Albisteak
Emakume Langileen Eskolako lehen saioa egingo du Itaiak ostiralean Gaztetxean
— 2021-11-02Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Emakume Langileen Eskolak antolatu ditu aurtengo ikasturterako Euskal Herri osoan zehar, emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko mekanismoak pentsatzeko. Urola Erdiko Itaiak ere antolatu ditu saioak. Azkoitian egin zuten aurreneko saioa urriaren 29an. Ostiral honetan, azaroak 5, Zestoan egingo dute saioa, arratsaldeko 17:00etan hasita, Gaztetxean. Larunbatean, Azpeitian egingo dituzte eskolak, goizeko 11:00etan hasita, Sindikatu zaharrean.
Ostiraleko saioan, Euskal Herriko Salda Badago V. Jardunaldi Feministetan Itaiak egindako hitzartzea izango dute hausnarketarako abiapuntu. Testua lantzeko, Salda Badagoko Itaiaren hitzartzea aurrez ikustea gomendatu dute antolatzaileek. Itaiako kideen hitzetan, “ezinbestekoa da emakume langileon ahalduntze politikoan sakontzea eta hausnarketarako zein eztabaidarako espazioak sortzea. Bide horri jarraituz datoz Emakume Langileon Eskolak, ezagutzaren beharra lehen lerroan jartzeko eta eskualdeko emakume langileok gaitasun teorikoak eskuratzeko”.
Egin zaitez bazkide