Albisteak

[ELKARRIZKETA] Silvana Huegun: Birusei aurre egiteko daukagun tresna gure gorputza da eta ondo zaindu behar dugu

Koronabirusaren krisiak erabat aldatu ditu denon bizitzak. Etxe guztiak hankaz gora jarri eta errutina guztiak apurtu ditu, baita elikadurari dagozkionak ere. Hori dela eta,  Silvana Huegun dietista-nutrizionistarekin hizketan izan gara eta hainbat gomendio eman dizkigu:

Astebete baino gehiago daramagu COVID-19 gaitza dela eta etxean konfinatuta. Honen aurrean, ze gomendio orokor emango zenituzke?
Errutina mantentzea oso garrantzitsua dela uste dut eta gure ohitura eta ordutegiak mantentzen saiatu behar gara.

Egoera honetan dieta berezirik jarraitu behar al dugu? Ze elikagai dira egokiak eta zein ez?
Lehenik eta behin, egoera lasai hartu behar dugu, beldurrik gabe. Beldurrak immunitate sistema jeisten du. Birus honi aurre egiteko daukagun tresna bakarra gure immunitate sistema da eta hori da zaindu behar duguna. Babesgabe gaudenaren sentsazioa dugu baina hori ez da horrela. Birusa hemen dago eta denok pasako dugu. Biztanleriaren %80ak sintomarik gabe edo ia sintomarik gabe pasako du eta horri aurre egiteko oso garrantzitsua da inmunitate sistema indartsua izatea.

Immunitate sistema heste floran sortzen da eta heste flora hori ondo mantendu behar dugu. Heste flora ondo mantentzeko zuntz asko duten elikagaiak jatea ezinbestekoa da: barazkiak, fruta, ogi, pasta eta arroz integralak…. Barazkiak gordinik, egosita edo entsaladan jan ditzakegu eta barazkiak gustuko ez dituztenek zuku edo batido berdeak har ditzakete. Horrez gain, animali proteinak gutxitzea ere nahitaezkoa da. Haragi gorria gure dietatik kendu behar dugu une honetan eta hegazti haragia gutxitu behar dugu. Arraina jatea oso garrantzitsua da, antiinflamatorioa baita eta D bitamina asko du eta horrek immunitate sistema indartzen du.

Birus honek biriketan egiten du kalterik handiena eta birikak ondo mantentzeko ezinbestekoa da mukirik gabe egotea. Mukositate hori esnekiek, gozoak eta animali koipeak sortzen dute, beraz horiek ere gure dietatik ezabatzea komeni da. Birus hau gelditzera etorri da eta pandemia gehiago ere etorriko dira. Birusei aurre egiteko daukagun tresna gure gorputza da eta ondo zaindu behar dugu.

Etxean sartuta gaude eta askotan, aspertuta bagaude hozkailura jotzen dugu. Ze gomendio emango zenituzke otordu arteko mokaduak jatea saihesteko?
Mokadu horiek jatea beti ekidin behar da. Gure geneak Homo sapiensaren oso antzekoak dira. Homo sapiensak gutxi jatera ohituta zeuden. Egunean behin jango zuten eta ariketa fisiko asko egiten zuten. Beraz, gure gorputza nolabait esateko gutxi jatera ohituta dago. Egun, gutxienez, hiru jatordu egiten ditugu.

Orain konfinatuta gaude eta beste plazer batzuk kendu dizkigutenez, janariaren plazerera jo eta gehiago jaten dugu. Mokadu asko jaten baditugu, intsulina asko hartzen ari gara eta horrela gizentzea oso erraza da. Garrantzitsua da jatorduen arteko tarteak errespetatzea. Hiru jatordu gutxi iruditzen bazaizkigu, agian lau egin daitezke baina inaktibitate momentu honetan, etxean sartuta gaudela, bost otordu edo gehiago egitea izugarri asko da.

Eta zerbait jatekotan, zer?
Fruta, hartzituak, ogi makilatxoak… Snack osasuntsu asko egin daitezke eta gaur egun Interneten milaka errezeta daude. Haurrekin egiteko denbora pasa polita izan daiteke.

Etxean hainbeste denboran egoteak antsietate handia sortzen du, nola egin diezaiokegu aurre?
Janaria plazera da eta lehen aipatu bezala momentu honetan beste plazerak kendu dizkigute eta hutsune hori janariaren plazerarekin betetzen dugu. Nik bi gauza egingo nituzke; batetik, etxe barruko egunerokotasunean beste plazeren bat bilatuko nuke. Zure lagunekin skype bidez hitz egin, irakurri, inoiz denborarik izan ez duzun hori egiteko aprobetxatu, musika entzun, erlaxazioak eta arnasketak egin…

Bestetik, jaten ari garenean kontzientzia osoz egitea gomendatzen dut. Hau da, nik marrubi batzuk kontzientzia osoarekin jaten baditut, horrek izugarrizko plazera emango dit. Ez dakit nora begira, kasurik egin gabe edo telebista aurrean jaten baditut ez dut plazer hori sentituko eta orduan amaitutakoan plazer horren bila joango naiz, txokolatea jatera adibidez. Kontzientzi osoarekin poliki jaten badut, askoz gutxiago jango dut eta gutxiagorekin asebeteko gara.

Bestalde, etxean eduki nahi ez duzun hori ez erostea gomendatzen dut. Azken finean, egoera hau oso gogorra da eta egun guztian pozik egotea oso zaila da. Orain ateratzen dira beldurrak, tristura… Uste dut emozionalki ere gauza asko mugitzen ari direla. Denbora guztian gure borondatearekin egotea oso zaila da eta beraz, etxean ez izan komeni ez denik.

Elikadura ohiturak aldatzeko momentu egokia izan al daiteke?
Bai. Nik uste dut inflexio puntu bat dela eta hemendik aurrera gauzak ez direla berdinak izango. Etxean egote honek denbora hartzeko aukera ematen digu eta ondo elikatzeko denbora ezinbestekoa da. Asteko plan bat egitea komenigarria da eta erosketak ere antolatu egin behar dira.

Erosketak ondo antolatzea garrantzitsua dela aipatu duzu. Orain etxetik ahalik eta gutxien irten behar dugu, baita supermerkatura ere. Nola antolatuko zenuke erosketa zerrenda?
Aurrena asteko menua egingo nuke. Ezinbestekoa dena erosiko nuke: barazkia, fruta, arraina eta gauza integralak. Beste guztia ez nuke erosiko. Oinarrizko elikagaietara joan behar dugu, energia ematen diguten horiek erosiko ditugu. Besteak, momentuz kalte egingo digute beraz, ez ditugu erosiko.

Elikadura zaindu bai, baina gorputza mugitu ere bai, ezta?
Bai, kirola egitea erabat beharrezkoa da. Orokorrean, norberaren errutina mantentzea oso garrantzitsua da; janaria prestatu, erosketak egin, janaria planifikatu eta ariketa fisikoa egin. Etxe barruan gauza pila bat egin daitezke. Elraxazioa, arnasketak edo meditazioak egitea ere ezinbestekoa dela uste dut. Gure buruarekin kontaktuan egoten laguntzen digute eta psikologikoki hobeto egoten lagunduko digute. Beldur asko dago eta horrekin jolasten ari dira eta ez dugu joko horretan erori behar. Ariketa horiek eginez gero, antsietate gutxiago izango dugu eta horrek elikaduran ere eragina izango dugu, ez dugu gehiegi jango.

 

Hartzituen eta zuku berdeek errezetak bidali dizkigu Silvanak. Hemen dituzue:  Errezetak

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide