Albisteak

[ENBIDOA] Nadia Kerdi: Kanpotarra naiz

Abiatzea, alde egitea, hobeto esanda, emigratzea. Hobeto izango da kanpoan bizitzea… baina kanpoan bizitzea, zure buruarengandik eta zure ingurukoengandik urruti bizitzea da. Kanpoan bizitzea, azkenean, beste leku batean bizitzea da, beste jende batekin, beste ohitura batzuekin, beste tradizio batzuekin, beste hizkuntza batekin, eta kasu askotan, beste erlijio batekin. Aldaketa erradikala da, eta aldaketa horretara moldatu behar zara, aldaketari aurre egin eta ikasi egin behar da.

Hemen duzue Nadia Kerdiren kasua. Emakume bat etxetik kanpo, musulmana eta arabea. 2004tik bizi da Zestoan, bere lekua aurkitu nahian. Herrian eta herritarren artean bere lekuaren bila. Eta lortu al du? Bai. Erraza izan al da? Ez. Ezinezkoa? Ezta ere.

Sekretua, bestea errespetatzea da, eta horrela, zu ere errespetatuko zaituzte. Taldeko beste bat izango zara. Zure bizilekutik beste batera joatea, aldaketa handia da, indar eta borondate handia behar da. Bakean bizi eta bizitza normal bat izateko borroka bat da. Bertako ohiturak eta hizkuntza ikasi. Borroka gogorrena nostalgiaren aurkakoa da. Familia eta lagunen falta, zure lurra, zure lekua. Nire karrerari agur esan behar izan nion, bizitzak hartzen dituen norabideengatik. Horrek, askotan, indarrik gabe uzten ninduen, baina jarraitu beharra zegoen.

Hemen lanak erraztu zidan dena. Nahiz eta bakarrik egon, lankideekin hitz egin nezakeen, komunikatu eta ikasi. Semea izateak ere asko lagundu zidan. Nire zirkulua irekitzen hasi zen, beste guraso batzuk ezagutu nituen. Azkenean, nire zirkulua osatu nuen, orain, nire hemengo familia dena. Behar izan dudan guztietan hor egon dira. Nire odoleko familia falta izan zaidanean hor egon dira, beti laguntzeko prest. Kanpokoa naizen arren, hemengoa sentitzen naiz, hamazazpi urte daramatzat Zestoan.

Oraindik batzuk ez didate kasurik ere egiten kalean, baina azkenean, horretara ere ohitu egiten zara. Ni onarekin bakarrik gelditzen naiz, urte hauetan guztietan ikasi dudan guztiarekin. Urte politak izan dira, puntu garratz batekin. Ea ba, zer kontatzen digun Marina Pons Salek.

Nadia Kerdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide