Albisteak
[ELKARRIZKETA] Txiki Agirre “Keixeta”: ‘Eremu honetan, ekintza kulturalak biltzen joango gara, sukaldeko lapikoan gertatzen den bezala’
— 2021-11-06Arroabean egin zuen lehen erakusketa Txiki Agirre Keixeta (Arroabea, 1963) margolari eta eskultoreak, 18 urte zituenean. Narkis Balentziaga pintorearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira, erakusketa berezi bat antolatu zuten, eta ondoko aretoan erakutsi zituen Agirrek bere lanak. Ikasketa teknikoak egin zituen, baina artearen munduari lotuta egon da beti. Zumaian bizi da azken 25 urteotan, baina bere burua beti arroartzat definitzen du: “Nongoa naizen galdetzen didatenean, arroarra naizela esaten dut beti”.
Zarautz eta Zumaia artean mugitzen da. Bi herri horietan banatuta dauka bere estudioa, beti itsasotik gertu. Bere eguneroko lana abstraktua dela dio, eta lan horien islan beti labarra ikusten da. Keixetaren etxea labarra da, eta paisaia, itsasbazterra. Zarautz eta Zumaia artean kokatu du bere azken proiektua, Askizu auzoan, itsasoa aurrean duela.
Proiektu berri bat hasi duzu Askizun. Zertan datza?
Nire estudioa bisitatzeko proposamenak askotan izaten ditut, baina ez da posible izaten, ez du horretarako aukerarik ematen. Nire lanak erakusteko toki bat behar nuen. Gutxienez, urtean bi edo hiru erakusketa egiten ditut areto edo galerietan. Bi eremu horien arteko zerbait egin nahi nuen, lagun edo interesa duen jendearentzat.
Orain, aukera suertatu zaigu, eta etxe bat hartu dugu Askizun, IAL Software Engineering SA enpresarekin batera. Enpresa horrek mezenas lana egiten du, arte mailako mezenas baten lana. Bion arteko kontua da, enpresa eta nire artekoa. Hemen, nire lanak erakutsiko ditugu, erakusketa iraunkorra izango da. Ez da erakusketa areto bat, kultura ekoizpeneko gune bat da. Beti izan dugu horrelako zerbait egitearen ideia, eta aukera hau parean tokatu da. Aurrera begirako zerbait da, amaiera gabeko zerbait. Inolako laguntzarik gabe egindako kontua da, bion artean, enpresa eta nire artean eta zerbait irekia izatea da gure nahia.
Areto bat baino gehiago da orduan, ezta?
Eremu honetan, ekintza kulturalak biltzen joango gara, sukaldeko lapikoan gertatzen den bezala: osagaiak botatzen joaten zara, eta, azkenean, lortzen duzu ekoizpena edo produkzioa; ba hemen gauza bera. Denbora pasa ahala edukiak gehitzen joango gara. Erakusketa hasiera soilik da. Liburuen aurkezpenak, bertso saio txikiak edo hitzaldiak egiteko asmoa dugu. Nire lana hemen dago, baina asmoa da hiru edo lau hilabetetik behin aldatzea. Egiten ari naizen hori aurkezteko modu bat da.
Noiz erabaki zenuten proiektua martxan jartzea?
Betidanik izan dugu buruan ideia hau. Tokia ikusi genuenean izan zen momentua: hauxe da gurea. COVIDak asko eragin duela iruditzen zait. Iruñerrian erakusketa bat egin nuen udaberrian, eta hilabete erdiz egon zen irekita. Neurri murriztaileak zirela eta, Gipuzkoatik 10 eguneko aukera soilik izan zen hara joateko. Inguruan bizi zirenak joan ziren. Iparraldean ere egin nuen beste erakusketa bat. Hiru hilabetez egon behar zuen zabalik, eta hamabost egunetan bakarrik ireki zuten. Gauza horiek gertatu dira, eta proiektu berri honek askatasuna ematen du. COVIDak gauza asko eragin ditu, eta proiektu honen ardura COVIDak ere badu.
Zer ikus daiteke orain?
Orain, azken hiru-lau urtetako errepresentazio bat ikus daiteke. Diziplina ezberdinak bildu ditut. Diziplina anitzeko eremua izatea da gure nahia. Hiru edo lau hilabetetik behin, dena aldatuko dugu. Azken lanak egongo dira ikusgai. Gaur etor zaitezke, eta hiru hilabetera zerbait berria ikusteko aukera izango duzu. Itzultzeko gogo hori piztea da gure nahia.
Etxearen behealdean daude ikusgai zure lanak, baina kanpoaldean ere zeramika batzuk daude.
Barruan eta kanpoan batuko ditugu ekintza kulturalak. Kanpoan eremu zabala dugu. Zeramikaz egindako pago motzak ditugu orain kanpoaldean ikusgai. Alkizan egin nituen: Sormenaren Kabia beka eman zidaten, eta haizea, lurra eta airea ardatz hartuta osatu nituen pieza horiek. Kanpoaldea denborarekin joango da forma hartzen, eta bertako elementuak betirako hor gelditzea da asmoa.
Zeramikako eskolak ere ematen dituzu.
Zumaian eta Deban ematen ditut klaseak. Bi multzotan bana daitezke nire ikasleak: jubilatuak eta gazteak. Gazte gehienak arte ederretan lizentziatuak dira; bere garaian ez zuten zeramika ikasteko aukerarik izan eta orain nigana etortzen dira ikastera.
COVIDak eragin handia izan du artearen munduan.
Bai, lehen ere egur hartuta zegoen sektorea, eta, orain, are eta gehiago. Laguntzak beti toki batzuetara bideratzen dira; guri ez zaizkigu iristen. Geroz eta zailagoa da eremu publikoak lortzea, eta asko COVIDaren kontuarekin itxi egin dira. Horrez gain, eremu publikoek irizpide subjektiboa dute, eta gure proiektua horren alternatiba ere bada. Eremu zabalago bat probokatu dugu, gure irizpidearekin.
Zuen sektorea “egurtuta” dagoela diozu. Zein da Euskal Herri mailako artearen egoera?
Arte estetikoa, hau da, pintura eta eskulturak, oso izorratuta dago. Gazte jendea beste lan batzuetan dabil. Gure lana egitea asko kostatzen da: lana egiteko dirua behar da, eta materiala garestia da. Arte ederrak bukatzen dituzten asko irakaskuntzan sartzen dira. Gaur egun, bestelako produkzioak daude, ikus-entzunezkoetan, adibidez, eta horrek beste bide batzuk irekitzen ditu. Margotzen, ordea, oso gazte gutxi ezagutzen ditut, nolabait esatearren; inor ez, egia esan.
Bizitza osoa daramazu sortzen. Inspirazioa amaitzen al da?
Geldiuneak egoten dira, zalantzak sortzen dira, aurrera egin ezinak. Geldiune baten ondoren, aldaketa sortzen da: geldiuneek sortzen dute aldaketa hori. Serie bat amaitutakoan, hilabete eta erdi inguruko tartea egoten da, gauzak probatzen joaten zara, eta, ondoren, beste obra bat hasten da. Produzitzen ari zaren momentuan goraka zoaz, eta, momentu batean, geldiune bat behar da. Hamabost egun edo astebeteko geldiunea izaten da nire kasuan, behintzat. Egun horiek beste lan batzuk egiteko erabiltzen ditut. Produkzioa ez da soilik obrak egitea, ordenagailu aurrean ere lana egin behar da: kontaktuak egin, galeriekin hitz egin… eta nik geldiune horiek horretarako aprobetxatzen ditut, gustatzen ez zaizkidan gauzak egiteko.
Oharra:
Keixetaren Askizuko kultur ekoizpeneko gunea bisitatu nahi baduzu, hartu aurrez hitzordua 656 73 55 72 telefono zenbakira deituta.
Itsaso Waliño Errasti
Egin zaitez bazkide