Albisteak

[ELKARRIZKETA] Oihane Larrañaga: “Pixkanaka zerbait aldatzen ari dela dirudi baina hala ere, mundu honetan emakumeak gutxiengoa gara”

Inspira Steam programa Zestoako Gaztelekura iritsiko da datorren ostiralean. Egitasmo honek neskengan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea du helburu. Horretarako, sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak egiten dituzte, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik. Ikasketak aukeratzerako orduan sortzen diren mugak gainditzea, gizartean ditugun estereotipoak ezagutaraztea edota emakume teknologoen balioa denen aurrean jarri nahi da proiektu honen bitartez.

Azken urteetan prestakuntza teknologikoaren aldeko apustua egin duten ikasleen kopuruak beherantz egin du eta batez ere, emakumeen taldeak. Bokazio zientifiko eta teknologiko hori sustatzeko beharretatik sortu da Inspira Steam. Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, proiektua hainbat herritako Gaztelekuetara eraman nahi du, tartean Zestoakora.

Herrian hiru saio eskainiko dira. Oihane Larrañaga zestoarra eta Nora Olañeta azkoitiarra (Lizentziatura informatikoa) arduratuko dira saio hauek gidatzeaz. Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzan graduatu zen Larrañaga eta ondoren, Industria Ingenieritzako masterra egin zuen. Egun, Bergarako GurpoTTT enpresako proiektu arduraduna da eta ostiraleko saioaren arira, berarekin izan gara.

Zerk bultzatu zintuen ikasketa zientifiko teknologikoak egitera?

Batxilergoan nengoela irakasgai teknikoak gustatzen zitzaizkidan gehien eta horregatik aukeratu nuen ikasketa zientifiko teknologikoak egitea. Egia esan, nik aukeratu nuen graduan sormena eta arlo teknikoa uztartzen dira. Unibertsitatean konturatu nintzen lanerako aspektu teknikoak gehiago gustatzen zitzaizkidala eta bide hori hartzea erabaki nuen.

Betidanik izan al duzu arlo zientifiko teknologikorako bokazioa?

Denborarekin etorri den zerbait izan da. Filosofia ikastea ere burutik pasa zitzaidan, egia esan, zalantza asko izan nituen.

Ikasketa tekniko eta zientifikoak egiten dituzten gehienak gizonezkoak dira, atzeman al zenuen hori unibertsitate garaian?

Industri Diseinuko graduan erdi eta erdi banatuta geunden. Baina mundu artistiko eta teknikoa uztartzen dituen gradua delako gertatzen den zerbait da. Gainontzeko graduetan gehienak gizonezkoak dira. Masterra egin nuenean, adibidez, 15 ginen klasean eta emakumeak, 4 bakarrik.

Eta lan munduan?

Lan munduan izugarrizko aldea dago. Industriagunean batez ere, tailerretan ia denak gizonezkoak dira. Bulegoetan, arlo administratiboan emakumeak gehiago dira baino arlo industrialean gizonezkoen kopurua handiagoa da. Ezberdintasun hau da goi karguetan, gehiengoa gizonezkoak dira. Orain, pixkanaka zerbait aldatzen ari dela dirudi baina hala ere, mundu honetan emakumeak gutxiengoa gara. Neska gutxiagok egiten ditugu ikasketa zientifiko teknologikoak eta orduan, ezberdintasun hori hor dago. Bada garaia, arlo hau gurea ere badela aldarrikatzeko.

Orain Inspira Steam programan parte hartuko duzu, lehendik ezagutzen al zenuen?

Egia esan, ez. Gaztelekuko arduraduna nirekin kontaktuan jarri zen eta programaren berri eman zidan. Orduan informazioa bilatzen hasi nintzen eta oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Guztira hiru saio egingo ditugu eta badakit ezingo dugula mundua aldatu baina behintzat, parte hartzen duten neska-mutilei begiak irekitzea eta gauzak horrela zergatik dauden ohartaraztea lortzen badugu, oso pausu garrantzitsua izango da. Eta batez ere, ibilbide zientifiko teknologikoen inguruko ikuspegia zabaltzea nahi dugu, generoa edozein dela ere, mundu hau denontzako dela transmitituz.

Azkenean datuak hor daude eta garbi frogatzen dute neska gutxiagok aukeratzen dituztela arlo zientifiko teknologikoko ikasketak eta lan munduan ere ezberdintasun handiak daude. Askotan entzuten da norbera libre dela nahi duena ikasteko baina benetan al gara libre? txiki txikitatik profil bateko ikasketak egitera bultzatzen gaitu gizarteak. Baina errealitate hau alda daiteke eta gazteei arlo zientifiko eta teknologikoan lana egiteko gaitasuna generotik ez datorrela erakutsi behar diegu.

Zer landuko duzue datozen asteetako saioetan?

Lehenengoan, gazteak generoarekin ze lotura egiten ditugun ohartaraztea nahi dugu, estereotipoak ezagutu eta identifikatuz. Bigarrengoan, historian zehar zientzia eta teknologia munduan egon diren emakume ezberdinak ezagutuko ditugu, gehienetan, gizonak bakarrik ezagutzen ditugu eta. Eta azken saioan, alde batetik, pertsonek egin ditzaketen jarduera guztiak modu positiboan baloratzen erakutsiko diegu, sexua edozein delarik ere. Bstetik, teknologia aplikatzeko arlo desberdinak ezagutaraziko dizkiegu. Saio bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide