Albisteak

[ENBIDOA] Trikitia bueltan da!

Gabonak pasa berri dira. Nahiko lehorrak, besarkada gutxirekin eta ospakizunak formatu lightean. Zoroperitako lagun arteko babajana eta ordu txikitako dantzaldiak faltan bota ditut. Dena den, ezin naiz kexatu; izan ere, nire inguruko inork ez du ondorio larririk izan, ez osasunean, ez beste ezertan eta badakit denok ezin dugula berdina esan.

Beste maila batean, Gabonetan euren familiekin biltzeko aukerarik izan ez duenik ere bada; nire kasuan, Grises taldeko kide naizen aldetik, aurreikusita genituen hainbat kontzertu bertan behera geratu zaizkigu eta zoritxarrez emanaldi oso gutxirekin gelditu gara. Beraz, animoak denoi!

Gabonak nahi adina ospatu ezin izan baditut ere, oroitzapenez bete ditut barruko hutsuneak eta, besteak beste, txikitako trikiti kalejirak etorri zaizkit burura. Pandero-jolea nintzen eta nire bikotekidea Urtzi Landa zen, benetan trikitilari fina! Felix Astorkia eta Adrian Larrañagarekin, laukote xelebrea osatzen genuen. Hainbat urtetan Santa eskean, Zoroperitan nahiz Gabon-kantuan kaleak girotzen ibilitakoak gara. Ez ditut sekula ahaztuko bertso-saioetako barreak, egoitzetako aurpegi alaiak edota horrelako egunei amaiera ematen zieten sozidadeko afariak. Txikitan egindako ekarpen sozialak badirudi batzuetan bizitza osorako iraun behar duela.

Baina Maria Uriaren enbidoaren harira (solidarioak ala berekoiak gara?), oroitzapenetan bueltaka, berekoitzat jotzen dut nire burua. Izan ere, harrezkero, herriarentzat gauza gutxi egin dut: kontzerturen bat eman, pare bat Patana Fest antolatu eta ezer gutxi gehiago. Horrek batzuetan amorratu egiten nau, gero herrian mugimendu sozial eta kultural gutxi dugulako kexatzen lehena bainaiz.

Autokritika honek beti berdinera eramaten nau, lagun baten ondoan esaldi bera errepikatzera: datorren urtean prestatu eta animatu egingo gaituk (kobaz koba, Patana Fest, Akuako bira…)!

Beraz, ekin diezaiogun! Enbido honen bitartez, erronka bat luzatzera nator bai nire txikitako trikiti-laukoteari eta, nola ez, baita gure maisuak izandako Munatxo eta Joseba Illarramendi bikote letalari ere: aurten gabon abesbatzan parte hartuko al dugu? Niregatik bai!

Bide batez, enbidoa nire trikitiko maisu eta eredu izan den Jon Munatxori luzatzen diot: non gelditu da LTT-ko baten barruko sua? Denborak su hori itzali egiten al du? Edo betirako piztuta dirau?

Alejo Orbegozo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide