Albisteak

[ELKARRIZKETA] “Zestoako ur miraritsuak” liburua kaleratu du Dionisio Laurobak

Zestoako Bainuetxeari buruzko “Zestoako ur miraritsuak” liburua kaleratu berri du Dionisio Lauroba zestoarrak. Hilaren 28an aurkeztuko du lana, arratsaldeko 19:00etan, Portale Kultur Elkartean.

Nondik sortu zen liburua idazteko ideia?

Lorezaintza eta zuhaitzak asko gustatzen zaizkit. Bainuetxeko lorategi ingelesean zuhaitz bereziak daude, 100 urte baino gehiago dituztenak. Lorategi hori nork egin zuen jakin nahi nuen baina inon ez zegoen informaziorik. Bainuetxeari buruz hitz egiten zuten liburuak begiratzen hasi eta eskuz egindako plano zahar eta txiki bat bakarrik aurkitu nuen. Mila bederatziehun eta gutxi ingurua egin zuten propaganda gisako liburuxka batean aurkitu nuen. Ordurako informazio asko nuen Bainuetxeari buruz. Nik nahi nuena ez nuen lortu baina material asko neukan. Zestoan Bainuetxeak izan duen eragina ikusita, informazio guzti horrek zabaldua izatea merezi zuela pentsatu nuen. Orduan hasi nintzen buruari buelta batzuk eman eta liburu honetarako apunteak jasotzen.

Zer kontatzen du kaleratu berri duzun lanak?

Bainuetxearen historia kontatzen da liburuan. Hastapenak, urak, bertan izandako urzale entzutetsuen gorabeherak, ehun urtetik gora dituzten zuhaitzen argazkiak… Bainuetxean lan egin duten lau zestoarren testigantzak ere jaso ditut. Manuela EgaƱa, Carmen eta Pilar Uria, Jesus Mari Zigaran eta Sabina Espadaren bizipenak, hain zuzen ere.

Liburuko pasarteren bat aurreratzerik ba al duzu?

Informazio bila ari nintzela, Katalina Zubizarretarekin egin nuen topo. Emakume eredugarria, borrokalaria eta etsigaitza. Bere garaikoen aurretik bizi izan zen. Bainuetxea alokatu zuen 15 edo 20 urtez eta bera arduratu zen hotela kudeatzeaz. Garai hartan San Millango markesa zen Bainuetxearen jabe eta honi eta bere administrariari aurre egin zien Zubizarretak. Alokairuaren prezioaren eta Bainuetxea kudeatzeko moduaren inguruan zituzten ikuspuntuak ezberdinak ziren eta euren arteko harremana ez zen batere ona.

Katalinak diru pixka bat zuen aurreztuta eta zeukan esperientzia aprobetxatuz, ostatu bat egitea erabaki zuen. 1830. urtean, Bainuetxea utzi eta bere kontura Katalina Zubizarreta ostatua ireki zuen, gaur egun Bainuetxeko autobus geltoki berriaren atzean dagoen zelaitxoan.

Bainuetxetik alde egin bazuen ere, ez ziren Markesarekin zituen haserreak amaitu. Markesaren esanetan, Bainuetxean ostatu hartuta ez zeudenek urak hartu nahi bazituzten, bezeroek baino bi edo hiru aldiz gehiago ordaindu behar zuten. Katalina honen aurka zegoen eta hiru urteko liskarren ondoren, Katalinak irabazi zuen auzia eta Markesak prezioak jaitsi behar izan zituen.

Liburuaren salmentekin lortutako mozkin guztiak elkarte batentzat izango dira…

Bai, mozkin guztiak Perurekin Elkartearentzat izango dira. Nire alaba Eneritzek elkarte horrekin kolaboratzen zuen eta bere omenez egin dut hau.

Ze laguntzaile izan dituzu liburu hau egin ahal izateko?

Joseba Illarramendik doan euskaratu du liburu osoa eta Imanol Salegik lagundu dit liburuaren maketazioarekin. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet egin duten lanagatik.

Non eros daiteke?

Portale eta Koiote tabernetan eta Danbolineko bulegoan eskuratu ahal izango da liburua hamar euroren truke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide