Albisteak

[ENBIDOA] Zestoa gure etorkizuna

Gure erizaina den Ione Miren Gartziarenak enbidoa bidali ondoren, nik, Jexux Marik lerro hauen bidez hemen Gisasolan bizi garen, Roberto, Jexux, Gorka eta ni neu, elkarrizketan izan ondoren bertan bizi garen gainontzeko lagunen ordezkari gisa zure galderari erantzuten saiatuko naiz. Hemen bizi garen ia gehienak ez genuen uste etorkizunak Gisasolan bizitzeko aukera aurkeztuko zigunik, baina unea iristean eta bertara etortzera eskaini zitzaigunean baiezkoa azaldu genuen, gure eguneroko errealitatea une haietan oso gogorra baitzen, bakoitza bere egoera pertsonalean geundelarik, eta nolabait erabaki honek gure egunerokotasuneko sufrimendu maila arintzen lagunduko zigun itxaropenarekin.

Lehen asteak gogorrak egin zitzaizkigun, batzuei gehiago besteei baino. Jexux eta Roberto berehala etxekotu zinen, lehen egunetik baitzekiten beraientzat etxe ona izan zitekeela, eta ez dute pentsatu ere egin nahi beste leku batera joaterik, hemen oso pozik bizi direla diote. Gorkak ere oso gustura dagoela dio, bere lan txikiekin, maitasunez eta batez ere lagunez inguratua. Nire kasuan, etxea faltan botatzen dudala ezin ukatu, baina Gisasolan dudan laguntasuna eta babesak etxean bezala sentiarazten nau.

Elkarrizketan denok aipatzen dugu jasotzen dugun tratua oso ona dela, lan taldetik batez ere. Oso goxoak dira denak, eta pazientzi asko dute hemen bizi diren pertsona guztien beharren aurrean profesionaltasun maila handia azalduz egunero. Zestoa herri ederra da bizitzeko, jende jatorrez inguratuak gaude, laguntasun handikoa, mendi inguru ederra, animaliak edonon, hegaztiak bereziki… askatasuna arnasten da eta bakea inguru honetan. Arratsaldeak pasatzen ditugu ehizari buruz hitz eginez, laurok gustuko dugun afizioa baita, eta gai honi esker lagun bikaina ere egin dugu, Aranetako gure Joseba Odriozola oraindik eta famatuago egingo dena bere jatetxera munduko sukaldari onena jaten izan ondoren… zer diozu Joseba? Nola izan zen Cristina Pedroche eta David Muñoz zure jatetxean izan zireneko eguna?

Jexux Mari Bereziartua Beristain




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide