Albisteak
Energia komunitateen inguruko hitzaldia eskainiko dute hilaren 22an Aizarnan
— 2022-02-20Prezioen igoera dela, lehengaien eskasia dela edota eragiten dituen berotegi efektuko isuriak direla, energiaren sektorea gero eta zeresan handiagoa ematen ari da azken aldian. Horri erantzuteko asmoz, eta bertan bertako ikuspegiarekin, herritarrak ahalduntzeko nahiz konponbidearen parte bilakatzeko tresna gisa proposatzen diren energia komunitateak indarra hartzen ari dira han eta hemen.
Bide horretan, Zestoako Udalak herri mailako energia berriztagarrien komunitate bat abiatzeko asmoa du, Goiener kooperatibaren bidelaguntzarekin. Bide horretan, ekimena abiatzeko lehen batzarra egingo dute martxoaren 10ean, arratsaldeko 18:30ean Alonderoko aretoan. Komunitateak berak erabakiko du zer jarduera gauzatu edota zer lanketa egin energiaren inguruan, izan bertako energia ekoiztu eta kontsumitzearekin lotuta, eraginkortasun energetikoarekin, edota energiaren erabilerarekin esaterako.
Lehen batzar horren aurretik, energia berriztagarrien komunitateak zer diren eta haien nondik norakoak azaltzeko hitzaldia antolatu dute, iazko azaroan Alonderon egin zenaren bide beretik. Datorren asteartean, otsailak 22, izango da hitzaldia, arratsaldeko 19:00etan, Aizarnako Herri Elkartean. Antolatzaileek azaldu dute gaiaren inguruan interesa duen oro ongi egorria izango dela hitzaldian parte hartzera, bai eta aurrerago egingo diren batzar eta saioetara ere, Zestoa eta bertako herritarrak trantsizio energetikoaren bidean jartzeko asmoarekin.
Egin zaitez bazkide