Albisteak
[ENBIDOA] Hello teacher
— 2024-08-23Hello Txaro, my lovely neighbour! Ederra egin didazu! Ten vecinos pa esto! Eskerrak San Blas opil goxuak ekartzen dizkidazun, bestela hau ez nizun barkatuko. Esaten zenuen bezala, enbidoa jasotzerako oporrak hartuta eta denbora libreaz gozatuz nabil: hondartzara joan (eguraldiak laguntzen duenean), irakurri, ordutegirik gabe… ia-ia jubilatuak bezala, zu bezala. Iraila arte behintzat!
Galdetzen zenidan ea Zestoan ingeles maila ona al dagoen. Baietz esango nuke, gaur egun gazte gehienek ondo menperatzen dute hizkuntza eta bidaiatzeko grina dutenez praktikatzeko aukera ere izaten dute. Danok dakigu hizkuntzak praktikatzen ez badira, ahaztu egiten direla. Horregatik ni ere saiatzen naiz Ingalaterran ditudan lagunak bisitatzen edo beraiek gurera gonbidatzen.
Zuri hainbeste gustatzen zaizun Benidorm ere toki aproposa da ingelesa praktikatzeko, eta eguraldia eta janaria Ingalaterran baino hobeak gainera! Ibilitakoa naiz ni ere hango pub eta diskotekatan mintzapraktikan gazte nintzela (dantzariaren emotikonoa sartu hemen); geroago familiarekin ere izan gara oporretan. Izan ere, Benidormek jende eta adin guztientzako giroa du.
Etorkizunean Zestoa hirueledun izango dan galderari erantzunez, ziur nago baietz. Aspaldi hasi nintzen klaseak ematen (eta ez naiz bakarra herrian), eskolan ere umeak 4 urterekin hasten dira ingelesa ikasten, garai bateko ikasleen seme alabak dira gaur egun ditudan ikasle batzuk… Beraz, esango nuke hiztunen portzentaia igotzen joan dela. Gainera ikusita parrandan nabilenean, ikasleak, ikasle ohiak eta ikasleak ez direnak ere “Iepa, Maixa” esan beharrean “Hello teacher” esaten didatela, seguru nago. Lotsa alde batera utzita, beste hizkuntza batean berba egitea errazagoa baita.
Ondo daki Sara Balenziagak, nire ikasle ohiak, zertaz ari naizen… Enbidoa for you, Sara!
Azkenaldian liburutegian sarri ikusten zaitut, buru-belarri ikasi eta ikasi. Advanced azterketarako prestatzen edo?
Maixa Nieves
Egin zaitez bazkide