Albisteak

[ELKARRIZKETA] Rodeo: “Bi urte baino gutxiagoko denbora tartean ia ehun kontzertu ematera iritsi gara eta deskantsua behar dugu, bai publikoak eta baita geuk ere”.

argazkia: Oier Arregi

Hego Korean eta Japonian ibili da Rodeo azken bi asteetan. Aitzakia hori baliatu dugu musika taldeari elkarrizketa egiteko. Ezpalak talde zestoarrarekin bost kontzertuko bira egingo dute gaur hasi eta abenduaren 23a bitartean. Gero, zuzenekoei dagokienean atsedenaldia hartuko dute.

2022 urtean MOIRA & HYBRIS lanak kaleratu zenituzten. LP bikoitz bat. Zer eman dizue lan honek aurrekoek eman ez dizuetena?

Covidaren garai ilun horren amaieran atera genituen, martxoan eta azaroan, bi disko horiek kronologikoki, eta berriro ere taldea inoiz baino biziago zegoela sentitzeko aukera eman digu, alde batetik. Nolabait, berriro ere errepidera irteteko aukera izan da eta gehien maite duguna egiten jarraitzeko aukera eman digu, zuzenean jotzea. Bestalde, lan hauek Euskal Herritik kanpora (Katalunia, Galizia, Mallorca, Suitza, Madrid, Hego Korea eta Japonia…) ateratzeko aukera gehiago eman dizkigute aurrekoekin alderatuta. Asko goraipatu digute urte berean bi disko ateratzeak duen balorea, eta aurretiko lan guztia.

Instagrameko zuen sarrerak ikusi besterik ez dago zenbat kontzertu eskaintzen ari zareten ikusteko. Esango zenukete taldearen momentu gorenean zaudetela?

Rodeoren historian, baita Covidaren aurretik ere, zuzeneko pila bat eman izan ditugu beti. Hala ere, egia da 2022an, bi disko atera berri genituen horretan, proposamen pila bat izaten genituela astero eta  zoramena izan zela alde horretatik. Ia 60 kontzertu ematera iritsi ginen urte horretan, hainbat proposameni ezezkoa esanda, datak hartuta genituelako. Proposamen batzuk gainera festibalak eta kontzertu oso potenteak izanik, agian momentu hori izan zen gorakada hori nabaritu genuen momentua.
2023ko udaratik aurrera, gaur arte, ordea, MOIRA 2022ko martxoan atera zenetik ia bi urte pasa direla kontuan hartuta, indarrak gehiago neurtzen ibili gara eta proposamen gutxiago onartzen.

Mallorcan ere ibili zarete orain gutxi, baina aste honetan bidaia berezi batetik bueltan zarete, ezta? Konta iezaguzue pixka bat non ibili zareten, nondik sortu zen bidaia hori egiteko aukera, zer moduzkoa izan den, zer eman dizuen…

Hego Korean eta Japonian ibili gara azken bi aste hauetan, Seoulen eta Tokion, hain zuzen ere. Guztira sei kontzertu eman ditugu, hiruna hiriburu bakoitzean, areto eta ekitaldi ezberdinetan. Urteak dira Tolosako Bonberenea Ekintzakekin elkarlanean gabiltzala, bai diskoak kaleratzeko eta beste hainbat gauzetan elkarri laguntzeko. Bertako jendeak Asiatik tour bat egiteko aukerarekin ematen zigun Japoniako kontaktu bat luzatu zigun, eta ez genuen dudarik izan. Aurretik hainbat euskal talde izan dira bide berdinetik Japonian (Zea Mays, Des-kontrol, Berri txarrak, Fermin Muguruza…).
Korea eta korearrekin konexio berezia egin dugu. Japoniarren aldean gertuko jendea da eta kontzertuetan dena ematen dute. Kontzertuen ondoren ere bai… Japoniarrak oso hezkuntza zuzena dute eta hotzagoak dira orokorrean, kontzertuetan ere antzematen da hori. Hala ere, lortu genuen Tokion ere jendearekin konektatzea. Egia esan kontzertu guztietan konexio hori lortu dugunaren sentsazioa eduki dugu eta etxetik horren urrun, euskaraz abestuta, hori lortzeari balore berezia ematen diogu.

argazkia: Oier Arregi

Aurrera begira zer duzue esku artean?

Abenduaren 1ean, ostiralean, hasiko dugu Ezpalakekin bost kontzertuko bira Zaldibarren eta abenduaren 23an Azpeitian amaituko da. Horren ondoren geldialdia egingo dugu zuzenekoei dagokienean eta denbora batean ez dugu apenas zuzenekorik emango. Bi disko hauen biran, bi urte baino gutxiagoko denbora tartean ia ehun kontzertu ematera iritsi gara eta deskantsua behar dugu, bai publikoak eta baita geuk ere, bizitzako beste gauza batzuetan zentratzeko. Horrelako bira batek denbora asko kentzen baitu.
Presarik gabe eta gure historian sekula egin ez dugun bezala, disko berri bat lantzen hasteko aprobetxatuko dugu geldialdia eta hurrengo pausoak, diskoa konposatzen goazen heinean pentsatuko ditugu, inongo presiorik edo datarik jarri gabe geure buruei.
Honetaz gain Durangoko azokan ere egongo gara Ezpalakekin standa konpartitzen. Beraz, azken zuzenekoren batean edo Durangon elkar ikustera gonbidatzen zaituztegu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide