Erantzutera nator

Gaurkoan Aimarrek atzo idatzitako iritzi artikuluan Mugimendu Sozialistaz (MS) esan zituenei erantzutera nator, ez baita gazte sozialiston aurkako iritzia sortzeko difamazio saiakera ematen den lehen aldia; beraz, MSko kide bezala zenbait puntu eztabaidatu beharra daudela uste dut.

Izan ere, Aimarri, astunak, nekagarriak eta anakronikoak zaizkio Mugimendu Sozialistaren erretorikak; eta sinesgaitza gure proposamen politikoa. Hizkuntzaren adierazmenean, maiz esaten da adjektiboek gainontzeko kontakizunaren bete-lana egiteko balio dutela. Beharbada, Aimarrek kritika politiko bat baino, nahiago izan baitu MSrekiko nahaspila sortu. Ez nau ni joku horretan harrapatuko.

Testuan dio Gazte Asanbladak MSren ildoa elikatzen duela: pasa ditugunak pasata, gezurra dirudi eztabaida hauetan erortzea berriz. Gazte Asanbladak ildo politiko bat edo bestea elikatzea ZGAn bertan dauden militanteek erabakitzen dute, eta, zuk, Aimar, hori oso ondo dakizu.. Eta eztabaida desbideratzeko saiakera horren aurrean, Jokinek ateratako artikulua bera irakurtzea gomendatzen dizut, edo zuzenean, herriko alkateari MSren pankarta bere bulegoko zein kajoitan gorde zuen galdetzea, edo udal-langileei, esplizituki, ZGAren pankartak kentzeko agindua nondik etorri zitzaien galdetzea.

Azaroaren 30eko grebari dagokionez, greba orokorra dela esatea ahaztu zaio. Izan ere, inork ez dezala pentsa norbere burua herritar guztien ordezkari izendatzea greba bat deituta de facto, halako aitortzarik egin ez bazaio. Itaiak urte osoan zehar emakume langileen aldeko lan politikoa egiten du, eta norbaitek zilegitasuna badauka greba orokor honetarako lan egiteko eragile hori da. Emakume askorekin, tartean sektore zaurgarriekin, lanketa politikoa egiten ari dira gutxienez azken 4 urtetan, baita norbanakoekin bai esparru ezberdinetan ere, langileak ez baitaude lantegietan bakarrik, zuk hala uste baduzu ere. Errespetu falta ikaragarria iruditzen zait egiten ari diren lan guztia horrela mespretxatzea.

Bukatzeko, argi dago MSk mugimendu gaztea izanagatik, oraindik bide luzea daukala egiteko. Baina, argi: gaur egun, ez zaudete nazioarteko harremanez besteoi irakaspenak emateko, Europar Batasunaren zutabe diren alderdi politikoak babesten ari zaretelako, besteak beste.
Eta denborak zerbait esan du dagoeneko: zuk eta ezker abertzaleak hartu duzuen bidea. Bide horretan, uste dut herriko gaztetxe berriari eta Itaiaren apustu politikoari, behintzat, ez diezuela ezer onik opa, zuen hitzetan, mundu libre baten alde lanean zabiltzaten arren.

Beste bat arte.

Aitor Arsuaga Ugarte




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide