Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Ba hemen nago Ado, astelehen goiz honetan, 2000 karaktere espazio eta guzti idazten, ea zer ateratzen zaidan kontatzeko. Ba bai, gu ere izan ginen gazte, zeu bezala neu ere hainbeste maite dudan herri txiki eder honetan. Oroitzapen ugari ditut garai hartakoak, liburu bat betetzeko modukoak!
Gehien gogoratzen dudana da gure Elizondo zentroan bizitakoak. “Vinilo” haiek, euskal kanta berriak, eta beste herrialde batzuetatik etorritako musika eta doinu ederrak, beste hizkuntza batean abestuak, baina bihotzean geratzen diren horietakok. Oraindik ere zeuk badakizu ondo asko Mollergin jartzen ditudala. Eta nola ez, Elizondo zinema, zenbat oroitzapen goxo. Txikiak ginela Tarzanen pelikulak eta indioa eta bakeroenak ikusten genituen; eta gu oihuka Septimo de caballeria agertzen zenean… indio gizagaixoak, gero jakin genuen bai benetako istorioa. Eta gaztetan, zine forum eta “mayores de 18” pelikulak.
Oraindik buruan daukat zine forum saio batean ikusi nuen El expreso de medianoche pelikula, oso ona, oso gogorra ere bai.
Hantxe, areto hartan bertan, Benito Lertxundi, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Xabier Lete… zenbat abeslari entzuteko aukera izan genuen, baita orduko bertsolari handiak ere bertso saio ahaztezinetan. Kirolak ere bazuen tartea gure gazte garaian. Guk ere bagenituen gure “idoloak” eta horiek eskubaloi jokalariak ziren. Bai, eskubaloia zen urte haietan herri osoak jarraitzen zuen kirola. Egundoko poza irabazten zutenean eta malkoak galdutakoan. Hor ibiltzen ginen denok partidutik partidura gure ekipoa animatzen oihu batean.
Beno, 2000 karaktereak pasa aurretik, nire enbidoa bota nahi diot Jose Luis Ugarteri, “Pepeluri”. Gure orduko “idolo”etako bat zen. Kontatu iezaiezu, bereziki gazte hauei, nola izan ziren “urrezko” urte haiek, eta noraino iritsi zinen zure ezkerreko beso eta esku potente harekin!
Lurdes Arrizabalaga