Eloy Erentxunekin ‘kontu-kontari’

Liburu zaharrei begira (beste behin ere), Eloy Erentxun (1904-1997) margolariari buruzko monografia batekin egin dut topo oraingoan. Duela 30 urte argitaratutakoa da eta honela dio, eskuz idatzita, lehenengo orrian: “’Mendi’-ren oparia / 1987’go Gabonak / Lasarte’tar Joxe / Nº 452”. Mendi margolari ezaguna da, Lasarte, berriz, auskalo. Bizi bada, auskalo zergatik eramango zuen liburu zaharren dendara eta, hila bada, jakinekoa: zein erraz aldentzen diren oinordeko batzuk, lehengo zaharrek utzitako gauza kutun, liburu eta oroitzapenenetatik. Kontuak kontu, nire eskuetara iritsi da liburua eta poz ederra hartu dut, ez nuen ezagutzen eta.

Eloy Erentxun, beraz… Duela 20 urte hil zen, aipatutako liburuan datorren elkarrizketa egin eta 10 urtera. Martin Ugalde zenak (hura ere Eloy bezala Venezuelan egona gerra ostean) egin zion elkarrizketa eta oso-oso mamitsua da. “Aztarka” honetan ohi den bezala, Zestoari buruzko pasarteei erreparatuko diegu eta zuekin partekatuko ditugu (Gotzon Nazabalek egindako euskarazko itzulpena, liburuak dakarrena, erabiliko dugu hemen).

* * *

1904 jaio zen Arroan eta “pozik egin zituen ikasketak aitaren eskolan, euskaraz eta erdaraz, bietara ematen baitzituen Don Zesareok, klaseak haurrek uler zitzaten. Esan behar da Eloyren aita eta ama zirela orduan Arroako irakasle. Denborarekin Magisteritza amaitu zuen eta gero oposizioak prestatzen ibili ziren, anaia Juan eta biak, “lehertu beharrean”. Berak dioenez, Iruñan egin behar izaten genituen azterketak baina herrira joaten ginen ikastera, Arroara. Batzuetan Endoia mendira igotzen ginen, ‘Uztapide’ baserriaren ondoan dagoen mendixkara, eta han esan zidaten behin: ‘Hor Ziobarren [Ziolar izango da] zegok Monzon’ –geuk ere entzuna baikenuen bere izena–. Joan ginen, bazkaria bukatu berria zuten, eta kafea hatzera egin ziguten gonbitea. Berriketan egon ginen. Halaxe ezagutu nuen: Nik ez dakit garai hartan politikan sartua zebilen ala ez, 1930 zen…”.

* * *

Margotzen nola hasi zen irakurtzea oso interesgarria da. Izan ere, lehen urrats horiek azaltzerakoan, bere osaba Teodoro aipatzen du. Eskainiko diogu egunen batean tarte zabalagoa Teodoro horri baina orain Eloyk kontatutakora mugatuko gara. Honela kontatzen du Ugaldek: “Teodoro Erentxun, osaba pintorea, izan zen gehien eragin ziona. Berrogei urte Ameriketan ibilita gero gaixorik etxeratu zen aitaren anaia, pintore ona.
Urangarekin batera ikasi zuen San Fernandon, Madrilen, Gipuzkoako Diputazioak emandako beka baten bidez. Teodoro Erentxun bakarrik joan zen Buenos Airesera, eta Uranga, berriz, Zuloagarekin New Yorkera. Hirurak ziren lagunak. Urangak Elgetako estudioan zituen koadro guztiak eraman zituen berekin, eta denak saldu eta itzuli zenean, txalet bat egin zuen Loiolan. Osaba Teodoro, berriz, Argentinako bi presidenteri, Alava eta Irigoyeni, erretratu bana bere eskuz eginak baditu ere, ez zen pinturarekin aurrera ateratzeko gai izan, eta bere bohemiak bultzata Argentina, Brasil, Paraguay eta txilen zehar pianista modura egin zituen jirak. Eloy Erentxunek pasa dit osabak kontatzen zuena: batzuetan, pianoa jotzen hasi aurretik, berak margotutako koadro bat jartzen zuen piano gainean, adierazi nahiz, alegia, pianoa jotzen bazekiela baina benetako ofizioz pintorea zela. Eta askotan saldu egiten zuen. Ba osaba honek eraginda joan ohi zen Eloy Arroa inguruko tokietan pintatzera: mendiak, baserriak”.

* * *

Beste pasarte batean, Zuloaga eta Balentziaga aipatzen ditu. Hara zer dion Ugaldek: “Zigan nengoela –esaten dit Eloy Erentxunek– Arroara, etxera, joaten nintzen maiz; nire aita bizi zen oraindik, noski; nire osaba zegoen oso gaixo, eta Zuloaga etortzen zen bisitara (…). Osabaren eragina handia izan zen ni pintatzera kanpora irteteko. Begin, ‘Arbe’ baserria margotzeko eskatu zidan”.
“Uranga Zumaiara etortzen zenean (Zuloaga ikustera) beti etortzen zen etxera, osaba bisitatzera. Geu Zumaiara joaten ginen aurrena, eta gero, osaba gaixoago zegoenean, Zuloaga bera etortzen zen bisitara. Hemen hasi nintzen nire koadrotxoak erakusten. Zuloagak, bai, esaten zidan: ‘Hau ondo dago’ edo ‘gaizki dago’ (…) Zuloaga asko tratatu nuen, baita nire osaba hilda gero ere. Zaila da ulertzea zergatik Zuloaga, garai hartan uen izenarekin!, nitaz okupatzen zen. Gogoratzen naiz behin… heldu nintzen, eta sukaldaria zen emakumeak (motz bat zen, errioxarra, oso ona), esan zidan: ‘Garrantzi handiko bisita du, egon zaitez hemen, salan’. Nik koadrotxo batzuk nekartzan, ikus zitzan. Luze samar egon nintzen han, eta irten zenean haserre zen: ‘Gizon honek nahi du alabari erretratu bat egitea, baina nahi du aitak nahi duen eran pintatzea. Nik pintatuko dut neuk nahi dudan bezala’… Orduan arri zen pintatzen gaur Madrileko Museo de Arte Moderno delakoan dagoen koadroa: Albako Dukearen alaba [duela pare bat urte hil zen Cayetana, txikia zenean] ‘poney’ baten gainean eserita. Neuk ikusi nituen aita-alabak Zuloagaren etxetik irteten”.
“Noizbehinka Balentziaga pintorearekin joaten nintzen. Hau ni baino gaztagoa zen, baino ni baino lehen hasia zen margotzen. Oteizak esan zuen behin Zuloagak kaltea besterik ez ziola egin Balentziagari. Nik neuk alderantziz dela pentsatzen dut, zeren eta Zuloagari esker egin baitzuen Balentziagak egin zuen guztia. Inork koadro bat saltzen ez zuen garaian, Zuloagak erosten zizkion, adorea ematearren (…). Langile baten semea zen, aitak zementu-fabrikan lan egiten zuen. ez zuen eskola normalik izan, geltokia Arroako eskolatik lau bat kilometrotara geratzen baitzen. Ainera, haurtzarotik gaixo egon zen, manteo-n, Donostiako Ospitalean. Urteak egin zituen. Eta han norbaitek kolorezko lapitzak eskaini zizkion eta marrazten hasi zen. Hau da Balentziagaren meritu handia, pasatzen ari zen gaixotasunak kikiltzen utzi gabe, krisi hori gainditu egin zuela pinturaren bokazioa lagun. Gero, Donostiatik etxeratu zenean, herrenka ibiltzen zen. (…)
Ez dakit badakizun ala ez, Balentziagak egunkari pertsonal bat idazten zuen, euskara-erdara nahasian idatzia. Baita olerkiak ere. Argentinan Oteizarekin egonda gero, Jorge Txilera eta Balentziaga Mexikora joan zen, eta laster hil zen han. Geratzen zitzaion anaiari esaten nion neuk hemen, zergatik ez zuen egunkari hori bilatzen etxean, baina ez da aurkitu. Pena da”.

Tira, bigarren atal baterako utziko ditugu gerra garaiko historiak. Oso gordinak eta adierazgarriak dira horiek ere, baina hurrengo batean ekarriko ditugu hona.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide