Albisteak

[ELKARRIZKETA] Ortzi Alberdi: “Gure gizartean etxebizitzak negozioa egiteko bitarteko funtzioa betetzen du, pertsonen beharrak asetzeko funtzioa izan beharrean”

Etxebizitzaren inguruko gatazkak eta kezkak areagotu egin dira Euskal Herriko hainbat tokitan, baita Zestoan ere. Testuinguru horretan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatuta, eta “Etxebizitzaren negozioari ez” eta “Kalitatezko etxebizitza, doako eta unibertsalaren alde, antolatu” lelopean, hainbat gazte elkartuko dira Donostian, apirilaren 5ean, larunbatez.

Ortzi Alberdi, Etxebizitza Sindikatuko kidea, bertan izango da, eta elkarrizketa honen bidez, gazte langileek gaur egungo egoera nola ikusten duten eta, haien ustez, zein diren konponbideak azaldu dizkigu.

Kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsalaren alde egoteak zer esan nahi du?

Etxebizitza, guztion bizi proiektuak aurrera eramateko ezinbesteko baliabidea dela ulertzen dugu. Horrekin batera, garbi dugu gaur egungo gizarteak dituen baliabideekin soberako gaitasuna dugula pertsona guztiek kalitatezko etxebizitza bat edukitzeko. Kontua da ordea, gaur egungo errealitateari begiratzen badiogu, langile klasearen zati gero eta handiagoak etxebizitzarako sarbiderik gabe geratzen ari direla, Zestoan bertan ere etxebizitza hutsak edo turismora bideratutakoak ugaritzen diren bitartean. Ulertzen dugu, egoera hau, gure gizartean etxebizitzak (gainerako baliabideen moduan) negozioa egiteko bitarteko funtzioa betetzen duelako ematen dela, pertsonen beharrak asetzeko funtzioa izan beharrean.

Zentzu horretan, baliabide materialek ahalbidetzen duten helburu hau, guztiok kalitatezko etxebizitza baterako doako sarbidea izatea ahalbidetuko duen antolakuntza berri baten beharra aldarrikatzen dugu, gaur egun negozioa egiteko bitarteko diren baliabideak pertsonen beharrak asetzeko bitarteko bihurtuko dituen antolaketa ekonomiko bat eta etxebizitza politika bat hain zuzen.

Zein uste duzu direla etxebizitzaren arazoaren atzean dauden arduradunak?

Esan bezala beraz, arazoaren jatorrian etxebizitzaren merkantzia izaera kokatzen dugu. Etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen heinean, hau da, gizartean ematen den etxebizitzen banaketa merkatuaren bidez ematen den heinean, gizartearen zati bat, etxebizitzara sarbiderik gabe geratzeko arriskuan egongo da ezinbestean, gizarteko sektore murritz batzuk etxebizitzaren kontura negozioa egiten duten bitartean. Egoera ikusi besterik ez dago eredu honen ondorioak ikusteko, gela bakarrean bizi diren familia osoak, etxebizitza konpartitzera beharturik ikusten diren pertsonak, gure herrian bezala independizatu ezinik gurasoekin gero eta gehiago bizi diren gazte ez horren gazteak, etxebizitza ordaindu ezinik geratzeagatik beren etxeetatik bidaltzen dituzten familiak…

Merkatuan oinarritutako etxebizitza eredu honek, jabe handi eta txikien negoziorako interesak lehenesten ditu langile klasearen etxebizitza beharren gainetik. Hori horrela den bitartean, ezinezkoa da pertsona guztien kalitatezko etxebizitzarako sarbidea ziurtatzea. Zentzu horretan etxebizitzaren merkantzia izaeran oinarritutako antolakuntza eredu hau, honi esker aberasten diren jabe eta enpresariak eta eredu hau ahalbidetu eta negozioaren alde egiten duten politikariak dira etxebizitza arazoaren erantzuleak.

Zein da irtenbidea arazo hau konpontzeko?

Gure ustez, etxebizitza arazoaren behin betiko konponbideak etxebizitzaren desmerkantilizazioa suposatzen du ezinbestean. Hau da, etxebizitzak merkantzia izatez laga behar du eta merkatutik at, pertsonen beharren arabera funtzionatuko duen etxebizitza sistema bat eraiki beharra dago, guztiontzako kalitatezko etxebizitzarako doako sarbidea ahalbidetuko duena. Hasieran esan dudan moduan, baliabide materialak soberan daude, gure herrietan ikusten dugun etxe hutsek erakusten duten moduan.

Hala ere, etxebizitzaren desmerkantilizazioaz ari garenean, ez gara ezagutzen dugun etxebizitza sozialaren ereduaz ari, horretaz haratago doan eredu batez ari gara, bi arrazoirengatik. Alde batetik, etxebizitza sozialen ereduan, gutxiago ordaindu eta nolabaiteko merkatuaren gaineko erregulazio bat ematen den arren, etxebizitzagatik ordaintzen jarraitzen dugu. Bestalde, etxebizitzaren erabateko desmerkantilizazioak, etxebizitza horien eraikuntza, gestioa… merkatuaren logikatik at eman beharko litzatekeela suposatzen du.

Zentzu horretan, etxebizitzaren arazoari behin betiko aterabide bat emateko, ezinbestekoa deritzogu langile klasea etxebizitzaren esparruan ere antolatu eta mobilizatzea. Borroka horren bitartez soilik izango da posible arazoari behin betiko aterabidea ematea, nahiz bide horretan langileriaren eguneroko bizian hobekuntzak suposatuko dituen aurrerapausoak ematea.

Azkenaldian etxegabetzeen gorakada ere nabaria da; zein neurritako arazoa da hau?

Garbi dugu, etxebizitzaren arazoa gori-gorian dagoen momentu batean gaudela, larrialdi egoera batean. Esan bezala, bizi dugun etxebizitza ereduak suposatzen duen langile klasearen etxebizitza beharren eta etxejabeen negozio interesen arteko talkak, etxebizitza eredu honen inefizientzia agerian utzi du momentu honetan. Larrialdi egoera honen aurrean, etxebizitza arazoa alderdi politiko guztien ahotan dago, baina guztiek arazoaren soluzioa, beren matizekin, norabide berdinean kokatzen dute. Negozioaren aldeko politiketan.

Alderdi politikoentzat, etxebizitza arazoaren funtsean, etxebizitza eskaintza falta bat legoke, ez etxebizitzaren merkantzia izaera bera. Horren aurrean, proposatzen dituzten politikak, etxebizitzaren negozioa hauspotzera bideraturik daude: etxejabeentzako eszentzio fiskalak, etxejabeen poltsikoetan amaitzen duten diru-laguntzak, etxebizitzak alokairuan jartzeko pizgarriak… Zentzu horretan, guk kontrako norabidean emango diren larrialdi neurriak hartzea proposatzen dugu, hau da, negozioa bultzatu beharrean, negozioaren kontura emango diren larrialdi neurriak: prezio guztien jetxiera orokorra, jabe handien etxebizitzen desjabetzea, desokupazio enpresen desartikulazioa, okupazioaren despenalizazioa…

Zer mezu zabaldu nahiko zenukete apirilaren 5eko manifestazioaren bidez?

Etxebizitza arazoari behin betiko aterabide bat emateko, ezinbestekoa deritzogu langile klasea etxebizitzaren esparruan ere antolatu eta mobilizatzea. Langileriaren antolakuntza eta borroka independentearen bidez soilik izango da posible etxebizitzaren arazoa behin betiko konponduko duen etxebizitza sistema eraikitzea, negoziora beharrean pertsonen beharretara bideratuko den eredua hain zuzen, doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsala ahalbidetuko duena. Horretaz gain, borroka horri esker soilik lortuko dugu larrialdi egoera honi erantzuteko neurriak, negozioaren aurka eta etxebizitza eskubidearen alde emango direla ahalbidetzea, berriz ere etxebizitzaren negozioa hauspotzera bideratu beharrean.

Zentzu horretan dei egiten dugu, antolakuntza eta borroka horretan parte hartzera. Alde batetik, eskualdean etxebizitzarekin arazoak dituztenak, etxebizitza sindikatu sozialistarekin harremanetan jartzera animatu nahi ditugu, langileok era kolektiboan soilik egin ahalko baitiegu aurre gure arazoei, bai eta etxebizitzaren arazoarekin arduraturik dagoen edozeini, etxebizitza sindikatuaren eguneroko lana ezagutzeko deia egin nahi diogu.

Azkenik, apirilak 5ean Donostian egingo den manifestaziorako deia egin nahi dugu, etxebizitzaren negozioaren aurka, eta kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsalaren alde. Zestoan goizeko 10:40ko autobusa hartuko dugu Donostiara joateko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide