Albisteak

Enarak proiektua

Aranzadiko ornitologia sailean praktikaldia amaitu berri du Lorea Esnalek (Zestoa, 2000). Ingurumen zientziak gradua ikasten ari da EHUn, eta azken lau hilabeteetan txoriak aztertzen ibili da Aranzadin.

“Enarak” proiektua jarri du martxan Aranzadik Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, eta egitasmo horretan aritu da lanean Esnal. Lezon abiarazi zuten proiektua eta hortik beste herri batzuetara zabaldu dute. Zestoako Udalak partu hartu du proiektuan, eta Alonderoko aretoan egin zuten aurkezpena maiatza bukaeran.

Zertan datza proiektuak?

Proiektuaren helburua hiri biodibertsitatearen garrantziaz eta espezie intsektujale horien kontserbazioaz herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da. Egitasmoa gauzatu ahal izateko Aranzadiko ornitologia saila boluntario bila ari da enaren habiak erroldatzeko. Hegazti espezie horien habiak funtsezkoak dira beren populazioak bizirik irauteko eta, beraz, suntsipena hilgarria da haientzat. Proiektuaren funtsa, gure herrian enara habiak non dauden eta zenbat enara dauden jakitea da.

Nola hartu daiteke parte?

Ornitho (www.ornitho.eus) izeneko plataforma bat dago sarean. Herritarrek egindako behaketak plataforma horretara igo behar dituzte: habiak non dauden, nolakoak diren edo zein mota dauden azaldu behar da bertan. Zure etxe ondoan enara habi bat badago, plataforma horretan erregistratu behar da. Oso erraza da, edonork egin dezake.

Herritarren laguntza ezinbestekoa da orduan.

Erabat. Proiektu hau herritar zientzian oinarrituta dago. Herritarrei esker jasotako datuekin Euskadi mailako mapa bat sortu nahi da, enara habiak non dauden jakin ahal izateko.

Zertarako izango dira baliagarriak datu horiek?

Etorkizunera begira, habiak dauden eraikuntzetan lanen bat edo aldaketaren bat egin behar bada, habi horiek kontuan hartzea da helburua.

Zergatik dira enarak garrantzitsuak?

Gertu dauzkagun animaliak dira, eta zerbait sinbolikoa ere badira. Badakigu enarak etortzen direnean migrazio garaia dela, udaberria datorrela. Gertukoak ditugu. Enaren habiak babestuta daude legez, ezin dira puskatu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide