Albisteak
[ELKARRIZKETA] Neomak: “Guretzat ohore bat da Gure Bazterrak Fest jaialdiaren bosgarren edizioan parte hartzea”
— 2022-10-19Gure Bazterrak Fest jaialdiaren bosgarren edizioak Zestoako plaza hartuko du datorren azaroaren 5ean. Punta-puntako taldeak izango dira bertan: Grises, Merina Gris, Neomak eta J Martina. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da jaialdia, eta sarrerak entradium.com atarian eta turismo bulegoan daude eskuragai.
Kontzertuko eguna gero eta gertuago dagoenez, Neomakeko kideekin izan gara taldearen ibilbidearen berri izateko. Trikiti txapelketetan ezagutu zuten elkar, eta gero, Sorginak proiektuan aritu ziren. Ibilbide hori amaituta, “Neomak” taldea osatu zuten konfinamendu ostean.
Nola definituko zenukete Neomak?
Zazpi emakume gazte gara. Gure bizipenei eta esperientziei forma eman, eta proiektu hau martxan jarri dugu ilusioz eta gogo handiz beteta. Trikitiaren mundutik etorrita, oinarrian ditugun musika nahiz erritmoak elektronikarekin nahastu ditugu, esperimentatzeko helburuarekin. “Ilargi berriak” esan nahi du grezieraz “neoma” hitzak, eta horrekin lotuta, publikoari zerbait berria eskaintzea da gure helburua.
Konfinamendua pasa eta gero hasi zenuten zuen ibilbidea. Nola izan zen?
Konfinamendua pasa ostean Arrasateko Hauspo Egun jaialdirako deitu gintuzten. Zerbait puntuala zen eta aspaldiko partez denok elkartu eta erromeria moduko bat egin genuen, Sorginak izenarekin. Hala ere, uste genuen kontua hor bukatuko zela, baina Nafarroako Trikiti Jaialditik deitu ziguten 2021eko urtarrilaren 30ean Altsasun jotzeko. Entseatzen hasi ginenean, sugarrak eta nahiak hor jarraitzen zutela ikusi genuen. Aurreko etapa amaitu eta berri bati hasiera ematea erabaki genuen, mimoz eta ilusio handiarekin.
Zuen burua garbi definitu duzue: zazpi partaide, gazteak eta emakumeak…
Bai, beharbada oraindik ere ez da ohikoena, eta sarritan atentzioa deitzen du horrek. Egoera pixkanaka aldatzen ari dela dirudi, eta gero eta ohikoagoa da emakumeak taula gainean ikustea. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da aukerak ematea eta ateak irekitzea. Hala ere uste dugu oraindik bide luzea dagoela egiteko eta horretan ari gara, emakumeok ere oholtza nahi dugulako.
Gure Bazterrak Fest jaialdiaren bosgarren edizioan emakumeek agertokian duten garrantzia aldarrikatuko da…
Oraindik ere ez dira emakume musikari asko oholtza gainean ikusten. Egoera aldatzen ari dela esan dezakegun arren, bidea luzea da. Jakinekoa da bakoitzak ahal duen edo nahi duen lekutik egiten duela borroka, eta momentuz, oholtzak bide horretarako lekuak badira horretan jarraituko dugu. Gure “XXI. Mendekua” abestiak dioen bezala, “Gure oholtzetatik ez bada ez da hasiko inoiz iraultza”.
Pandero eta perkusiotik abangoardiara jotzen duzue.
Egoera musikala, gizartearekin batera aldatzen eta transformatzen doa, baina hala ere barruan ditugu betiko trikiti eta pandero doinuak. Gainera, guztiok musika mota desberdina entzuten dugu. Gaur egun baliabide teknologikoek ahalbidetzen dituzten aukerekin jolasteko gogoa eta aukera izan dugu proiektu honetan, eta orain arte egin izan dugun musika organikoa oinarrian hartuta, musika elektronikoarekin esperimentatu eta biak uztartu nahi izan ditugu.
Irrintziek berebiziko garrantzia dute zuen musikan.
Bai, oso elementu potentea da eta guri indarra emateaz gain, musikalki abestiei zerbait berezia eta sendoa ematen die; adibidez, alaitasuna eta kemena. Garai batean, mendietan komunikatzeko erabiltzen zela badakigu, eta nondik gatozen kontuan hartuta, oso osagai garrantzitsua da gure ondarea mantentzeko, eta aldi berean, gure ahalduntzerako.
Irrintzia, trikitia eta panderoa baino askoz gehiago zarete, ordea.
Bai, aurrez aipatu bezala, trikitia eta panderoa oinarrian ditugu baina horiek lagun hartuta beste proposamen bat egin nahi izan dugu, bai musikalki, eta baita bisualki ere. Esate baterako, trikiti mundua tradizionalki estetika zehatz batekin lotu izan da eta horri buelta bat emanda, gauza berriak proposatu nahi ditugu gure oraingo egoerara ekarrita. Horretarako elementu tradizionalak janzten ditugu: mahoizko galtzak, alpargatak, alkandora zuria… Orrazkera deigarriak egiten ditugu eta urrezko bitxi ezberdinekin janzten ditugu. Era berean, zuzenekoari begira, entzuteko kontzertu bat izateaz gain, ikusteko ikuskizun bat dela esango genuke.
Garbi dago hain tradizionalak diren doinuak oraindik bizirik jarraitzen dutela…
Bai, garaiak aldatzen doaz eta horrekin batera doa musika. Lehen esan dugun moduan, oso barnean dugu guk trikitiaren tradizioa. Ume-umetatik jaso dugu, eta egun guri gustatzen zaiguna egiten gabiltza, ikasitakotik berrikasten. Bistakoa da, urtez urte, trikitiaren ondarea mantendu dela eta bakoitzak aukera izan duela nahi duen estilo edo elementuekin uztartzeko. Horren adibide dira, hainbat eta hainbat musika talde euskaldun, trikitia lagun hartuta proposamen eta proiektu ezberdinak egin dituztenak eta oraindik horretan dihardutenak. Hori gure ustez oso aberasgarria da, nahi duenak nahi duen estiloan bere gustuko musika aurki dezakeelako. Ea horrela jarraitzen dugun, ondarea mantentzen eta bide berriak irekitzen.
Ilusio berezi egiten al dizue azaroaren 5eko emanaldiak?
Guretzat ohore bat da Gure Bazterrak Fest jaialdiaren bosgarren edizioan parte hartzea. Gainera, kartela ikusita, punta-puntako musikariekin oholtza elkarbanatzea ere benetan pozgarria izango da guretzat. Beraz, bai, gogotsu eta ilusioz gaude azaroaren 5a heltzeko oholtza gainen ikusleekin batera gozatzeko.
Egin zaitez bazkide