Albisteak

Emakume Langileen Eskolen bigarren saioa egingo du Itaiak ostiralean Gaztetxean

Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Emakume Langileen Eskola jarri zuen abian iragan azaroan,”emakume langileek egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak identifikatu eta horiei aurre egiteko mekanismoak pentsatzeko” helburuarekin. Azaroan egin zituzten lehen saioak Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian. Zestoako bigarren saioa datorren ostiralean izango da, otsailak 4, arratsaldeko 17:30ean, Gaztetxean.

Saioan Klase subjektua bere dimentsio guztietan eraikiz izeneko testua izango dute hausnarketarako abiapuntu. Hori horrela, antolatzaileek testua aurrez ikustea gomendatu diete parte-hartzaileei. Itaiako kideen hitzetan, “ezinbestekoa da emakume langileon ahalduntze politikoan sakontzea eta hausnarketarako zein eztabaidarako espazioak sortzea. Bide horri jarraituz datoz Emakume Langileon Eskolak, ezagutzaren beharra lehen lerroan jartzeko eta eskualdeko emakume langileok gaitasun teorikoak eskuratzeko”.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide