Albisteak
[ELKARRIZKETA] Pako Aristi: “Herri handiagoetan galduta dagoen ohitura da, baina jendeak lehen egunetik agurtzen ninduen hemen, etxean sentiarazi naute”
— 2021-07-05`Ni eta Gu. Zazpigarren uhina´ liburua argitaratu berri den honetan, Pako Aristiri zenbait galdera luzatzeko aukera izan dugu. Poesia liburu eder honen gorabeherez, haurtzaroaz eta Zestoaz ere mintzatu gara, beste hainbat gai interesgarriren artean.
Zein da Pako Aristiren egunerokotasuna?
40 urte ingurura arte oso gautxoria izan nintzen. Gauez bizi nintzen, lanean aritzen nintzen oso berandura arte. Orduan, bizitzaren erdi ingurura iritsi nintzela pentsaturik, egunez bizitzeari ekin nion, eta horretarako goiz jaikitzen hasi nintzen. Geroztik, goizean goiz jaiki eta gauez goiz oheratzen naiz.
Geroz eta gehiago gustatzen zait bizitza xumea, eta horrela bizi naiz. Bizitza erdia jende aurrean hitz egiten igaro dut, haurrekin ikastoletan, hitzaldiak, bilera asko. 20 urterekin hasi nintzen “Egin”en idazten, eta beraz, iritzi publikoa ematen aritu izan naiz beti. Azken urteetan geroz eta gehiago tentatzen nau anonimatoak.
Banaiz Bagara Fundazioan etorkinei euskarazko klaseak ematen aritzen naiz herrietan. Klaseak ematea beti gustatu izan zait, ikasle nintzela ere euskarazko klaseak ematen nituen AEKn, Bilboko pisua ordaindu ahal izateko. Beraz, euskarazko klaseak emanaz ekin nion lan ibilbideari, eta euskarazko klaseak ematen amaitu nahiko nuke.
Zer moduz bizi zara Zestoan? Zer nolako herria iruditu zaizu?
Oso gustura nago Zestoan. Aurrez ere ezagutzen nuen, banuen harremana herri honekin. Izan ere, Lin ton taun taldearentzat zenbait abestitako letrak egin nituen, eta ondorioz, entseguak ikustera etorri izan nintzen. Gogoan dut abestien doinuak kasetean grabatuta eramaten nituela etxera, eta etxean doinu horiei letra jartzen nien. Gainera, institutuan ibili nintzenean ere, Zumaia eta Zestoako ikaskideak banituen klasean.
Zestoatik gustatzen zaidana da herri txikia izan arren ongi hornitua dagoela, zerbitzu guztiak bertan ditu, eta oso garrantzitsua da hori, zerbitzurik gabeko herri txikiek lotarako gune soil bilakatzeko arriskua izaten baitute. Gainera, geroz eta gehiago estimatzen ditut lasaitasuna, isiltasuna eta bakea. Beharrezkoak iruditzen zaizkit meditatzeko, bizitzaz gogoetatu eta zeure buruarekin lasai egoteko.
Herri handiagoetan galduta dagoen ohitura da, baina jendeak lehen egunetik agurtzen ninduen hemen, eta asko eskertzen dut keinu hori, etxean sentiarazi naute. Eta, horrez gain, kazetaria naizenez beti izan naiz entzule ona, gauza berriak ikasteko modua hori baita, eta gauzak kontatu nahi dituen jendea erakartzeko aukera eskaini dit entzuteko prestutasun horrek. Pertsona oro entzun behar da, baita famarik txarrena duena ere, ez da inoiz jakiten nork kontatu ditzakeen gauzarik interesgarrienak.
Gainera, Zestoa harreman horizontalak lantzen dituen herria iruditu zait. Azpeitiatik nator eta iruditzen zait hango harremanak bertikalagoak direla, urte edo mende askotan egon den elite enpresarial, politiko, erlijioso eta burgesaren ondorioz. Esango nuke hemen jauntxo gutxiago eta elite gutxiago egon dela, eta horren ondorio dela harremanen horizontaltasuna, aurrez aurreko tratua.
Zenbat urterekin hasi zinen idazten, eta zaletasuna nondik datorkizula esango zenuke?
Zaletasuna berez datorkidala esango nuke, neurez, gure etxean ez baitzen inolako zaletasunik izan. Umetan asko gustatzen zitzaidan egunkaria irakurtzea, “La Voz de España” egoten zen orduan gure etxean, eta gogoan dut futbol partida telebistan ikusi eta hurrengo egunean kronika irakurtzea gustuko nuela, nik ikusitakoa errealitatearekin bat zetorren frogatzeko. Egun, ohartzen naiz, kirol kazetaritzaren estiloa gustatzen zitzaidalako ere irakurtzen nuela.
Nik uste barnean ekartzen dugula hazia gauza bat edo beste bat egiteko. Haurra nintzela hasi nintzen irakurtzen, eta gogoan dut hamaika urte nituela idazteari ekin niola izebak oparitutako makinaren laguntzaz.
Hastapenetan lagunduko zintuen ingururik izan zenuen?
Niretzat idazle izatea amets bat zen, poliki-poliki lortzen joan nintzen ilusio handi bat. Urrestillan Ramon Etxezarretak asko lagundu zidan alfabetatzen, eta harremanak egiten. Azpeitiko institutura joanda nire zaletasuna ez zen horren arraroa. Irakasle onak ere izan genituen, Iñaki Azkune adibidez, eta gustu bereko ikasle batzuk ere topatu nituen. Gogoan dut elkarri liburuak uzten genizkiola, eta baita liburuei buruzko iritziak elkarbanatu ere.
Erreferenterik izan zenuen garai hartan?
Institutuan euskal literatura asko irakurri nuen, eta euskal idazle asko nituen erreferente moduan. Joseba Zulaika, Saizarbitoria, Txillardegi ere bai, `Leturiaren Egunkari Ezkutua´ asko gustatu zitzaidan, esaterako. Xabier Leteren poesia irakurri nuen, baita Arantxa Urretabizkaiaren liburuak ere, orduan modan zeuden gehienak irakurri nituen institutuan. Jakina, euskarazko liburuez gain espainolez ere irakurtzen genituen, autore hegoamerikarrenak asko, eta baita Estatu Batuetako nobela beltzak ere.
Horiez gain, Bernardo Atxaga ere aipatu behar dut, noski. Gainera, nire lehen liburua, `Kcappo Tempo di tremolo´, Erein argitaletxeak atera zuen Atxagaren ´Bi anai´ eleberriarekin batean, eta aurkezpenera joan ezin nuenez, Atxagak bere liburua aurkeztu ondoren bera arduratu zen nire eleberriaren aipamena egiteaz ere. Orduan, hogeita bat urte besterik ez nituen, eta sekulako autokonbentzimendua eman zidaten Atxagaren hitzok.
Euskaraz idazteko hautu kontzienterik egin al zenuen, ala naturalki irteten zitzaizun zerbait zen?
Institutu garaian, 16 urterekin, lagun talde batek gau eskolara joateari ekin genion EGA ateratzeko asmotan, eta han hasi ginen kontzientziatzen. Alde batetik, euskal idazleen maila izugarria dela ohartu ginen, eta bestalde, euskaraz analfabetoak ginela jabetu ginen. Nire lehen testuak espainolez daude, baina kontzientzia hartzen duzunean erabaki batzuk hartu egin behar izaten dituzu, eta euskaraz idazten ikasi nuenean, euskaraz idazteari ekin nion.
Euskal Herriko sortzaileen artean bada garai batean ez zegoen gaztelerara edo ingelesera jotzeko joera. Zeren ondorio dela esango zenuke?
Akulturizazio handia eman dela uste dut, kontzientzia nazionalaren galtze bat, eta horrekin batera hizkuntzarekiko atxikimenduaren galera.
Seamus Heaneyk zioen hiru hizkuntza ikasi zituela haurra zela. Gaelikoa, etxean erabiltzen zuten hizkuntza, latina, erlijioaren hizkuntza, eta ingelesa, negozioaren hizkuntza zena. Bada, hemengo kantariek ere, negozioen hizkuntzan abestu nahi dute, ingelesez alegia, eta espainola negozioen bigarren hizkuntza da. Ni oso kritikoa naiz jarrera horiekin. Euskararekiko gutxiespen bat iruditzen zait, nazioarteko hizkuntza ez balitz bezala. Ez al diote bada, musika hizkuntza unibertsala dela? Zer galtzen duzu euskaraz eginda?
Zer etorkizun aurreikusten diozu euskarari?
Herri honek lortzen duen botere politikoaren neurriko etorkizuna ikusten diot. Hemen botere hegemoniko bat dago, Espainiako estatuarena, eta botere hegemonikoari hizkuntza hegemonikoa dagokio, espainola.
Euskararen boterea botere subsidiarioa da, hegemonikoaren azpian dagoena. Boluntarismoak eta militantziak bizirik mantentzen lagundu dezakete, baina luzera begira, botere politiko propiorik gabe, euskarak ez du etorkizunik izango.
Estatua daukazunean politika batzuk aplikatzen zaizkio kulturari. Esaterako, Jack Langek, Frantziako Kultura ministro izendatu zutenean, kulturako inbertsioak izugarri igo zituen. Beraz, estatu batek horretarako boterea du, eta horrek eragina du kulturako alor guztietan. Kultura indartsua izateko beharrezkoa da inbertsio indartsu bat egitea.
Zer esango zenuke literaturaren merkatuari buruz?
Ez naiz oroitzen zeini irakurri nion, baina bi idazle mota zirela zioen hark: bata, idaztea gustatzen zaiona, eta bestea, berriz, idazle izatea gustatzen zaiona. Zoritxarrez, hitzaldiak, aurkezpenak eta gainontzekoak beharrezkoak dira argitaletxe eta liburuentzat. `Tao Te King´ liburuko poema batez oroitzen naiz askotan, eta honela dio: zure lana egin duzunean, eseri albo batean eta deskantsatu. Nik ere, niregatik balitz, hori egingo nuke liburu bat idaztean, baina merkatua dago, eta merkatuak bere legeak ditu.
Hiru galderaren bueltan bizi da liburuaren mundua: polita al da? Interesgarria da? Liburu hau salduko al da?
Zenbat urtetako lanaren emaitza izan da `Ni eta gu´ poesia liburua?
2017an amaitu nuen ´Rosa itzuli da´ eleberria, eta normalean, liburu bat amaitzen duzunean, guztiz ahazten duzu egiten aritu izan zaren hura, eta buruan dituzun proiektu berri horietako bati heltzen diozu. Beraz, 2017an ekin nion `Ni eta gu´ proiektuari.
Gogoeta, ideia eta istorio batzuetatik abiatu nintzen, ideia horri heldu eta tiraka hasten zara, ea nora eramango zaituen, ezin duzu ideiak guztiz argitu arte egon, idatziz argitzen dira. Lana eginaz ematen diezu irtenbidea ondorenean datozkizun zalantzei.
Gustura zaude izaten ari den harrerarekin?
Lagun batzuk oso gauza politak esan eta idatzi dizkidate. Interesa ikusi dut jendearen aldetik, eta jakinik poesia liburuak jendeari nolabaiteko beldurra sartzea ohikoa dela, oso gustura nago izaten ari den harrerarekin.
Irakurleari errespetu handia diot, beharbada ez politikoei, edo apaizei edo poliziei, baina irakurleari bai, bera baita ni idazle izatea ahalbidetzen duena. Beraz, beti ahalegintzen naiz irakurketa irakurlearentzat xamurra izan dadin, gozoa, maila bat galdu gabe, noski, baina ez diot alferrikako oztoporik jartzen, eta irakurlearen harreran zer ikusirik izango du horrek, ziur aski.
Azken liburu honetan pertsonaia errealen bizipenak, gertaerak, dira oinarri. Egiazko pertsonaia horien gorabeherak eleberri batean islatzea ez dela erraza izango imajinatzen dut, eta poesia liburu batean… nola gauzatzen edo lortzen da hori?
Nire poesia oso narratiboa da. Poesia narratiboak badu ipuinaren itxura, baina jakina, oso istorio sintetizatua izaten da.
Horrez gain, uste dut poesiak hartzen dituela bere baitan beste diziplina batzuk ere, edo har ditzakeela behintzat, antropologia esaterako. Liburu honek kutsu hori izan dezakeela esango nuke, bertan arrantzaleen, hondartza garbitzailearen eta beste zenbait pertsonaren jardunaren gorabeherak aurki daitezkeelako.
Liburua aurkeztu zenuen Zestoan. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso ederra izan zen niretzat, ilusionantea. Kaletik ezagutzen nuen jendea han bilduta ikustea zirraragarria izan zen. Familia bakoitzeko onenak han zeuden. Juanillori gogoz jo zioten txalo, eta Amancayren poema irakurketa bikaina izan zen, aparteko distira dauka eszenario baten gainean.
Zazpigarren poesia liburua da `Ni eta gu´. Idazle ibilbideari ekin zenionean ez zenuen hain urrun irits zintezkeenik pentsatuko, ezta?
Harrituta bezala nago. Eguneroko lanean zentratuta bizi ohi gara, eta neuk behintzat ez nuen inoiz pentsatu izan zenbat nobela idaztera iritsiko nintzen, edo zenbat poesia liburu idazteko gaia izan nezakeen.
Zerk estimulatzen duen zure intelektoa, edo zure alderdi emozionala, horri erantzuten diozu, eta azken urte hauetan neure barnean sentitu izan dut poesiarako egokiak diren esaldiak etorri ohi zaizkidala.
Liburu hau berezia da hainbat arrazoirengatik: batetik, zazpigarren poesia liburua delako, eta bestetik, ama zendu berriari idatziriko poema bat ere badelako bertan.
Zazpia zenbaki magikoa da kultura askotan. Grezia klasikoan, esaterako, bizitzaren zikloak zazpinaka antolatzen zituzten. Zeltiarren kulturan, berriz, zazpigarren alaba sorgina izaten zela esaten zen.
Uste dut ama bati ezin zaiola poema bat idatzi, hitzak ez dira iristen emoziorik sakonenak dauden leku horretaraino. Ama hil zen egunean Getariara joan, itsasoaren aurrean jarri, eta begien aurrean nuena deskribatzen ahalegindu nintzen. Poemari amaiera esaldi honekin eman nion: gure ama gaur hil da. Guztia esana dago horrekin, hortik aurrerakoa soberan dago.
Aitor Salegi
Egin zaitez bazkide