Albisteak

[ELKARRIZKETA] ‘Pikuak’ websaila estreinatuko du Miren Nogalesek larunbatean Durangoko Azokan

Maddi Castrok zuzendutako Pikuak websailean parte hartu du Miren Nogales zestoarrak. Guztira, hamar minutu inguruko hiru atalek osatzen dute lana. Larunbat honetan aurkeztuko dute Durangoko Azokan, arratsaldeko 17:45ean ‘Irudienea’ gunean.

Nondik sortu zen Pikuak?

Maddi Castro da proiektu honen zuzendaria, gidoilaria eta dena. Berea izan da ideia. Tabakalerako 2deo ikus-entzuneko laborategiak diru-laguntza bat eman zion proiektua gauzatu ahal izateko. Duela urte eta erdi ezagutu genuen elkar EITB irratian. Websailerako aktore bila hasi zenean berak oso garbi zuen protagonistetako bat ni izan behar nintzela. Amaia Ruiz de Galarreta, Ainhoa Artetxe eta hirurok osatzen dugu aktore taldea.

Ze kontatzen du proiektuak?

Hiru neska gazteren arteko elkarbizitza eta hauen ahalduntzea ditu oinarri websailak. Hainbat gauza jartzen dira auzitan, esaterako, sexuari buruz daukagun ikus-entzunezko heziketa.

Nolakoa da zure pertsonaia?

Ainara du izena eta “hipster” moderna bat da. Oso neska librea eta marketinean egiten du lan. Laburtzear, gaur egun modan dagoen pertsona bat da.

Ainararekin identifikatuta sentitu al zara?

Bai, askotan. Egia da guk pertsonaiak gure aldera ekartzen ditugula eta zure puntu indartsuak bilatzen saiatzen zara eta horiek oinarri hartuz, pertsonaiarekin bat egiten duzu. Ainarak nire “puntu” asko ditu.

Donostian izan dira grabaketak, ezta?

Bai. Maiatzean grabatu genuen dena, aste betean. Maddiren lagun batzuen etxean egin ditugu grabaketak eta baita kalean ere. Egunez etxea plato bat zen eta gauez familia batek egiten zuen lo han, dena hankaz gora zegoen. Nire etxeko teilatuko terrazan ere grabatu ditugu eszena batzuk, azkenean jende asko nahastu dugu grabaketan, baita nire bizilagunak ere.

Giro ona izan al duzue?

Giro bikaina izan dugu. Amaia eta Ainhoa lehenagotik ezagutzen nituen eta horrek lana asko erraztu du. Egia esan, oso ondo pasa dugu eta hori azkenean lanean atzeman egiten da. Serie grabatzerako orduan oso garrantzitsua zen hiruron arteko harremana ona izatea eta errealitatean hala denez, dena errazagoa izan da.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide