Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

lepa Iñaki! Jadanik urte batzuk pasatu dira elkar ezagutu genuenetik eta gauza asko pasatu dira tarte horretan. Konturatzerako 25 urte joan dira Zestoa lehenengo aldiz zapaldu nuenetik eta onartu behar dut momentu hori burura etortzen zaidanean barre txiki bat ateratzen zaidala.
Egia da nekazaritza mundua ondo ezagutu nuela, zenbat lan eta zenbat oroitzapen nire familiarekin!!! Aita, ama, anaia… Naturarekiko harremana ondo barneratuta daukat eta ez dut inoiz ahaztuko han bizitakoa.
Han geratzeko aukera ere izan nuen, baina bizitzak beste norabide bat hartuta zeukan ordurako. Esan behar dut ez naizela damutu, nik ezagutu nuen nekazaritza mundu hori poliki-poliki aldatzen joan da eta gaur egun ez da existitzen.
Bestalde, zuk galdetutakoaren harira, sekreturik ez daukat. Euskara poliki-poliki ikasten joan naiz… behin eta berriz hanka sartzen….eta ikasten jarraitzen dut, hau ez baita bukatzen. Neretzako militantzia modukoa da, egunero konturatu gabe hautatzen dugu euskara gure artean komunikatzeko, bizitzeko, une on eta txarrak pasatzeko eta hori da euskaldun egiten gaituena. Koiote tabernan argi eta garbi jartzen du: ERDARAZ BADAKIGU. Gure eskuetan dago hautu hori egitea, bestela, nola ulertu Zestoa euskararik gabe?
Nere jaioterria Aragoi bailaran kokatuta dago, Bardeak eta Baldorba artean. Herri txikia, lasaia, eremu ez euskaldunean eta nekazaritza ardatza izan duena. Euskara desagertuta egon da, baina gauzak aldatzen ari dira eta hori ez da kasualitate hutsa izan, urte askotako lana izan da. Jende asko ibili da lanean eta orain ari gara horren fruituak ikusten.
Euskal Herriak Zestoa bezalako herriak behar ditu, euskal kulturaren motorrak direnak eta euskal kultura bultzatzen dutenak, horretan bai txapeldunak zaretela!!
Alfonso Ayesa