Paperekoa

[ENBIDOA] Baserritar kalekumea?

A zer lanak eman dizkidazun Markel! Eguzki berotan baba jasotzea baino astunagoak…. Tira bada, zure idatzian galdetzen didazu ea nola izan zen kaletik baserrira bizitzera etortzea, eta egia esan ez zen erabaki oso erraza izan.
Alde batetik, nik garbi neukan etxetik kanpora bizitzera joaten nintzenean ni bakarrik edo bikotekidearekin bizitzeko izango zela, baina hori ez zen posible Txapeira bizitzera joanda, nire senarra bere familiarekin bizi baitzen. Bestetik, nire senarrak ez zuen baserritik kanpo bizi nahi, bere gurasoekin batera zuen baserriko ardura eta berak ere ez zuen bere bizitza Txapeitik kanpo ikusten, ez zuen inoiz pentsatu kalera joatea bizitzera. Beraz, ez zen gauza erraza egoera hau konpontzea.
Ez ziren momentu onak izan gure harremanean, baina asko hitz egin eta buruari mila buelta eman ondoren, bilatu genuen irtenbidea. Baserria hain etxe handia izanik, aukera ematen zuen bertan beste etxebizitza bat egiteko eta halaxe egin genuen. Horrela, bai bizi naizela Txapei baserrian, baina ez nuke esango “baserritarra” naizenik, nik esaten dut “baserrian bizi den kalekumea“ naizela. Oso gazte hasi nintzen lanean eta Txapeira bizitzera joan naizenetik ez nuke esango lan karga gehigarririk dudanik, baserriko lan karga nire senarrak, Juanjok, eta bi semeek ematen dute eta alabak eta biok baba eta sagarra jasotzen dugu, Tolosako babarrun elkarterako eta Lizeaga sagardotegirako.
Orokorrean, esango nuke baserrian bizitzeak (baserria aurrera ateratzeko lanez gain) badituela bere ezaugarri propio batzuk; askotan etxe berdinean famili baten bueltan, aiton-amonak, osaba-izebak eta beste zenbait senide bizi dira eta pertsona horien zaintza eta ardura emakumearen gain gelditzen da; umeak badituzu ere, hauen zaintza zaildu egiten da, eskolarako joan-etorriak, eskolaz kanpoko ekintzak…ordutegi horietara ere moldatu behar da eta horretan ere emakumeok dugu ardura gehien.
Enbidoari jarraipena emanez, zuk, Ander Etxeberria, kalekume izanik lurrari lotuta bizitzea aukeratu duzu, baserri zahar bat erosi eta zure bizimodu berri hori nola bideratu duzu?

Elena Goikoetxea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide