitzea izaten da eta edozertan laguntzea. Jendeari beldurra kentzen saiatzen gara eta beren buruarekin konfiantza irabaztea lortzea nahi izaten dugu. Irakasleak izateaz gain, askotan, psikologo lana ere egiten dugu.

Eta zer egin ohi duzu denboraldia amaitutakoan?

Zestoara bisitan joaten naiz. Azken aldian ahal dudan gehienetan joaten saiatzen naiz, iloba txikiak dauzkat eta. Udan, ahal dudanean egin dut lan: mendiko gida gisa, pintore, zerbitzari… Hilabete horiek tramite txiki bat izaten dira niretzat. Elurra azaroa aldera iristen da eta snow denboraldia berehala hasten da.

Covid-ak eragin handia izan du zuen sektorean ere.

Halaxe izan da, oso gaizki pasa dugu. 2020ko neguan ireki zen estazioa baina murrizketa asko zeuden orduan indarrean. Kataluniako jendeak soilik zuen bertara etortzeko aukera eta hori oztopo handi bat izan zen guretzat, gure bezeroen zati handi bat kanpotik etortzen delako, batez ere, Madrildik.

Aurten egoera hobeagoa dela dirudi.

Aurten erabat desberdina da, egoera normalizatu egin da. Abenduko zubian zabaldu genuen estazioa eta sekulako “bonbazoa” izan zen. Jende pila bat etorri zen lehen asteburuan, jendea gogotsu zegoen. Horrela jarraitu dugu eta jende asko ari da etortzen. Bagenekien horrela izango zela, eta benetan poza da, lan asko dago sektore guztietan: ostalaritzan, eskoletan, hoteletan…

Hogei urte dira zure pasioa ofizio bihurtu zenuenetik. Espero al zenuen denboran hainbeste luzatzea?

Egunero ez baina askotan izaten dut pentsamendu hori eta barre txikia irteten zait. Ez dut probatu zer den futbolaria izan eta ez dakit zenbat mila euro irabaztea baina ni gustura nago nagoen bezala, gustatzen zaidana egiten. Benetan betetzen nauen zerbait egiten dut eta gustura nago. Aurten, lan karga gutxiago izateko erabakia hartu dut. Lehen, askotan 12 ordutik gora egiten nituen lan eta aurten, konfinamenduak erakutsi dit gutxirekin bizitza posible nuela eta ez neukala hainbeste lan egin beharrik. 40 urte bete ditut eta poltsikoari kasu gutxiago egin eta bihotzari kasu gehiago egitea erabaki dut.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide